Obra

Jarraian kronologikoki zerrendatuko dugu Larramendiren obra, aditzera emanez gaia zein zuen eta zein argitaraldia:

De la antigüedad y universalidad del bascuence en España (Salamanca, 1728)

Euskararen antzinatasunari buruz idatzitako apologia, euskara Europako hizkuntza nagusien iturburu eginez eta gainerako hizkuntzen dohainen gainetik jarriz euskararenak berarenak. Euskara hizkuntza guztiz borobiltzat aurkezten du, salbuespenik gabeko arauetara bil litekeena, eta horrek berak azaltzen du hizkuntza lehendarra izatea, bere ondoren etorri ziren guztien aurrekoa. Obra hau idatzi zuenean, ordurako bere gramatika osatzen hasia zen, iragarri egin baitzuen argitara emango zuela eta frogatuko zuela, beraz, euskara, arauetara bil zitekeen hizkuntza zela, eta hain egoki bildu ere garbi geratzen baitzen hizkuntza guztien artean ederrena eta antzinakoena zela bera.

Obra hau, garaiko eta aurreko apologisten ildokoa da, eta bertan erabiltzen dituen argudio gehienak ere ez dira berriak, Tubalen mitoa dute oinarri eta Larramendiren aurreko hainbat apologistak erabilitako berberak dira, bai euskarari dagokionez baita beste hizkuntza batzuei buruz aritutakoan ere.

El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanca, 1729)

Euskararen lehenengo gramatika argitaratua, euskara arauetara ekarri zuena eta hizkuntza arautuaren estatusa eman ziona. Gramatika honek berealdiko eragina izan zuen, batetik praktikoa, arauak neurri handi batean finkatzen zituelako, hizkuntza klasikoen paradigmak erabiliz horretarako, eta, bestetik, ikur mailakoa, gerora etorriko zen hiztegiarekin batera Hego Euskal Herri osoan literatur susperraldia eragin zuelako. Eta jarrera aldaketa ekarri zuen euskararekiko, bereziki elizgizonen eta jauntxo batzuen aldetik, baina baita Euskal Herritik kanpoko pentsamendu eta jakintza giroetan ere, Trevouxko txostenetan, esate baterako. Euskararen makaltze-aldian zinezko bihurgunea izan zen euskaraz Ezina Ekinez Egina deitzen den gramatika argitaratu izana, Hego Euskal Herrian bereziki, ezen, Iparraldean, euskararekiko jarrera eta kontzientzia bestelakoa baitzen artean ere.

Salamancan ondutako obra eder honek euskararen hizkuntza estatusa aldarrikatzeko eta euskalgintzaren kontzientzia eragiteko oinarriak ipini zituen gure historian, eta ez nolanahikoak.

Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (Madril, 1736).

Euskal lurraldeak greziar eta erromatar historialariek deituriko Cantabria lurralde ospetsuaren zati eta muin zirela defenditzeko idatzi zuen obra. Mitoa, aurreko historialariengandik oparo zetorkiona. Izan ere, cantabrismoak –Cantabriaren aldarrikapenak– Euskal Herria lurralde garaiezin edo garaitu gabetzat jotzea zuen helburu, historia erromatarraren kondairetan garaiezin azaltzen baitzen; ez, ordea, Vasconia, zeina erromatarrek bere menpe hartu baitzuten. Cantabrismoak euskal lurralde beti aske eta menperagaitza aldarrikatzea zuen helburu, inoren borondatera makurtu gabea, kondaira epiko gisa, sortzezko askatasunaren hatsarre edo oinarri gisa.

