111 Akademia

Ekimena amaitutzat eman genuen 2025eko ekainean. Jarraian, 111 Akademiaren azalpen historikoa duzu


EUSKAL LITERATURAZALEEN 111 AKADEMIA

 111 AKADEMIAREN IBILBIDEA

Sorrera

1996. urteko udazkenean sortu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 111 Akademia, ez ordea izen horrekin: hasiera hartan Gipuzkoako Beterriko eskualdera mugatu zuen bere ekimena eta Beterriko Liburua izenarekin sortu zuen, baina irismenaz eta egitasmoaren hedapenaz gain, bai ordukoak –Beterriko Liburuak– bai ondorengoak –111 Akademiak– ezaugarri berberak izan zituzten egitasmoak bizirik iraun zuen 29 urteetan zehar.

Euskal Literaturazaleen 111 Akademia –izen osoa horixe baitzuen–, literatura euskaraz irakurri eta gozatzen zuten irakurle eta literaturazaleen arteko ekimena zen. Helburu nagusia, euskarazko literaturan, izan euskaraz idatzian zein euskarara itzulian,  irakurleei protagonismoa, eragiletza ematea zen, irakurle huts izatetik areago iritzia eman eta dinamika jakin bat hezurmamitzeko lan-egitarau jakin bati eustea. Horretarako, irakurleen arteko sarea sortu eta bere lehenengo ekimena martxan jarri zuen: irakurleek ebatzitako literatura saria, lehenengo urte haietan Beterriko Liburua izenaz ezagutu zena.

Lehenengo urtean, 1996. urteari zegokion hartan, Beterri osoko 75 literaturazalek esku hartu zuen ekimenean, 1996. urtean argitara emandako literatura uztaren gainean bere iritzia eman eta saria hautatuz. Beterriko Liburua 1996 saria (orain 111 Akademia 1996) Joxean Agirreren Elgeta eleberriak irabazi zuen. Sari-banaketa Zizurkilen antolatu zuen Larramendi Bazkunak eta hura izan zen ekimenaren aurkezpen publikoa.

Literatur saria

Geroztik, urtero-urtero, literatura saria antolatu du, eginbide honi jarraituz: urtean zehar herrialde guztietako akademiakideek webgunearen edo posta elektronikoaren bidez liburuak irakurri ondorengo euren iritzi eta iruzkinak bidaltzen zizkioten Akademiako arduradunari eta horrek argitara ematen zituen, webguneko atalean bertan edo literatura aldizkarian. Batez ere webgunearen bitartez akademiakideek elkarren iritzien berri izaten zuten. Urtea hastearekin, urtarrilean, akademiak martxan jartzen zuen amaitu berri zen urtean argitara emandako liburuen gaineko bozketa txanda. Denetara, hiru bozketa ziren: urtarril-otsail bitarteko lehenengo horretan akademiakideek aurreko urtean argitara emandako edozein libururi eman ziezaiokeen botoa. Botorik gehien jasotzen zuten bost obrek aurrera egiten zuten, bigarren txandara, eta beste hilabete eta erdiz akademiakideek libururik irakurtzeko aukera zuten –bost horietako libururen bat irakurri gabe baldin bazuten–, ondoren bigarren txandako bozketa egiteko. Bigarren txandan boto gehien jasotako bi obrak hirugarren txandara igarotzen ziren eta, horrenbestez, beste hilabete inguruko aukera zuten liburuak irakurri ala berrirakurri eta azken botoa emateko. Bien arteko bat saritu izango baitzen. Ia urtero apirilaren 23rako Akademiak sarituaren berri emateko aukera zuen eta sari-banaketa ekainaren hasieran egiten zen, azken urteetan Amasa-Villabonako Hika txakolindegian… Hain zuzen ere, bere azken ekintza 2026ko ekainaren 5ean Miren Amurizari 2024. urteko 111 Akademiaren Saria ematea izan zen, Pleibak obragatik, Amasa-Villabonako HIKA txakolindegian egin zutena akademiaren ordezkariek.

Akademiak beti azpimarratu nahi izan du “urteko libururik gogokoena” izendatzen zuela. Hori izan da 111 Akademiak urtero-urtero gogorarazi nahi izan duen ezaugarria eta irizpidea: berak izendaturikoa “libururik gogokoena” zela, akademiakide guztien artean hautaturikoa baitzen.

