Garagorrienea egitaraua 2020-2029

2020. urtean abiatuta eta 2029. urtera bitartean, Garagorrienea ekimenak jarraian zerrendaturiko egitasmoak jaso ditzake bere egitarauaren barruan. Horra horien azalpen laburra:

1- Garagorrienea FUNDAZIOAren sorrera.

Garagorrienea ekimena gauzatzeko ezinbesteko gertatzen da egitura juridiko finko eta ahalmentsua sortzea eta ekimenaren eraikina egitura horren gainean jasotzea. Garagorrienea fundazioa litzateke, bada, Garagorrienea egitasmoa bere gain hartuko lukeen erakundea, eragile pribatuek eta herri erakundeek elkarrekin osaturikoa.

Fundazio horren muin eta abiapuntuan Andoaingo Udala eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuna leudeke. Baina bi horiekin batera beste erakunde, enpresa, elkarte, baltzu eta talde asko beharko genuke, bideragarri egin lezakeena egitasmoa hau Andoain edo Gipuzkoakoa ez ezik Euskal Herri osokoa izatea. Larramendi Euskal Herriko gizona izan baikenuen beste ezer baino lehen, horren lekuko dira bere haurtzaroko Hernani, nerabezaroko Bilbo, helduaroko Baiona edo Loiola… Horren lekuko dira bere obra gehienak…

Fundazioak bideratuko luke Euskal Herri mailako ahalegin hori Larramendi ardatz eta aitzakia hartuta, euskarak aurrera egin dezan XXI. mendean XVIII. mendean hasitako bide berean, oker egindakoak zuzenduz, eta ibilbide luze horretan izandako bidegile guztien itzalpean, berariazko lekua eta garrantzia emanez hainbeste mendetan gutxietsia izan den emakumeen lan itzelari ere.

Fundazioa eratzea da lehenengo urratsa.

2- Garagorrienea IZTURITZAGA jauregian: Euskal Herriaren altxorra.

Euskaldunek dugun altxorrik handiena gure hizkuntza da, nork bere gogoan landuz, erabiliz eta babestuz hazten ari dena. Euskarak badauzka, ordea, altxor materialak, eskuz hazta eta begiz irakur eta ikus litezkeenak: Horiek Etxepare, Leizarraga, Axular, Lazarraga… eta euren obrak dira eta, oso bereziki, eragin zuen aldaketa bihurguneagatik, inflexioagatik alegia, Manuel Larrramendik euskarari eta Gipuzkoa eta Euskal Herriari eskainitako obrak, herri baten muineko ikurraren indarra izan baitzuten Ezina ekinez egina euskararen bere lehenengo gramatikak eta Gaztelera, Euskara eta Latineko bere Hiztegi Hirukoitz handiak, euskararen mundura benetako iraultza ekarri zutenak, bereziki 1745. urtetik aurrera.

Aipagarria da zentzu horretan, bi lan erraldoi horiek argitara eman aurretik idatzi zuen De la Antiguedad y Universalidad del Bascuence en España bere apologiak zabaldu zuen bidea ere, bide horren hasiera izan baitzen Larramendik euskararekiko eta Gipuzkoa eta Euskal Herriarekiko bizitza osoan landuko zuen estrategiaren abiapuntua.

Euskaldunok badauzkagu ba gure buruari eta mundu osoari erakutsi eta azaldu beharreko altxorrak eta altxor horiek non kokatu, non azaldu eta ezagutzera eman eta non babesteko egoitza duina behar dute: Andoaingo IZTURITZAGA jauregia izan liteke egoitza hori.

IZTURITZAGA jauregian, Larramendik euskararentzat eta Euskal Herriarentzat ondutako obrak agerian jarriko ditugu, bere lehenengo edizioetan, euskararen benetako harribitxiak baitira. Agerikoan jarriko ditugu baina ez ohiko museo batean egongo ziratekeen moduan, agerkunde fisikoa eta digitala izango dute aldi berean, bisitariarekin elkar-eragiteko modukok izango dira, obra horiek guztiek izan zuten eta duten garrantzia ezagutze aldera. Interpretazio eta zabalkunde gunea izan behar dute hor.

Ez dira izango hutsik euskarari eskainitako obren gordailu eta agerleku; Gipuzkoari edo Euskal Herriari eskainitako bestelakoak ere (Corografía, Sobre los Fueros de Guipúzcoa…) hor izango dute pausaleku eta agertoki.

