Garagorrienea
Ardatz nagusiak
- Manuel Larramendi euskalgintzaren aitzindari eta eredu; bere bizitza, obra eta ekintza ikertu eta ezagutzera ematea. Euskal Herriaren altxorra.
- Belaunaldi gazteak telnologia berrietan ahalmentzeko ekoizpen egoitza eta egitaraua, etorkizuneko euskarazko komunikazioa eta belaunez belauneko ondorengotzea edo transmisioa bermatzeko.
Ezina aspaldi egina. Garagorrienea egitasmoak Manuel Larramendi euskalari andoaindarra du ardatz nagusi, baina ez helburu bakarra. Izan ere, Garagorrieneak Larramendik XVIII. mendean euskalgintza sortuz hasi zuen bideari XXI. mendean jarraia eman nahi dio, horretarako, lehenik eta behin, indarrean jarriz bere obra, bere ekintza eta bere irudia gaur egun osatzen ari garen ikuspegi zientifikotik, bere benetako eragina, irismena eta oihartzuna ezagutzearren.
Alegia, Larramendiren gainean adierazi diren sasi-iritziek urte askotan andoaindarraz utzi duten irudi baztergarri eta okerbidekoari muzin egin eta andoaindarrak egindako lanaren gainean egin diren azterketek agerian jarri duten benetako irismena baliatu nahi da iraganeko, gaurko eta etorkizuneko euskalgintzaren benetako indarra aldarrikatzeko.
Euskalgintzaren kontzientzia historikoa sortu zuen Larramendik, eta hura euskarri hartuta berak lau haizeetara zabalduriko Ezina Ekinez Egina leloa, etorkizuneko euskalgintzarako pizgarri bihurtu nahi dugu, hark hasitako bideari hamaika euskaltzalek jarraitu baitio geroztik, eta horien guztien ibilbidearen berri eman nahi diogu Euskal Herriari eta munduari.
Larramendik euskararen alde asko hitz egin baina euskaraz gutxi idatzi omen zuen; hori da maizenik leporatu izan zaion hutsegiteetakoa bere lanaren eta egintzaren balioa hankaz gora jartzeko. Nola esan liteke, ordea, halakorik, jakinda berak 73 urte zituela Gandara gernikarrari adierazi ziona, hots, bazituela gauzak euskaraz idatziak baina “beltx hauek”, jesuitek alegia, bizi zen egoeragatik beldurrak zeudela eta bera argitaratu ezinik eta egoera hori aldatzen zenean emango zituela plazara? Hiru urte geroago hil zen Larramendi; bere idatzi guztiak bahitu zituzten eta Gaztelara bidali eta jesuitak Espainiaren erresuma guztietatik 1767an bota zituzten… Hor galdu bide ziren Larramendiren idatzi asko eta asko.
Larramendik euskaldunoi benetako altxorra utzi zigun –euskararen lehenengo gramatika, Hiztegi hirukoitza, Corografia, De la antigüedad y universalidad…, etab.- gure herriaren, euskaldun izatearen kontzientzia sortuz, ondorengo euskaltzaileei adorea eta bitartekoak eskaintzeko. Bere garaian askok ezintzat zutena –euskara arau jakinetara lotu eta gramatikarik izatea- berak egin eta ondu zuen, eta hortxe hasi zuen euskarak ibilbide berria, zentzu askotan oparoa.
Euskaldunon altxor historikoa da Larramendik gure esku utzitako obra, zaindu, ezagutu eta ezagutzera eman behar duguna. Larramendiren mezua eta eragina egun egiten ari garen euskalgintzarekin bete-betean lotu behar dugu. Baina Larramendi euskalari eta bidegile handia baino askoz gehiago izan zen, gizarte, kultura eta politikaren eragile nabarmena bilakatu baitzen, aiurri eta nortasunbiziko gizona. Asko dira, bidenabar, Larramendiri buruz ikertu eta ezagutzera eman beharreko alderdiak, aitzindari bikaina bilakatu baitzen.
Baina Garagorrienea ez da hutsik Manuel Larramendiren bizitza, obra eta egintzak ikertu, ezagutzera eman eta haien gainean euskalgintza egitasmoak hauspotzeko ekimena. Garagorrieneak etorkizunari begiratu nahi dio, etorkizunari eta etorkizuneko komunikazioari eta euskararen belaunez belauneko ondorengotzeari. Euskararen komunikazioa eta transmisioa bi kontzeptuetan azaltzeko, horiek baitira gaur euskarak dituen erronkak edo nolabaiteko “ezinak”.
Garagorrienea ez da Larramendiri eskaini nahi diogun mausoleoa. Garagorrienea Euskal Herri mailako egitasmoa da, euskararen etorkizuneko erronkei aurrez aurre begiratu nahi diena, baina gure historian ondo finkaturiko oinarri sendo batetik. Garagorrieneak euskararen erabileraren aldeko indarrak bideratu nahi ditu, trinkotu, mentsak, utzikeriak eta beharrak non diren antzeman eta ezagutu eta horiei aurre egin eta konponbidean jarri.
Egiteko hori ez da, baina, gaurkoa, ezta orain ehun urtekoa ere. Eginkizun horrek zuztar sakonak ditu gure historian, Ipar Euskal Herrian euskara Detxeparerekin plazara jalgi eta Axularrek gerorako utzi ez bazuen ere, bestelakoa zen giroa XVII. mendean Euskal Herri osoan, eta euskara galbiderako iladan utzita zuten euskal gizartearen agintari, lehenburu eta aitzindariek. Bere hizkuntza eta kultur nortasuna gutxiesten eta baztertzen ari zen herri baten aurreko erantzuna izan zen Larramendirena, ez zegoen zoko askotan euskalduntasunaren kontzientzia sortzea ekarri zuena, halakorik zen bazterretan biziberritu eta indartzea.
Baina kontzientzia eta ekinbide historiko horri jarraia emateko guztion laguntza ezinbesteko gertatuko zaigu: euskaldun herritarrena, herri erakunde, erakunde pribatu, kultur elkarte eta eragileena, enpresa munduarena, oro har, bere burua euskaltzaletzat duen ororena beharko dugu Garagorrienea euskalgintzaren eta herrigintzaren muin berria izan dadin, euskaldunok harro erakuts ditzagun historian barrena osatu ditugun altxorrak etorkizuneko erronka berriei, maiz ezinezko diruditen horiei, aurre egiten diegun bitartean.
Zu ere, lagun, euskaltzalea baldin bazara, Garagorrienea ekimenaren bultzatzaile eta babesle izan zaitezke!
Egizu adore! Egizu bat gurekin!!!