Hala ere, Larramendik mito hori, argudio historiko hori, bigarren mailan-edo erabiltzen zuen, edo, hobe esanda, lehenengo mailan erabiltzen zuenaren osagarri; alegia, gipuzkoarrei Jaungoikoarengandik zetorkigula aske izateko eskubidea, bertakoak Tubalen oinordeko izanik sortzez zetorkigula –Suarez josulagunaren filosofia juridikoari jarraiki– Jaungoikoarengandik askatasun dohain hori eta, gainera, beti izan ginela aske Cantabria zaharraren garaietatik, inork ez azpiratuak…

Diccionario trilingue del Castellano, Vascuence y Latín (Donostia, 1745)

Hizkuntza alorreko bere obrarik oparo eta nagusiena, argitaraturiko euskarazko lehenengo hiztegia ez izan arren, honek berealdiko eragina izan zuen Euskal Herriko herrialdeetan. Baina kritika eta gaitzespenik handienak ere obra honek ekarri dizkio, eta izan zuen garrantzi eta eraginaren neurrikoak izan dira horiek: ez zituela bereizi herriarengandik jasotako hitzak eta berak asmaturikoak, eskuak bete hitz asmatu zuela askotan euskararen osaketa araurik aintzakotzat izan gabe, hitz fakultatiboak ez zituela egoki asmatu, lekukotasun epigrafikoak asmatu zituela bere teoriei eusteko…

Larramendiren ondorengo mendeetan zientzia enpirikoen garapenak bazterrean utzi zituen guztiz aurreko mendeetan apologistek erabilitako lan-molde eta irizpideak, eta horrek, hizkuntzalari eta pentsalari zenbaitengandik erabat baztertzerainoko arbuioa ekarri zion, Justo Mokoroarengandik jasotakoak (Ibar ezizenez), Azkue edo beste batzuengandik… Mitxelenak ere berak argi eta garbi zion bere Historia de la literatura vasca obran: (…) y para escribir el Diccionario tuvo Larramendi que recoger muchas noticias de labios del pueblo y de las obras impresas que buscó con afán, dándonos un primer esbozo del pasado de la literatura vasca. La disposición del Diccionario (castellano-vasco-latín) es un pie forzado que le obligó a rellenar con neologismos los huecos sin traducción, pero una razón para ello, que no tiene por qué ser única ni siquiera la primera, se halla en el deseo de Larramendi de facilitar la tarea a los malos predicadores –mucho más abundantes que los buenos, según nos cuenta, por aquél entonces– que predicaban en castellano o en mal vascuence “porque lo traducen del castellano y no saben las reglas de una buena traducción”. Además, como ciertos médicos que vacilan en aplicarse a sí mismos los remedios que recomiendan a los pacientes, no usaba sino con la más extrema mesura de los neologismos que forjó con tanta facilidad y no se cansó de recomendar expresamente a todos esta moderación. (…)

Corografía de Guipúzcoa (1754, lehenengoz 1889an argitaratua)

Obra hau funtsezkotzat jo liteke euskal bibliografian, Larramendi aitzindari azalduko baita alderdi askotan. 1754. urte aldera idatzi zuen arren mende oso batez ezkutuan ibili zen obra, Larramendi bera bizi zela Lagundiak galerazi egin baitzion argitaratzea. Azkenik, aita Fitak argitaratu zuen lehendabizikoz 1856. urtean, baina atalen baten edo besteren faltan eta, azkenik, Jose Ignacio Tellechea Idigoras historialariak 1973. urtean egin zuen argitalpen osatuen eta txukunena, bere iruzkin lan bikain batez hornitua.

Corografía, funtsean, Gipuzkoako lurraldeari buruz emandako azalpen zabala da, non herrialdearen ezaugarri geografikoekin batera, bertako biztaleei buruzko azalpen osoa egiten duen, herrialdeko lanbide, erakunde, ohitura, folklore eta usadio zaharren berri emanez, euskararen azalpenak eskainiz eta luze idatziz herrialdeko foru erabide politikoaren nondik norakoei buruz.

XVIII. mendean Hego Euskal Herriko lurraldeak bi izenez ezagutzen ziren Espainian eta atzerrian zehar: Nafarroa eta Bizkaia. Beraz, arabarrei eta gipuzkoarrei bizkaitar esaten zitzaien eta bi lurralde horiei Bizkaia. Horrek Larramendi gogaitu egiten zuen eta hori izan zuen, besteak beste, akuilu, bere aberri txikia munduan ezagutzera emango zuen liburua idazteko, gipuzkoarrok geuron buruaz harro egon gintezen. Hori bai, aukera zuenean argi uzten zuen asko zela, esate baterako, Bizkaia maite zuena, baita beste euskal lurraldeak ere.