Eta altxorleku horren protagonista nagusia izanik ere ez da bakarra izango, ezen bere aurreko eta ondorengo euskalgintzaren azalpena ere egingo baita, ia-ia XXI. menderaino, testuinguru egokia osatuz. Hor izango dira euskarari hauspoa eman dioten euskalari handiak: lehenik eta behin euskararen klasikoak, hots, Axular, Leizarraga, Etxepare, Lazarraga… Ondoren, Larramendiren jarraitzaileak eta Mogeldarrak, Astarloa, Agirre Azkue, Orixe, Julio Urkixo, Arturo Campion, Lizardi, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Lauaxeta, Elbira Zipitria, Lekuona, Mitxelena, Txillardegi, Rikardo Arregi, Gabriel Aresti, Martin Ugalde, Mari Karmen Altzueta…

Ez da Larramendiren apologia egiteko gunea izango, ez horixe. Ez dugu Larramendiren hagiografiarik nahi; Larramendi eta bere lana ikuspegi eta irizpide objektibo eta kritikoz aztertuko dugu, gaur egun euskal unibertsitateetan egiten ari diren bezala metodologiarik zientifikoenaz. Larramendiri bere benetako neurrian eta irismenean jarri nahi dugu, bere argiak azaldu baina baita bere oker eta iluntasunak, haietatik asko baita ikasi beharrekoa ere. Beraz, Larramendik bikain osaturikoak azaltzeaz gain okerbidetik egindakoak ere azalduko dira, ñabardura guztiekin jokatuz baizik ezin baita osatu egiantzeko kontakizuna.

Atal berezia eta berezitua izango du IZTURITZAGAn Ipar Euskal Herriko euskalgintza historikoak, oso berezia baita, Axular handiarengandik hasita (Larramendik berak eredutzak jotzen zuena eta Etxeberri Sarakoak aintzindari) Etxepare eta Leizarraga enparauak ahaztu gabe, Agusti Txahoren bidean aurrera, euskarazko kazetaritza goiztierra iraganez gaur eguneraino, bai, gaur egungo Itxaro Bordaren prosa ederrera iristeraino…

Euskaldunon altxoarra azaltzeaz gain, IZTURITZAGA jauregia Garagorrienea Fundazioaren egoitza nagusia izango da, bere egitaraua garatzeko erdigunea, kudeaketa mailan behintzat eta Gipuzkoan.

Azkenik, jauregia eraiki zuten izturitzagatarren berri azalduko duen atala izango du, Euskal Herriaren eta Gaztelaren arteko Erdi Aroko Historia ezagutu eta ulertzeko oso baliagarri izango baita. Hor azalduko da Joanes de Izturitzaga edo Pere de Izturitzaga ospetsuen berri.

Hau izango da Fundazioak eman beharreko bigarren urratsa, baina gainerakoak landu bitartean eman beharrekoa.

3- Garagorrienea LIZARKOLA errotan: IZARRARTEA! egitaraua.

Garagorrieneak izango duen erronkarik handiena, zalantza izpirik gabe, etorkizuneko euskararen erabilera eta belaunaldatzea izango da. Belaunaldi gazteek bitarteko eta baliabideak izan behar dituzte euskaraz jardun ahal izateko etorkizunean euskal gizarteak egiten duen bidean. Berariazko baliabide eta bitartekoak beharko ditugu euskaren makulu izan daitezen egoera ahalmentsuagoan dauden beste hizkuntza eta kulturen artean bere lekua izango badu.

IZARRARTEA! Izeneko egitaraua izango da horretan urratsak emango dituena. Izarrartera! Deitu dugu, etorkizuneko gizarteak –baita euskal gizarteak ere– eman dezakeen urratsik handi eta ausartena mundu honetatik kanpoko izarrarteko jauzi egitea baita, orain zientzia fikzioa dirudien arren, noizbait gertatuko dena, Ameriketarako bidaietara, bost itsaso handietarako bidaietan edo munduari emandako biran euskaldunak aitzindari gertatu ziren bezalaxe, eskola berean.

IZARRARTEA egitarauak azken-azken orduko bitarteko eta baliabide tekniko guztiak –oraingo digitalak zein etorkizunekoak– eskura ahalmenez edukiko dituen plataforma eratu eta osatu nahi du, euskaraz komunikazioa bide eta bitarteko guztietan ekoizteko plataforma teknikoa.

IZARRARTEA lehentasunez 15etik 35 urtera bitarteko gazteei zuzenduko zaie, ikusentzunezko edozein ereduetan komunikazioa ekoiz eta munduan barrena, izarrarteraino, zabal dezaten. Ekoizgune hori ez da ikerketarako izango, egun Tabakaleran teknologia digitalei dagokienez abian jarritakoa bezala, ekoizgune horrek mota, euskarri, irismen eta eduki orotako ekoizkinak sortuko ditu, baldintza bakarra horiek guztiek euskara izatea komunikatzeko hizpide eta, jakina, eraginkorrak izatea.

