Bizitza

Manuel Garagorri eta Larramendi Andoainen jaio zen 1690. urteko abenduaren 25ean, Leizotz auzoko Garagorri baserrian. Aita, Domingo Garagorri andoaindarra zuen eta ama, berriz, Manuela Larramendi hernaniarra.

Baserri bat aurrean bi belar meta dituela

Garagorri baserria

Haurtzaroa Andoain, Hernani eta Bilbon

Manuel haurra zela aita hil eta familia oso egoera ekonomiko estuan utzi zuen. Izan ere, aita bizi zela zor handitan sartua zen, herriko neska gazte batekin izandako harremanen ondorioz hari ezkontzeko hitza eman eta, gero, hitza bete ez eta Domingo auzibidera eramanez epaiketa galdu egin zuelako. Epaiak dirutan kalteordain handia ezarri zion Domingori eta, gazterik hil ondorenean, zorra bizirik gelditu zen ordurako bost alaba-seme zituen eta seigarrenaren zain zegoen Manuela Larramendirentzat. Manuelak ezin izan zion aurre egin egoera horri eta Garagorri baserria errentapetu egin behar izan zuen dirua eskuratu eta kalteordainari aurre egin ahal izateko. Beraz, garagorri-larramenditarrak Garagorri baserria utzi eta Hernanira bildu ziren, amaren jaioterrira, han Manuelak bere sendiaren babesa izango baitzuen. Manuelek 4 bat urte izango zituen (1694).

Manuel mutikoa, beraz, Hernanin koskortu zen, osaba zuen Miner josulagunak hamar bat urte zituela Bilbora eraman zuen arte Josulagunen ikastetxera, bertan morroi edo laguntzaile lanetan hasi eta Lagundian gera zedin (1700 aldera). Manuel oso haur bizkorra zen ordea, eta laster antzeman zioten Bilboko josulagunek ikasteko dohain handiak zeuzkala. Beraz, gramatikako eskoletan gailen geldituz lortu zuen jesuitek ikasketa nagusien bidean jar zezaten, bai, baina mezamutil lanei eta beste hamaikari Bilboko Lagundiaren barruan kale egin gabe. Gazteleraren eta Latinaren gramatika ikasten eta osaba Minerrekin batera morroi eta laguntzaile lanetan bospasei urte egin zuen Bilbon, hamazazpi zituela Gaztelara nobiziatua egitera bidali zuten arte. Ordurako erabakita zuen aitaren abizenari, Garagorriri, muzin egin eta amarena, Larramendi, erabiltzea aurrerantzean. Toki bakar batean deituko zioten –eta berak bere buruari deituko zion– Aita Garagorri: Andoainen bertan.

Josulagun Gaztelan

Ikus dezagun jarraian, Larramendik Gaztelan barrena urtetan egindako ibilbidea laburturik. Lehenik ikasle bezala eta, apaiztu ondoren, irakasle eta jesuita gisa. Hor tartekatuko dugu ere euskarari eta jaioterriari egin zion atxikimenduari dagokion lehenengo “egutegia”.

  • 1707-1710.- Villagarcía de Campos (Valladolid) herriko nobiziatu handian ikasketak egin zituen, baita azken urtean gramatikako eskolak eman ere hasiberriei.

    Villagarcíako eliza

  • 1710-1713.- Medina del Campo (Valladolid) herrian Filosofia ikasketak.
    Medina del Campo

    Medina del Campo

  • 1713-1717.- Salamancan Teologia ikasi eta amaitu baino urtebete lehenago (1716) apaiztu egin zen.
    Unibertsitate pontifizioa