Koldo Mitxelenarentzat, hutsik obra honengatik, Larramendik gaztelerazko literaturaren XVIII. mendeko egilerik bikainenen arteko aipuan egon beharko luke.

Historia de Guipúzcoa (1756, argitaragabea; bahitua eta desagertua)

Corografiaren ondokoa izanik eta foruei buruzko liburuaren aurrekoa, Historia de Guipúzcoa honek osatuko zukeen bere trilogia estrategikoa: ingurune geografiko-antropologikoa (Corografía), herrialdearen historia (Historia de Guipúzcoa) eta, azkenik, erabide politikoa (Sobre los fueros). Horiek eta, jakina, aurretik euskarari buruz idatzitako bere obra nagusiak.

Baina Historia de Guipúzcoa ez zen inoiz argitaratu. Idatzi zuela ziur dakigu Larramendik berak aipatzen duelako foruei buruzko liburuan. Aita Idiakez jesuiten probintziburuak bahitutako lanen artean zatekeen eta, beste batzuk bezala, erabat galdu da, oraingoz ez da inon azaldu, euskaraz idatzitako bere lanekin gertatu bezala. Zorionez, azaldu den besterik izan da…

Conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los Fueros de Guipúzcoa

(1759, bahitua eta Donostian 1983. urtean argitaratua)

Larramendiren alderdi politikoa bete-betean inon azaltzekotan Gipuzkoako foruei buruzko lan honetan azaltzen da, non Gipuzkoako foruen eta, oro har, Euskal Herriko foru erabidearen defentsa sutsua egin duen andoaindarrak. Lehenik eta behin, Larramendik gipuzkoarrrei foruen bidezko erabidea noiztik edo nondik datorkien azaltzen du, Gipuzkoa erakundetu zen XIII. mendetik aurrera kokatuz haien izana, foruen bidez egin baitzuen bere antolamendu politikoa eta juridikoa Gipuzkoak. Foruen jatorria azaltzearekin batera, Larramendi haien zilegitasuna azaltzen ahaleginduko da eta horien gaineko eta horien bidezko burujabetasun erabatekoa defenditzen.

Burujabetasuna defenditu beharra dauka, aspaldidanik foruek Gaztelako Gortearen erasoa jasaten dutelako, gipuzkoarren burujabetasun hori arrisku bizian dagoelako Madrilgo erregeren ministroen eraginez eta gipuzkoarron epelkeria eta utzikeriarengatik. Larramendik oso gogor hartzen ditu Gipuzkoako jauntxoak, bereziki Madrilgo Gortean ardura eta eginkizunik daukatenak. Gipuzkoaren askatasunaren muina bere foruak dira. Gipuzkoa aske izango bada, bere foruak defenditu beharko ditu. Larramendik ez du Errege erantzule egiten, haren ingurumarian dabiltzan ministro eta kontseilariak baizik, haiek “okertzen” dute erregeren borondatea, hark jakin izatera zein den foruen zinezko izaera ez bailuke onartuko haien aurkako ahaleginik.

Eta foruak, azkenik, errespetatu ez eta galbidean jarriko balira? Balizko horri erantzuteko garaian azaltzen ditu Larramendik bere ekarpenik mamitsuen, garrantzitsuen eta aurreratuenak. Halakorik gertatuko balitz aukera ezberdinak hartu beharko lituzke aintzakotzat Gipuzkoak bere askatasunetik: Ingalaterrarekin edo Frantziarekin bat egin… Auñamendietako Zazpi Probintzia Batuen Errepubika sortu…, edota, ameskeriak alde batera utzi eta Madrilgo Erregearekin konpontzea. Testuinguru horretan osatzen duen oldozpen sortak Euskal Herrirako funtsezko testu politiko bihurtzen du Larramendirena.

Autobiografía

(1764, Lagundiko buruzagientzat idatzia, bahitua eta Donostian 1972. urtean argitaratua).