Ekoizgune horrek hiru lanalditan antolatuko du bere lana:

a) Sorkuntza aldia: ekoitziko dituenen edukiak lantzekoa izango da, programa edo komunikatuko den ekoizkina diseinatu eta prestatzekoa, aurrekoizpena alegia. Sorkuntza egitaraua osatuko du Garagorrieneak.

b) Ekoizte aldia: irrati-programa, YouTube saio, telesail, elkarrizketa, filme, eztabaida saio, Twiter, Instagram edo Facebook edo dena delako aplikazio edo teknologiak erabiliz sortu beharrekoa ekoizteko garaia izango da. Ekoitzi eta ekoitzi ondoko lanak (muntaketa, egokitzapenak…) egitekoa. Ekoizteko formato horien artean egongo dira ere formato klasikoak, antzertia, musika, dantza… horiek guztiek bi baldintza betetzen dituztenean: ikuskizun edo sorkuntza mutuak ez izatea eta, gainera, euskarazkoak, eta, bestetik, besteak beste azken zabalkunde eta hedapen teknologien bitartez hedatzekoak izatea.

c) Zabalkunde eta jarraipen aldia: ekoitzitako edukiak zabaltzeko garaia izango da. Horretarako, aurretik egin den aurrediseinuaren kalterik gabe, edukien bitakora kaiera antolatuko da, zeini zein zeinen bidezko zabalkunde eman erabakitzeko.

Zabalkundea egiteaz gain, uztaia osatu ahal izateko jarraipen lana egingo da; hots, zabaltzen diren eduki guztien kontsumo eta ikusle, entzule edo irakurle kopuruak neurtuko dira diagrama batera eramanez. Neurtzealdi horiek emango diote, hain zuzen ere, sorkuntza aldiari bere lana antolatzeko eragina eta neurria.

Azkenik esan, Lizarkolako errota Izarrarteko edukiak eta kultur ekintzak zuzenean gozatzeko lekua ere izango dela.

Hirugarren urrats handia izango da, Izturitzagakoa eman ondorenean gauzatu beharrekoa.

4- Garagorrienea IKERKETA: Ezina eginak 300 urte: LARRAMENDI 2029 egitaraua

Laugarren urrats honek ere berebiziko garrantzia izango du. Larramendiren bizitza, obra eta garaia behar bezala ezagutu eta ulertu ahal izateko, ezinbesteko gertatzen da ikerlana egiten jarraitzea eta ikerlan horren argitara epaitu ahal izatea “Larramendiren mendean” egindako aurrerabidea. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran errazkeria handiz baztertu zen Larramendiren ekarpena eta ekintza, 40ko hamarkadan hasita Orixe, Mitxelena, Caro Baroja, Tellechea Idigorasek zabalduriko bideei esker bere garaia eta egintza zorroztasunez aztertzeko lanari heldu zitzaion arte.

Asko da, ordea, ikertzeko eta argitzeko dagoena, asko zentzuz eta zorroztasunez ebatzi beharrekoa. Urteurren handi baten “bederatziurrenean” sartu gara dagoeneko; izan ere, 2029an –bederatzi urte barru–, El imposible vencido obra Salamancan argitaratu izanaren hirugarren mendeurrena beteko da (1729-2029). Urtebete lehenago beteko dira 300 urte De la Antiguedad y Universalidad del Bascuence en España apologia argitaratu zuenetik (1728).

Larramendiri buruzko ikerlanerako giltzarrria izango dugu data hori, ordurako Garagorrieneak ondokoak burutu nahi dituelako:

4.1. Larramendi 2029 ikerraldia

Larramendiren obra osoaren argitalpen kritikoa egin nahi du, bere obra osoa adituen aztermen zorrozpean jarri eta haien iruzkinez hornituta argitarauz eta zabalduz. Ondoko hurrenkerari jarraituko zaio:

  • El imposible vencido (1729): jatorrizko testua tipografia eta ortografia modernoarekin, hizkuntzalari, filologo eta historialari adituek iruzkinduta, eta testuingurura ekarriko duen aintzinsolasarekin. Argitalpen digitala eta paperezkoa.
  • Diccionario Trilingüe del Castellano, Vascuence y Latín
    (1745): beste horrenbesteko argitalpena, adituen iruzkinekin eta testuinguratze lanekin, aurretik ikerketarako aukera emanez. Euskal Herriko unibertsitateetako adituen esku utziko da ikerketa eta azterketa lana.
  • De la Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España (1728): aurrekoen ezaugarriez prestatu beharreko argitalpena, euskarari gazteleraz eskainitako trilogia osatuko luke eta helburua, 2029an bertan hirurak argitaratzea litzateke.
  • Euskal testuak: Larramendiren euskarazko testuen lehenengo argitalpen berariazkoa 1990an egin zen eta, beraz, ez da urte asko. Nolanahi ere garrantzi handikoa litzateke euskarazko horiek eguneratu eta mendeurren horretan bertan bildumari erantsi ahal izatea. Lehen edizio hura prestatu zuen Patxi Altuna ez da, jada, gure artean. Ziur gara, baina, orduan egin zuen ekarpen handia areagotu ahal izango duela oraingoan Joxeba Andoni Lakarrak.