    Unibertsitate pontifizioa

  • 1717.- Hernanira egin zuen ikustaldi batean Gipuzkoako Batzar Nagusiek herrian zuten batzarraldiko mezan sermoia egin zuen, gazteleraz. Zuzen-zuzenean ezagutu zituen batzarkideen kezkak eta ezinak, foruen etorkizunari buruzkoak.
  • 1717-1720.- Salamancan, Teologia gaietan eta, bereziki, Filosofian irakasle.
  • 1720-1721.- Valladolideko San Ambrosio ikastetxean. Jesuiten hirugarren probantza egin zuen.
  • 1721-1724.- Palenciako jesuiten ikastetxean Filosofia irakasle. Misioak.
  • 1724-1728.- Salamancan irakasle berriz. Bere ospe eta famak urte horietan jo zuten goia Tormes ibaiak bustiriko hirian:
    (…) Luego entró a Pasante de Teología y Maestro de Artes, en lo que duró tres años, admirado ya de todos. Y tuvo, como es costumbre, sus actos menor y mayor de la Orden en aquella famosa Universidad; pero con tal despejo y aplauso, que hasta hoy dura su fama y es voz común de todos y lo fue, que ni antes ni después, ni en las religiones ni fuera de ellas, no vio la Universidad de Salamanca actuante más agudo y brillante en sus aulas (…).

    Salamancako unibertsitatea

    Salamancako unibertsitatea

  • 1728-1730.- Valladolideko San Ambrosio ikastetxean irakasle, baina maiz deitzen zuten Salamancara. Valladoliden zela argitara eman zituen:
    • 1728.- De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España (Salamanca).
    • 1729.- El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanca).

      (…) Antes del año 1729, en que Larramendi publicó el arte o gramática del vascuence, éste era desconocido a los literatos que de él no tenían más noticias que la vulgar de su existencia y de su notable diferencia o diversidad de las lenguas conocidas. (Hervás y Panduro, 1804)

Baionan

  • 1730-1733.- Mariana de Neoburgo erregina alargunak (Carlos II.arena) bere aitorle izendatu zuen Baionan eta Felipe V. erregeak karguan berretsi zuen.

    Mariana de Neoburgo

  • 1732.- Baionako Mariana de Neoburgo erregina alargunaren gortearen inguruan zurrumurru maltzurrak zabaldu zituen erreginaren ohorearen gainean Antonio de Hoces y Córdoba gorteko administratzaileak eta Sevillako gortean kinka larrian jarri zuten erregina alarguna. Hoces y Córdobak erregina bera eta gortean haren alde tinko egiten zuen hainbat zipriztindu zuen, baita Larramendi ere, zeina mendekuz lur jota utzi nahi izan baitzuen bere alde ez jartzeagatik.

    Baiona

  • 1733.- Larramendik Sevillako Gortera bidaia egin zuen Felipe V.aren aurrean erregina alargunaren ohorea defendatzera. Mariana de Neoburgok ez zuen halakorik nahi, argi egin baitzion ohar: “akabatu egingo zaituzte!”. Baina Larramendi ez zen kikildu, 21 egun behar izan zuen zalgurdian iristeko eta bidean bost txosten luze idatzi zizkion erregeri. Sevillan, arrisku eta gorabehera ugari izan zuen erregerengana iristeko, baina, azkenik, Isabel de Farnesio erreginaren onespena izan zuen eta, horrenbestez, erregina alargunaren ohorea –eta etorkizuna– salbu gelditu ziren. Bidaiaren arrakastagatik, Mariana erregina alargunak sari gisa zernahi eska ziezaiola esan zion Larramendiri, eta honek eskatu zion utz ziezaiola Loiolara joaten, bertako jesuiten etxean bizi eta lan egiteko. Erreginak, atsekabe handiz baina, onartu egin zuen eta Lagundiko buruei idatzi; jesuitek beste aukerarik ez zuten izan Larramendi Loiolara bidaltzea baino.

    Isabel de Farnesio erregina

  • 1734.- Donostian hainbat hilabetez, Loiolara joan aurretik, jesuitek Salamancarako nahi baitzuten Larramendi… Eta Lagundiko buruzagiak gogotik ahalegindu ziren Larramendirekin iritzia aldarazten, garaiko josulagunen arteko bikainenetakoa baitzen eta, jakina, beste lan eta “eragin” batzuetarako nahi zuten. Baina Larramendik ez zuen etsi: ordurako oso garbi zuen bere gogoan Salamancan euskararen eta bere jaioterriaren alde hasitako estrategiari nola eman behar zion jarraipena.“¡¡Soledad quieres, pues soledad tendrás!!” esanez bidali omen zuen probintzia-buruak Loiolara.

