Erakundea
Sorrera eta helburuak
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 1992ko azaroaren 5ean sortu zen Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo euskaltzale batzuen eskutik, eta sortzez dituen hiru helburu nagusiak honakoak dira:
- Euskara hizkuntza suspertu, osatu eta hedatzea, bere erabileraren erabateko normalkuntzara heldu asmoz.
- Euskal kultura indartu eta arnasberritu eta bere jardunaz zein gainerako kulturekiko harremanaz aberastea.
- Manuel Larramendi euskaltzale eta euskalariak herri baten hizkuntza, izaera eta berezkotasunen alde ahaleginduz utzi zuen kemen, arrazoibide eta senezko lan eta mezuari uztartu eta haren gizabide eta arrazoizko jardun eredugarria jakitera eman eta zabaltzea, hark hasitako ildoari gaur-gerorako zantzua emanaz.
Bi xede nagusi horiek erdiestearren, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bitarteko helburu zehatzago hauek ezarri dizkio bere buruari:
- Gizarte mailako komunikazio erabidean eragitea, euskara hutsezko mota orotako hedabideak –idatzizkoak zein ikusentzunekoak– sortu eta kudeatuz, hala tokiko komunikazioa xede dutenak, nola eskualde, lurralde edo herrialde izaerakoak ere eta edozein komunikazio alor edo atalari dagozkionak.
- Euskararen ezagutza suspertzeko, zabaldu eta trinkotzeko irakaskuntza eta trebakuntza jarduerak antolatu, gauzatu eta kudeatzea.
- Gazte eta helduen aisialdian euskararen erabilera txerta, susper, ziurta eta zabal dezakeen mota orotariko jarduerak antolatzea.
- Euskal Herriaren eta Gipuzkoaren historia eta herrietako tokiko historia euskaraz ikertua eta ezagutzera emana izan dadin jarduera eta ekimenak gauzatu eta antolatzea.
- Euskal literaturaren sorkuntza eta literaturaren euskarazko irakurzaletasuna suspertu eta babesteko ekimen eta jarduerak gauzatu eta kudeatzea.
- Kontsumo ekoizkinen ekoizpen eta salmentan, lan- eta gizarte-zerbitzuen eskaintza eta kudeaketan, eta, oro har, euskal gizarteko lan erabidean euskararen erabilera suspertu eta zabaltzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
- Nazioarteko beste herrialde eta kulturekin elkar ezagutzeko eta laguntzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
- Euskal folklore eta etnografia iraunarazi, suspertu eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea.
- Euskal gizartearen hizkuntza jokabidean eragin nabarmena izanagatik edo jokabide horrentzat eredugarri izan litezkeelako euskara hizpide nagusi izango duten kultur eta gizarte ekintza eta jarduerak gauzatu eta antolatzea.
- Euskal toponimoa berreskuratu, iraunarazi eta ezagutzera ematea.
2004. urtean Larramendi Bazkunaren baitan udalerri biltzar berria sortu zen, Urnietan, eta bertako bazkideek Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra izena eman zioten biltzarrari, gaur egun halaxe ezagutzen delarik elkartea Urnietan.
Nolanahi ere, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna ez da hutsik eskualde edo lurralde mailako elkartea, batez ere Larramendiren erakutsien bidean Euskal Herri mailan eragin nahi duen antolakuntza da eta horri begira jada hainbat ekimen du antolaturik.
Irudi edo logotipoa
Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren logotipoa Xabier Laka eskulturgileak sortu zuen 1992. urtean. Irudiak lauki bat azaltzen du eta bere baitan aurpegia marra batez osatua. Aurpegi horren ezaugarria oso sudur luzea laukia zulatuz kanpora kuku egiten duena. Laukiaren oinean Mlarramendi hitza, “m” eta “l” hori bata bestearekin uztarturik.
Laukia euskal kultura eta munduaren edo bizitzaren euskal ikuspegia adierazten du; aurpegia, berriz, euskalduna da, bere munduan bizi nahi izateaz gain sudurraz bere mundutik kanpo kuku egin beharrean eta nahian bizi dena. Oinean azaltzen diren hitzek Manuel Larramendi berari egiten diote omen, andoaindarrak hitza izan baitzuen bere jardunaren ardatz, lanabes eta bitarteko.
