Ondare jardunaldiak: Andoaingo gudua ezagutzen

29 iraila, 2020 Iruzkinik ez

Irailaren 20an, igandearekin, Andoaingo gudua herritarrei ezagutzera emateko ibilaldi gidatua izan zen Andoainen, herriko kaleetan barrena. Hiru talde antolatu ziren, gehienez ere hamar lagunekoak, bi euskaraz eta bat gazteleraz, eta Larramendi Bazkuneko boluntarioen eskutik herriko kaleetan barrena 1837ko irailaren 14an gertaturiko guduaren berri zehatza jaso zuten, 600 eta 800 gizon bitarte hil baitziren borroka horietan Andoaingo kaleetan. Gurutze Santuaren zubiaren eta Goikoplazaren artean lau geldialdi egin zuten partaideek eta horietako batean, argazkian ikus litekeen moduan, karlistek eta liberalek zeramatzaten uniformeen berri izan zuten, bidean “topatu” zituzten soldadu batzuei esker.

Ibilaldi horiek Ondareari buruzko Nazioarteko Jardunaldien baitan antolatu dituzte Andoaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Larramendi Bazkunak. Ibilaldi gisa hau elkarrekin antolatzen duten laugarren urtea da.