    Loiola

Loiolan

1734-1766.- Loiolako Santutegiko etxean izan zuen bizilekua Larramendik hil artean, eta hogeita hamar urteko egonaldi luze horretan bi aldi bereiz litezke, nabarmen:

  • 1734-1745.- Hiztegi hirukoitza delakoa osatzen eman zituen urteak, bere langelan burubelarri egindako urteak izan ziren, maiz txangorik egiten zuen arren han eta hemen lekukotasunak eskuratzeko. Nolanahi ere, hiztegiari heltzearekin batera izan zuen aukerarik beste saiakera bat idazteko:
    • 1736.- Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (Madril).
    • 1745.- Diccionario Trilingüe del Castellano, Vascuence y Latín argitaratu zuen Donostian eta Gipuzkoako Probintziari eskaini zion.

1745-1766.- Hiztegia argitaratu eta urte batzuetan “auzi konpontzaile” (operario de la caridad en empresas mayores) gisa ibili zen Gipuzkoa osoan barrena eta baita Gipuzkoatik kanpo ere. Gutxi batzuk aipatuko ditugu. Gainera, ezagun zaizkigun bere beste hiru lan nagusiak idatzi zituen, beste hamaika txosten, iritzi, gutun eta eskariren artean. Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren aldeko bere estrategiari jarraitu zitzaion.

  • 1752.- Hernaniko aingurasutegien auzi larria konpondu zuen, horretarako Erregeren ministro zen Ensenadako markesarekin zuzeneko harremana izanik. Gipuzkoako kostalde inguruan barreiaturik zeuden aingurasutegiak bertan behera utzi eta sutegi handiak egin nahi zituzten Errenterian. Penintsulan barrena ere berdin jokatu zuten, El Ferrolekoak, esate baterako lehenetsiz. Garai hartako industriaren atal baten birmoldaketa handia izan zen eta, jakina, burgesia berriaren interes ekonomikoak tarteko ziren. Hernaniko herriak bere jarduera nagusi baten azkenaren arrisku bizia ikusi zuen eta guztiz larritu zen: auzia berebizikoa zen. Larramendi deitu eta, Manuel, bere burua Hernaniko semetzat ere bazuena, buru-belarri saiatu zen.