Logotipoa edozein kolore erabiliz molda liteke, baina sortzez bi ditu: laukia urdin iluna da, heraldikan azur deiturikoa, hori baita jatortasun eta gizalegetasunaren kolorea. Aurpegia, berriz, urre kolorekoa, urrea baita giza-nolakotasun jasoenak adierazi ohi dituenak.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren 25. urteurrena dela-eta, logotipoa berritzekotan dira, Xabier Lakaren eskutik baita ere.
MLKB-en logotipoaz gain, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak berak ere badu irudia, Xanti Gorrotxategi bazkideak sorturikoa. Irudia iñistor, iratze edo garo hosto bat da, zurtoinetik burura eskuin aldera abailtzen dena. Kolorea berdea du edo gaztain-arrea. Logotipoaren oinean Iñistorra Biltzarra izena.
MLKB-en logotipoaz gain, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak berak ere badu irudia, Xanti Gorrotxategi bazkideak sorturikoa. Irudia iñistor edo garo hosto bat da, zurtoinetik burura eskuin aldera abailtzen dena. Kolorea berdea du edo gaztain-arrea. Logotipoaren oinean Iñistorra Biltzarra izena.
Akronimoa
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna da bazkun edo elkartearen izen osoa, baina Larramendi Bazkuna da gehien erabili ohi den aldaera, eta bere akronimoa ere badu: MLKB.
Urnietan, esan bezala, Iñistorra da biltzarraren izena.
Lege-idazpenak eta aintzatespenak
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistro Nagusian idazpeturik dago, AS/G/03636/1992 zenbakiarekin.
Bere jardun fiskalerako Espainiako Ogasun Ministerioko jarduera fiskalen erroldan idazpeturik dago eta bertan G-20438073 zenbakia dagokio bere nortasun fiskalari.
Larramendi Bazkuna Herri Onurako elkartea da, Eusko Jaurlaritzak hala izendatua eta aintzatetsia maiatzaren 20ko 105/2003 Dekretuaz..
Egoitzak
Une honetan bi egoitza ditu Larramendi Bazkunak, Andoainen biak:
Egoitza nagusia, Dr. Huizi kaleko 15. zenbakian du, eta bertan kokatzekotan da Garagorri-enea izeneko erakustokia. Hauxe izan zen Larramendi Bazkunaren lehenengo egoitza eta bertan sortu dira bere ekimen nagusiak. 1993. urtean kokatu zen bertan.
Andoainen bigarren egoitza du, Arantzibia izenekoa, izen bereko plazako 4 eta 5 zenbakietako etxabean. Bertan, Rikardo Arregi Aldizkaritegiak du bere egoitza eta Aiurri aldizkariek. Azken hauei dagokienez, bertan kokatzen da Larramendi Bazkunaren jabetzakoa den Erroitz baltzua eta horrek ekoitzi ohi ditu Aiurri izeneko argitalpen guztiak eta Larramendi Bazkunaren beste zenbait ere.
Andoain
Dr. Huizi kalea, 15-1. 20140
943-300-733 / bazkuna@larramendi.org
Arantzibia plaza, 4/5-behea. 20140
943-300-732 / andoain@aiurri.eus
Egitura
MLKB-ren egitura oinarria bazkide guztiek osatzen duten Biltzar Nagusia da, ohiko izaeraz urtean behin biltzen dena, baina aparteko izaeraz dei daitekeena nahi hainbatetan. Biltzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordea osatuko duten kide guztiak izendatzen ditu eta haiengan eskuordetzen bazkuna kudeatzeko eskumenak eta ardura gehienak.
Bigarren maila batean herrietako Udalerri Biltzarrak daude, zeintzuek izen berezia izan dezaketen, Urnietako Iñistorrak bezala, eta horien eginkizuna herrietako bertako antolakuntza osatzea da, jardun-egitaraua onartzea eta biltzarraren ahaldun gisa jardungo duena proposatzea Biltzar Nagusiari.
Zuzendaritza Batzordea
MLKB-ren eguneroko jardunaz arduratzen da eta bi urtez behin berritzen du Biltzar Nagusiak. Sortuz gero hamar Zuzendaritza Batzorde izan ditu Larramendi Bazkunak, nahiz aldaketa oso gutxi gertatu diren batetik bestera.