Zabalkundea

111 Akademiak irakurle eta literaturazale sare zabala osatu du urte hauetan guztietan Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena. 2008. Urtean, behar beste hedatu ondoren Euskal Herriko herrialdeetan, akademiari Euskal Literaturazaleen 111 Akademia izena eman zion. Ordurako, guztiz erabilgarri gertatzen zen internet sarea eta webgunea eta atzean utzita zituen akademiak lehenengo urteetako paper eta kartazal bidezko akademiakideen bidalketak. Ordukoak dira ere aldundi eta Eusko Jaurlaritzarengandik laguntza berriak jasotzeko lehenengo saioak, gehienek huts egindakoak, 2009. urtean Patxi Baztarrika eta Jose Antonio Rodriguez Ranzen ardurapeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik jasotako dirulaguntza izan ezik, 111 Akademiak bere egoitza Andoainen izan zezan.

Gainera, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak esker on berezia adierazi nahi dio sortzez gero urtero-urtero udalerri gisa zegokion dirulaguntza baino askoz handiagoa eman dion Andoaingo Udalari, bereziki laguntza horren bizkar egin ahal izan baitu, baldintza estuetan bada ere, 29 urteko bide luzea.

111 Akademiak bi buru izan ditu 29 urte horietan: 1996tik 2014. urtera bitartean, Eloi Egibar Sudupe azkoitiarra izan zuen buru eta 2014tik 2025ean amaitzeko ordura bitartean, Jon Unanue López donostiarra. Akademiaburuaz gain, eragile nagusia teknikari arduraduna izan da. Bi izan ditu 111 Akademiak 29 urtetan: Ainhoa Arotzena Gabirondo billabonatarra 1996tik 1999era bitartean eta, urte hauetako guztietako eragile nagusi eta taupada eman diona akademiari, Amaia Goikoetxea Orbegozo alegiarra, 1999. urtetik 2024. urtera bitartean.

Bere jardunari utzi zion garaian 218 akademiakide zituen zazpi euskal lurraldeetan barreiaturik, horietako asko Gipuzkoan eta Bizkaian.

Webgunea, aldizkaria, beste ekimenak

111 Akademiaren webgunea izan zen 218 akademiakide horiekiko harremana egin, sustatu eta haien irakurketei buruzko iritziak ezagutzeko tresna nagusia. Izan ere, akademiakideek urte osoan zehar erabili dute webgunea egindako irakurketen gaineko iritzia ezagutzera emateko. Ez horretarako bakarrik: webgunea euskal literaturari buruzko puntako hedabide eta informazio iturri izan da urte hauetan guztietan.

Webgunea eta sariaz gain, 111 Akademiak beste ekimen batzuk burutu ditu 29 urte hauetan: Kilkerren soka izeneko liburu aurkezpen egitaraua; argitara emandako liburuei buruzko Literatura pilulak (bideo laburrak gizarte sareetan zabaldu direnak); hainbat literatura taldeen gidaritza eta, azkenik, literatura aldizkaria, lehenik Beterriko Liburua izenarekin (56 zenbaki argitara emanda) eta, ondoren, 111 aldizkaria, urtean lau zenbaki argitara eman eta bere 30. zenbakia –azkena–, 2024ko abenduan argitaratu zuena.

Beste hainbestekoa da gauzatu ezinik utzi behar izan duen egitasmo kopurua: irakurketa aholkularitza zerbitzua akademiakideen iruzkinen bidez; gazte eta helduei zuzenduriko literatura txangoak eta, azken urteetan esku artean ibili duena: akademiakide agiria eskuratzeko egitaraua. Azken egitasmo hauek gauzatu ezinak arrazoi bakarra izan du: ekonomikoa; behar beste dirubiderik lortu ez izana egitasmoa garatzeko.

Zaputzaldia eta amaiera

Ekonomikoa izan zen 111 Akademiari amaiera emateko arrazoia. Izan ere, urteetan arrastaka eraman zuen ekimena Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, behar beste dirubide ez baitzuen lortzen. 111 Akademiak urtero gutxien-gutxienean behar zuen aurrekontua berdintzeko zazpi dirulaguntza publiko ezberdinetara jo behar zuen, zazpietan aurkeztu eta zazpietan diru-kontuak kitatu. Horrek eragiten zuen lan-zamak oztopatu egiten zuen, zinez, Akademiaren beraren jarduerak behar bezala burutzea.