    Horren ondorioz, eta Ensenadako markesarekin negoziatu ondoren, ainguragintza herriko sutegi berrietan bermatzea lortu zuen, behar izan zenetan horretarako herritarren arteko elkargoa edo kooperatiba sortuz. Bere iloba Inazia Larramendi jarri zuen Hernanin sorturiko lehenengo kooperatibaren buru; emakume ondo gaztea.
  • 1753.- Beasain eta Bergarako herrien artean auzi zaharra zebilen Igokundeko San Martin donearen jatorriari buruz, hots, martiria Beasaingoa ote zen ala Bergarakoa. Bergaran harreman estua zuen Larramendik bertako herritar eta jauntxo askorekin eta, baten batek nahastuta, auzi horretan bergaratarren alde egin zuen.
  • 1754.- Corografía de Guipúzcoa idatzi zuen (lan antropologiko-etnografikoa, lehenengoz 1856. urtean argitaratua, baina hutsuneekin). Ekarpen benetan bikaina XVIII. menderako.
  • 1756.- Historia de Guipúzcoa idatzi zuen (lan historikoa. Galdua).
  • 1758.- Conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los Fueros de Guipúzcoa (lan politikoa. 1983. urtean argitara emana Jose Ignacio Telleceha Idigoras irakasleari esker).
  • 1759.- Andoaingo Tourseko San Martin elizaren eraikitze lanak kudeatu zituen, Ibero arkitektoak zuzendurikoak. Horretarako, Argentinako San Salvador de Jujuy hiritik Agustin Leitza indianoak Cadizko kontratazio etxearen bitartez bidalitako zilarra baliatu zuen. Arazo handiak izan zituen andoaindar zenbaitzurekin eliza berak aukeratutako lursailetan eraiki ahal izateko, eliza zaharraren kokagunea alde batera utziz.
  • 1763.- Gutuna idatzi zion Gandara apaiz gernikarrari; horra zati esanguratsu batzuk:
    “(…) Beste hainbeste, ta alaco cutunic zurea bezalacoric, iñorc ere eztit eguin Bizcai alde ortatic; Guipuzetatic ere guichic. Lo daude erne bear duten guciac, sorrac eta gorrac, otzac eta motzac, motelac eta gatzibagueac dirade. Madridtic, Paristic eta beste erriaietatic, Jaincoac daqui jaquintzu andietatic cembat alabanza izandu dituzten zuc or dituzun libru oriec, Trevouxco Memoria famatuetan anche datoz atereac eta isuriac Euzquerearen alde esan ditudan guciac, aitortzen didatela gucietan arrazoia, baita gure hizcuntza dala besteac baño ederrago, obeago, gozoago, eta ona non gure etsai cital guciac arrituric isildu diran Madriden ta Parisen. Baña Euscaldunai egoqui edo arriari aimbat dezu, eta onechec sumindua nauca ecin geiagoraño.
    (…)
    Iracurri ditut Gabon cantac, eta azquenean paratu diotet imprimantur, ain daude ederrak, gozoac, quilicorrac. Etzaiteala aurreraco naguitu, ez alpertu; ichequi saill oni, molda itzatzu orrelaco asco ta ugari esna ditecen lotiac, eta urte osoetan ecer danic eguin bague vici diranac. Ordaña bialtzen dizut Azcoitian aurten cantatu diranac, musica quilicorr batean, Peñafloridaco Condeac eguin dituenac, eta berac musican paratu dituenac.
    (…)
    Ni hiruroguei ta amairugarren urtean sartua nabil, zartu naiz, ez ordea oraindican elzartu (chochotu, caduco): burua daucat soilla, baña fresco ta sendo, aurpeguia cimurric bague, aoa ortz (guciarequin) ederraquin, colorea zurigorri ederrarequin (ala esan oi didee nacustenac); escribitzen aztu etzait, eta ardoric iñoiz ez, beti ura edaten dudala. Orra, pintatu nai banazu, nere antza. Aspaldico urteetan equin diot nere eusqueraren bear, ta lan oni; eta cerbait arguitara ezpadet, gure Belchoc aimbeste etsaiez icaraturic, bidea ichi didate; idiqui dediñean, botaco ditugu calera. Hau nai dezu, eta hau esaten didazu. Nai daquizula bada beste edocein gaucetan agure oni cerchoren bat aguinduzea, icusi dezazun ez agura modrolloaren guisa, bai zaldun gazte baten leguez obedituco deutsudala. Orra, bucatu dot cutun necagarri hau zeuven escaraco verbeagaz. Escara gustioc dodaz maite, ta gozo!
    Agur, Loiolan, Urtarrilaren 23 ta 1763 urtean.”
  • 1764.- Mendibururi dantzei buruz egindako zentsura. Dantzen moraltasuna eta zilegitasuna zirela-eta oso liskar gogorrak izan zituen beste elizgizon batzuekin, oso bereziki Lagundiko bere kideekin, Mendibururekin, kasu. Larramendik euskal dantzen alde hitz egingo du, dohainez eta bertutez beteriko erakusgarri gisa.
  • 1764-65.- Autobiografia (edo auto-apologia, José Ignacio Tellechea Idigoras irakasleak argitaratua 1972an). Autobiografia ez zuen idatzi jendaurrean argitaratzeko, Lagundiko bere buruei aurkezteko baizik, bere bizkar urteetan jardun zuten gaizki-esaleei aurre egiteko eta bere burua zuritzeagatik. Oso agiri baliotsua da Larramendiren bizitza ezagutu eta, neurri handi batean, ulertzeko.
  • 1766.- Heriotza Loiolan, urtarrilaren 29an.
  • 1766.- Idiakez josulagunen Gaztelako probintzia-buruak Loiolako elkarte-buruari agindu zion andoaindarra hil bezain laster, haren langela erabat ixteko eta bertatik ez zedila paper txatal bakar bat ere atera. Estatu arrazoiak… Hor hasi zen Larramendiren obraren zati handi baten galbidea…
  • 1766.- Lagundian ohitura zuten hilberriei eskainitako hitzaldia idatzi eta ezagutzera ematea. Larramendiri ere eskaini zioten hitzaldia, ziurrenik bere ikaskide eta laguntzaile izandako aita Barcok idatzia. Hitzaldi horren helburua hilberriaren nortasuna, bizitza eta egintzak azaldu eta goraipatzea izaten zen. Ikus dezagun Larramendiri buruz idatzitakoaren ataltxo bat:

“El P. Larramendi fue monstruo y hombre grande en cuerpo y alma y en todas las cualidades suyas o las potencias y los sentidos de ambas sus mitades o partes: gran estatura, gran aire, gran fuerza, gran proporción, gran despejo, vista, oído, lengua, voz, acción, etc…. todo grande.

En tres cuartos de hora, poco más, predicaba 15 y 17 hojas de cartapacio, letra muy menuda, en Salamanca, y con tal claridad que nunca se rozó ni le pedimos palabra, con tal vehemencia y persuasiva, que clavaba en las paredes y los corazones las sentencias, y movía a lo que quería a los auditorios. Era el clarín del púlpito y de España. Hacía llorar o reír con poca interrupción y casi sin resistencia. Hubiera asombrado al mundo a haber dado por las misiones…

(…)

Fue hombre de alma y serenidad incontrastables.

(…)

No he visto hombre sabio y alentado más humilde y más dócil y rendido…

(…)

En ninguna cosa mostró el P. Larramendi más su religiosidad y la grandeza de su ánimo y moderación y su docilidad, obediencia, humildad y demás virtudes que en lo que le pasó con sus escritos. Costáronle mucho estudio y continuas vigilias, especialmente algunos de ellos, que con peregrinos y nuevos, o eruditos y operosos como agudos, y otros formados con precisión de tiempo y en circunstancias apretadas. Como quiera, todos y cada uno, parto de su entendimiento y sudor de su frente y obras propias que el autor concibe y pare y con las que la voluntad humana se encariña, como el padre y la madre juntos con sus hijos y descendencia, y aún mucho más, porque se atraviesan los respetos de la reputación, del honor, la fama y semejantes. No obstante, este gran hombre, que en las cualidades de erudición y de ingenio, de brillantez y desembarazo y otras, pudo ser, o fue, reputado de muchos por el gigante de su tiempo, sujetó sus obras, y con ellas su entendimiento y voluntad y hasta sus intereses y honra, a amigos y enemigos, a la religión y al siglo, a razones que son razón y a la razón de estado y a otras, o políticas o nacionales, o del tiempo y su malicia, y a la incuria y a la censura de otros hombres, ya altos, ya chicos, ya medianos, y tal vez sobreenanos y vulgares o no de la profesión, o émulos y apasionados, llevando con paciencia invicta y serenidad o moderación heroica, que, de sus escritos, unos tildasen o enmendasen, otros se retardasen o estancasen, y muchos y acaso muy buenos y los mejores, se sacrificasen o se enterrasen vivos. ¿Quién le vio inmutarse? O ¿dónde se le oyó murmurar o quejarse, ni aun siquiera chistar, sobre materia tan delicada y sensible, a lo menos en estos últimos quince años?”

  • 1767.- Carlos III.a erregeak Jesusen Lagundiaren jarduna debekatu egin zuen Espainian eta Espainiaren menpeko kolonia guztietan, eta jesuita guztiak erbestera bidali zituen.