Larramendik obra hau, txosten luze hau, bere burua Lagundiko nagusien aurrean zuritze aldera idatzi zuen, urtetan jasan ondoren Lagundiaren baitan bere kide askorengandik gaizki esana eta azpijokoa. Ez zuen, bada, argitaratzeko asmoz idatzi, bere lagundiburuen aurrean bere jokabidea zuritzeko baizik. Jose Ignacio Tellechea Idigorasek aurkitu zuen Historiaren Akademiako agiritegiko apalategietan, Karrantza artzapezpikuari buruzko bere ikerketetan atseden hartu eta bere burua beste kontu batzuetan “egurasteko” jesuitei buruzko agiri-bildumak gainbegiratzen ari zela Larramendiren lan batzuekin topo egin zuenean.

Larramendiren biografia osatzeko eta bere hainbat ekimen ulertzeko funtsezko obra da hau, Larramendiren beraren ikuspegia azaltzen baitu; argitzen baitu zenbateraino esku hartu zuen, esate baterako, Herrnaniko aingurasutegien auzi handian, eta beste batzuetan… Autobigrafia hori, gainera, Tellechea Idigorasek bikain osatu zuen beste agiri batzuekin eta bere azterlanarekin.

Euskal testuak

(Patxi Altunak eta Joseba Lakarrak egindako euskarazko testuen bilduma, Andoainen 1990. urtean argitaratua)

Larramendiren jaiotzaren hirugarren mendeurrenean argitara emandakoa eta Patxi Altuna eta Joseba Lakarra euskaltzainen elkarlanaren fruitu. Larramendik euskaraz idatzitako testu guztiak argitaratu ziren, orain arte azaldu eta berari egotzi ahal izan zaizkionak behinik behin. Horien artean asko ezagunak ziren, baina Altuna eta Lakarraren edizio kritikoak testuak egoki eta behar bezala zuzendurik argitaratzea ahalbidetu zuen, baita horien testuingurua ezagutu ahal izatea ere neurri batean.

Testu horien artean bada ordura arte ezagutzen ez zenik, eta bada ere ordurako ezagun izan arren zuzenketa eta ohar ugariz hornitu behar izan zenik. Argitaragabea, Andoaingo San Martin eliza berria eraikitzeko dirua Ameriketatik bidali zuen Agustin Leitza andoaindarraren hileta elizkizuneko sermoi luzea izan zen. San Agustin egunez 1737. urtean Azkoitin egindako sermoia ere hor dator, urte gutxi lehenago Joseba Lakarrak ASJU-n argitara emandakoa.

Ez da ahantzi behar Larramendik berak Gandarari bidalitako gutunean bere euskarazko ekoizpenari buruz esandakoa, ezta ere aita Fitak XIX. mendearen amaieran esandakoa, hots, bere gutun-sorta edo bilduma euskaraz idatzia argitaragabe zetzala Madrileko Historiaren Errege Akademian… Oraindik inork ez du azken hau aurkitu.

Escritos breves

(Jose Inazio Tellechea Idigorasek osaturiko bilduma, Donostian 1991. urtean argitaratua.

Obra honetan, Larramendik inoiz izan duen ikertzailerik emankorrenak, Jose Ignacio Tellechea Idigoras historialariak, andoaindarraren hainbat idatzi eta lan labur eman zuen argitara. Horietako batzuk aurretik ezagunak genituen –Mendibururen obrari idatzitako Euskararen Carta Magna, kasu–, beste batzuk, ordea, berriak ziren, Ensenadako markesarekin –Erregeren hainbat alorretako ministroarekin– izandako gutun harremana Hernaniko aingurasutegien auzia zela-eta. Escritos breves obra hauxe izan zen Tellechea Idigorasek Larramendiri buruz argitara eman zuen laugarrena eta azkena, urteetako ikerketa aldi luze eta oso emankor bati amaiera emanez, berari zor baitzaio, beste inori ez bezala, gaur egun Larramendiri buruz dugun ezagutza osatu eta berritu izana.