29 urte horietan ez du lortu, ordea, MLKBak diru-iturri sendorik bere egitasmoa behar beste garatu ahal izateko. Ez da ahaleginaren faltan izan, hainbat erakundetara jo baitu urte horietan guztietan, baina alferrik. Azken ahalegina 2025ean egin zuen, itxiera erabaki aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari idatzia zuzendu baitzion, bitan, laguntza eskatuz. Idatzi horrek ez zuen erantzunik izan. Alferrikakoak izan ziren laguntza eskaerak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietan.

Beraz, azkenik bidera ezina gertatu da egitasmoa eta 29 urte horietan buruturiko ibilbideari oso eraginkor eta egoki iritzi arren, amaiera ematea erabaki zuen. Esan bezala, 2024ko abenduan argitaratu zuen 111 aldizkariaren 30. zenbakia, azkena, eta ekainean Miren Amurizari eman zion akademiakideek bere botoez ebatzitako azken saria, 2024koa, PLEIBAK eleberriagatik.

29 urteko ibilbidean, honakoak dira 111 Akademiaren Saria jaso duten literatura lanak:

1996………. ELGETA…………………………………………………. Joxean Agirre……………………. Kutxa
1997………. GAUAK ETA HIRIAK………………………………….. Ur Apalategi……………………… Elkar
1998………. NIK ERE GERMINAL! EGIN GURA NUEN ALDARRI……. Koldo Izagirre…………………….. Susa
1999………. ETA SUGEAK EMAKUMEARI ESAN ZION……………… Lourdes Oñederra………………. Erein
2000………. GORDE NAZAZU LURPEAN…………………………. Ramon Saizarbitoria……………. Erein
2001………. LAGUN IZOZTUA……………………………………… Joseba Sarrionandia……………. Elkar
2002………. ZORION PERFEKTUA………………………………… Anjel Lertxundi………….. Alberdania
2003………. SOINUJOLEAREN SEMEA…………………………….. Bernardo Atxaga…………….. Pamiela
2004………. GAUZA TXIKIEN LIBURUA………………………….. Pako Aristi………………………… Erein
2005………. HAUTS BIHURTU ZINETEN………………………….. Juan K. Igerabide……….. Alberdania
2006………. AMAREN ESKUAK…………………………………….. Karmele Jaio……………………… Elkar
2007………. ANTZARAREN BIDEA…………………………………. Jokin Muñoz……………… Alberdania
2008………. ZOAZ INFERNURA LAZTANA……………………….. Anjel Lertxundi………………….. Erein
2009………. NORA EZ DAKIZUN HORI……………………………. Irati Jimenez……………………… Elkar
2010………. FIKZIOAREN IZTERRAK……………………………… Ur Apalategi……………………….. Susa
2011………. TWIST……………………………………………………. Harkaitz Cano……………………. Elkar
2012………. MARTUTENE…………………………………………… Ramon Saizarbitoria……………. Erein
2013………. KRISTALEZKO BEGI BAT…………………………. Miren Agur Meabe………………. Susa
2014………. SU ZELAIAK…………………………………………….. Mikel Peruarena………………….. Susa
2015………. ATERTU ARTE ITXARON……………………………… Katixa Agirre…………………….. Elkar
2016………. ELKARREKIN ESNATZEKO ORDUA……………….. Kirmen Uribe……………………… Susa
2017………. JENISJOPLIN……………………………………………. Uxue Alberdi………………………. Susa
2018………. FAKIRRAREN AHOTSA……………………………….. Harkaitz Cano…………………….. Susa
2019………. AITAREN ETXEA………………………………………. Karmele Jaio……………………… Elkar
2020………. ARGIANTZA…………………………………………….. Pello Lizarralde………………….. Erein
2021………. ERAIKUNTZARAKO MATERIALA…………………… Eider Rodriguez………………….. Susa
2022………. AZKEN ETXEA…………………………………………. Arantxa Urretabizkaia…………. Erein
2023………. BICHTA EDER………………………………………… Eneko Bidegain…………………. Elkar
2024………. PLEIBAK………………………………………………… Miren Amuriza……………………. Susa

29 urte horietan, Ur Apalategik, Ramon Saizarbitoriak, Anjel Lertxundik, Karmele Jaiok eta Harkaitz Canok bi txandatan irabazi zuten saria.