Zuzendaritza Batzordea lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak, herrietako ahaldunek (zazpi), 111 Akademiaburuak, eta beste mahaikide batzuek osatzen dute.
Ondokoa da indarrean dagoen Zuzendaritza Nagusia:
- Lehendakari: Ane Jalon Zatarain
Lehendakariorde: Arantzazu Urkizu Oiartzabal
Idazkari: Aitor Amutxastegi Santo Tomas
Diruzain: Jon Unanue López
Andoaingo ahaldun: Ariane Obineta Gorostidi
Andoaingo ahaldunorde: Ane Iartza Ansa
Amasa-Villabonako ahaldun: Arantzazu Urkizu Oiartzabal
Urnietako ahaldun: Rosa Elosegi Beloki
Zizurkilgo ahaldun: Joxin Azkue Arrastoa
Asteasuko ahaldun: Mila Iztueta Irarreta
Adunako ahaldun: hutsik
Larraulgo ahaldun: hutsik
111 Akademiaburua: Jon Unanue López
Mahaikide: Jon Ander Ubeda Goikoetxea
Zuzendaritza Batzordetik kanpo, Kultur Bazkuneko langilegoa dago, zeina une honetan hiru lagunek osatzen baitute:
-
Zuzendaria: Jon Unanue López
Teknikari eragilea: Amaia Goikoetxea Orbegozo
Idazkari teknikoa: Jon Mujika Odriozola
Rikardo Arregi Aldizkaritegiko arduraduna: Irune Alfonso Eizagirre
Zuzendariak Zuzendaritza Batzordean esku hartzen du, hizpidez baina hautespidera jotzeko aukerarik gabe.
Ohorezko lehendakaria: Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bere bazkide, babesle eta laguntzaileei begira duen izendapen saria da, eskaintzen duen gorena Bazkunarekin lotura dutenei. Oso merezimendu bereziak eta gorenak biltzen ditu beregan ohorezko lehendakari izendatuak. Sortuz geroztik bi lagun izendatu ditu ohorezko lehendakari Bazkunak:
Martin Ugalde Orradre (Andoain, 1921- Hondarribia, 2004)
Mari Juli Azkue Arrastoa ( Asteasu, 1967-2014)
Jarduteko eremua
Bere jarduera eremua hirutan banatua du Larramendi Bazkunak, bere araudiaren arabera Euskal Herria baita jardun-eremu nagusia:
Beterri
Beterri eskualdea, zeinean bereizten dituen Beterri-Aiztondoko aldea eta Beterri-Buruntza. Beterri-Aiztondon, Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraul udalerriak biltzen ditu, hain zuzen ere Beterriren muga den Ernio mendiaren magaletik Andoainera bitarteko herriak (Aiztondo eta Aitzondo). Beterri-Buruntzan, berriz, Andoain eta Urnieta udalerriak biltzen ditu. Hemen ere Andoain? –galdetuko diozu zeure buruari–: bai, Andoainek bi alde horietarako joera banatua izan baitu, Aiztondo aldera baina baita Urnieta edo Buruntza aldeko beste herrietara ere. Beterri eskualdean bere jarduerak bitara antolatu ohi ditu Larramendi Bazkunak: eskualde osoari zuzendutako ekimenak antolatuz –Aiurri argitalpenak, esate baterako, edo herriz herriz, herri bakoitzean ekimen berariazkoak antolatuz: Andoaingo gudua, Lumane argitalpena Amasa-Villabonan, Lekukotzak argitalpena, etab.
Gipuzkoa
Gipuzkoa osoari begira badu ekimenik Larramendi Bazkunak: Garagorri-enea izeneko ekimena, esate baterako, Euskal Herri mailakoa den arren, eragiletza berezia izan nahi du Gipuzkoako herrietan. Beste horrenbeste esan behar da Gure amaren etxea nazioarteko ekimenari dagokionez, atxikimendu berezia beharko luke izan Gipuzkoarekin.
Euskal Herria
Euskal Herri osoari begira gauzatu dituen edo gauzatze bidean dituen ekimenak ere badira, eta ez gutxi. Ezagunena, agian, 111 Akademia izenekoa da –ikus www.111akademia.eus–, baina hor ditu ere Manuel Larramendi Ikerketa Saria, Rikardo Arregi Aldizkaritegia, Gure Amaren Etxea izenekoa edo Garagorri-enea deiturikoa.