Euskal Herrian barrena
2008an
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatzen duen Euskal Herrian Barrena egitarauaren barruan martxan jarri dute bidaia edo txango monografikoak egiteko aukera, egun bateko txangoak, alegia. Lehenengo irteera datorren apirilaren 12an izango da, larunbatarekin, eta parte hartzen duten lagunek Bizkaiko hainbat txoko ezezagun baina guztiz eder ezagutzeko aukera izango dute.
Txango honi Bizkaiko Jaurerriaren mugetan eman diote antolatzaileek izena, eta horren bitartez, Balmaseda muga-herria, Avellanedako Juntetxea eta beste hainbat leku eta ondare ikusgarri ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Izena ematen dutenek txangoari goizeko zortziak aldera emango diote hasiera eta iluntzeko bederatzietarako etxean izango dira berriro.
Josu Zumeta egitarauaren arduradunak adierazi digunez, txango monografiko hauetan 10 eta 80 urte bitarteko euskaldunek har dezakete parte. Eguerdiko bazkariari dagokionez, berriz, bi aukera daude: norberak bere bazkaria eramatea eta bere kontura bazkaltzea, edota antolatzaileek hautaturiko ostaturen batean egitea otordua.
Lehen aukera egiten dutenek 20 euro inguru ordainduko dute bidaiagatik eta bisitengatik, eta bigarren aukerakoek , berriz, 30 euro inguru.
Eskaintza zabalduz
Iaz 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat asteburu osoko irteerak antolatu zituen Larramendi Bazkunak Euskal Herrian Barrena ekimenaren barruan; lehenengo edizio hartan zortzi txango egin ziren Euskal Herriko eskualde ezberdinetara.
Aurten ere egingo dira asteburu osoko irteera horiek, baina bigarren urte honetan eskaintza berritu nahi izan du Larramendi Bazkunak. Horrela, 18 eta 80 urte bitartekoentzat irteera monografikoak antolatu ditu. “Proiektu honekin eskaintza zabaldu egin nahi izan dugu, adin guztietako jendeari parte hartzeko aukera emanez”, kontatu digu Josuk. Apirilean hasita sei irteera monografiko egingo dira, hilean bat, larunbatez. Horietako bakoitzean, gai jakin bat landuko da. “Esaterako, datorren apirilaren 12an egingo dugun lehenengo irteera honetan Bizkaiko Jaurerriaren mugetan ibiliko gara”.
Aisia euskalduntzea
Euskal Herria bertatik bertara ezagutzeko eta aisialdia euskalduntzeko xedez sortu zen Euskal Herrian Barrena. “Bi helburu horiek betetzeko, hasiera batean gazteengana zuzendu genuen egitasmoa. Uste dugu alor horretan lan ona egiten ari garela, eta horregatik jarraitu dugu bertan lanean. Baina horrez gain, iruditzen zaigu gainontzeko adinetakoek ere eskubidea dutela aisia euskaraz profitatzeko. Horregatik zabaldu dugu aurten eskaintza”.
Horrela bada, datorren apirilaren 12an egingo da lehenego txango monografikoa, Bizkaiara. Beraz, bertan parte hartu nahi dutenek apirilaren lehenengo astera arte zabalik izango dute izena emateko epea. Interesatuek bi bide dituzte antolatzaileekin harremanetan jartzeko: 943 69 64 50 telefono zenbakia (Iosu) edo txangoak@topagunea.com helbide elektronikoa.
Horrez gain, Larramendi Bazkunak eskuorriak argitaratu ditu, aurten antolatu asmo duen eskaintza guztiaren berri emanez. Eskuorriak, Larramendi Bazkunaren Zizurkilgo egoitzan bertan jaso daitezke, baina baita kultur etxeetan eta ohiko informazio-guneetan ere.
Hurrengo txango monografikoa maiatzaren 10ean egingo da, esan bezala, larunbatarekin. Argoteen lurraldean barrena jarri diote izena bigarren txango honi eta hartan, Arizkuneko Bozate auzoan, Santxotena eskultorearen museoan barrena eta Baigorriko herrian ibiliko dira bidaiariak besteak beste.
2009an
Larramendi Kultur Bazkunak, Euskal Herrian Barrena egitasmoaren barruan, 2008an abian jarri zuen proposamenari haize berria emateko asmoz eskaintza berritua luzatzen duo Gazte eta helduek (18-80 urte) parte hartu ahal izango duten egun bakarreko txango monografikoak aurkeztu zituen, bai eta eskualdez gaindiko asteburu luzeko txangoak ere. Euskal Herriko hainbat txoko, pertsonaia edo historiara gerturatzeko asmoa mantendu zen baina osagarri moduan interesgarriak izan zitezkeen bidaiak ere proposatu ziren 2009an, Espainia eta Frantziako eskualdeetan zehar.
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, aurreko ikasturtean jardun bezala, aurten ere Euskal Herrian Barrena proposamenarekin dator. Egitasmo ireki eta berritu honek, Gipuzkoa osoko ikastetxeei luzatu nahi die eskaintza, 2009. urtean zehar hainbat txango didaktiko egin ahal izateko gure eskualdeetan barrena.
Bete nahi den helburu nagusia Euskal Herriko bazterrak gazteegana hurbiltzea da, beti ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ahalegin nagusiarekin bat eginez, euskararen erabilpena sustatzea alegia. Gure lurraldeko kultura ezagutzera ematea da helburua, tokian tokiko errealitatea isladatuz, eta noski, euskara hutsean.
Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasle eta irakasleei zuzentzen gatzaizkienez, edukiak modu egokian lantzen saiatzen gara, horretarako proposamen berriak ere onartzen ditugularik, zerbitzua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.