Hauek izan ziren Jon Unanue akademiaburuak azken sari-banaketa ekitaldira bertaratu zirenei zuzendu zizkien agur hitzak:

29 urtez antolatu du Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak bere izena daraman sari hau. Dakizuenez, aurreneko urteetan Beterriko Liburua izenaz ezagutu genuen, 2008. urtean Akademia eta bere ekimenak Euskal Herri osora zabaldu genituen arte. Geroztik 111 Akademia izan da: 100, zenbaki mugatua, ugaria, sendoa, handitasuna adierazten duena, sasoi zailetarako prestutasun sendoa azaltzen zuena, eta 11, euskaldunon hamaika mugagabe hori, hamaika aukera zabaltzen diguna hamaika gauza pentsatu eta egiteko. 100 mugatua + 11 mugagabea = 111 Akademia.

29 urtez euskal  literaturazaleen erkidegoa osatzeko ahalegina egin dugu eta, horretarako, sari honetaz gain, beste hamaika ekimen jarri dugu martxan, beste hamaika proposamen mahai gainean, hamaika proposamen gauzatu ezin izan duguna, zoritxarrez. 218 akademiakide izatera iritsi gara, akademiakide horiek milaka iritzi jarri dute gure esku euskaraz egindako literaturaren gainean, 29 urtez eman dute bere botoa argitaraturiko eta irakurritakoen artetik zein gertatu zaien gustukoen galdetu diegunean eta literatur aldizkaria eraman dugu plazara…

29 urteko ekinaldi hau, eskarmentu handia irabaztekoa izan da, lanaldi zirraragarri eta, askotan, zoragarria, egungo euskal literatura bere erraietan hein handi batean ezagutzeaz gain, euskarazko irakurzaletasunaren arazoez jabetzeko aitzin-aitzinako behatokia eskaini diguna. Sortzaile ugarirekin txolarte ahaztezinak partekatzeko aukera ere izan dugu. Baina, aldiz, egitasmoa ekonomikoki hornitzeko garaian 29 urteko bide hori benetako gurutze bidea izan da, behin eta berriro kinka larrian jarri gaituena, indarrak ahituta eta gure asmoak behar bezala garatu eta aurreratu ezinik…Iazko sari-banaketan aurreratu genuen, gogoan izango duzue askok, babesle eskuzabalen bat inguratu ezean zaila gertatuko zela aurrera egitea…

Babesle eskuzabal horren beso edo magalik ez da azaldu. Aurreko udazkenean Akademiaren eragile lanpostua hutsik gelditu zen; ez dugu lortu ordezkorik aurrera egiteko eta, bertan zaudeten akademiakideek ondo dakizuen bezala, udazkenaz gero gure webgunea ere bertan behera gelditu zen, gure aldizkaria bere 30. zenbakia argitaratzearekin batera bertan behera gelditu den bezala.

Gaurkoa izango da 111 Akademiaren Saria azkenekoz emango dugun eguna eta 2024.a azken urtea: 1996ean Joxean Agirreren Elgeta obra sarituz hasi ginen eta 2024. urtean amaituko dugu Miren Amurizaren Pleibak obra saritzen. 29 urte benetan bizi, trinko eta zirraragarri euskal literaturaren sorkuntzari dagokionez, inoizko kalitate mailarik gorenera iritsi garelako. Horren lekuko dira 29 urte horietan sariturikoak eta sariaren ingurumarian ibilitako asko eta asko.

Azkenik, bere esker on zinezkoena adierazi zien urte hauetan guztietan Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena lankide izan dituen akademiakide guztiei.

Nolanahi ere, jarraian dituzu 2013-2017 urte bitartean saritutako obrak eta egileak.

2017: Uxue Alberdi

2016: Kirmen Uribe

2015: Katixa Agirre

2014: Mikel Peruarena Ansa

2013: Miren Agur Meabe