Eta ordurako bere euskarazko beste testuren bat azalduko balitz?

  • Corografía de Guipúzcoa: Tellechea Idigorasek egindako argitaraldia berrargitaratzea litzateke helburua, bere hitzaurreko azterketa eta iruzkin guztiekin. Dena den, Tellechearen ekarpena osatu egingo litzateke beste historiala eta antropologo adituek egindako iruzkinekin.
  • Sobre los Fueros de Guipúzcoa: Tellechea Idigorasek egindako argitaraldia baliatuko genuke, oso-osorik, Zuzenbide irakasle eta historialarien azterlan kritikoarekin osatuz.
  • Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabría: tipografia eta ortografia modernoez horniturik, argitaraldi kritikoa egitea litzateke helburua, historialarien esku utziz eginkizuna.
  • Autobiografía y otros escritos: Tellecheak egindako edizioa berreskuratuko genuke baina ekarpen kritikoa zabalduz beste aditu batzuengana. Bertan jasoko genuke ere Enrike Larrartek Larramendiren familia jatorriaz egindako lan sakona. Idatzi osagarrien artean, obra honetan “munduko” edo “gizaldiko” gaietaz dihardutenak utziko genituzke.
  • Larramendi, Societate Iesu: liburu honetan Lagundiko bere jardunean fedeaz, erlijioez edo Lagundiaren inguruko gaiez idatzitako lanak argitaratuko dira, adituek iruzkin kritikoez horniturik: Jansenismoa, galicanismoa, Igokundeko Martin donearen jatorriaz idatzirikoa, Margarita erreginaren ohoretan egindako sermoia…

Goian azaldu dugun zerrenda hau zabaltzeko aukerarik badago, baina aukera hori benetakotu bitartean ez dugu halakorik egingo. Larramendiri buruzko bilduma osatua gauzatzea dugu helburu, datozen urteetan burutuko dugun bederatziurren honetan landu beharrekoa. Argia 2029an ikusi beharko lukete, denak ez bada bai horietako sorta eder batek, hortik aurrerako zabalkundeak bere eragina izan dezan euskal gizartean.

4.2. Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Gorabehera ugarirekin baina urte batzuk badira MLKBak bere ibilbidea eman zionetik Manuel Larramendi Ikerketa Sariari. Hurrengo deialdia laugarrena izango da eta dagoeneko kalean dira edo kalerako bidean sari horrek emandako fruitu batzuk: Patziku Perurenaren Leitzalarreko unaiak, Bakarne Altonagaren euskal dantzei buruzko ikerketa edota Alberro, Bijuescas, Marin ikerlari hirukoteak egindakoa Larramendiren kontraesanei buruz.

Garagorrieneak 2029. urtera bitarteko bederatziurrena baliatu nahi du ikerketa sari hori, beste jakintza-gaietara itxi gabe, gehixeago hurbiltzeko Larramendiren garaira. Horretarako, asmoa, ikerketa saria urtero deitzea litzateke eta Larramendi ukitzen duten gaiak berariaz deialdian txertatzea.

5- Garagorrienea ZABALKUNDEA

Ikerketa egitarauan (Larramendi 2029) idatzizko zabalkundearen berri eman dugun legez, Zabalkundea izen generikoa duen honetan, idatzia ez den euskarriak erabiliko dituzten zabalkunde bideak emango ditugu ezagutzera. Funtsean, jarraian datozenak izango dira:

5.1. Larramendiren BIDEA

Euskal Herrian barrena, Gaztelan barrena, Andaluzian barrena txango didaktikoak, 18 urtetik gorako lagunentzat. Txango horien bitartez asteburu luze bateko egonaldi didaktikoak egiten dira Larramendik bizipeturiko herri eta hirietan Txango horietan nornahik parte har dezake, 18 urtetik gorakoa izan eta parte hartzeko gainerako baldintzak bete edota onartzen baldin baditu. Txangoen aukera ondokoa da:

5.1.1.- BIDEA Euskal Herrian barrena: Andoain, Hernani, Bilbo, Baiona eta Loiola ikusi eta ezagutzen dira txangoan, herrien berri orokorra emateaz gain Larramendiren bizialdiari eta garaiairi dagozkionak azalduz. Asteburu osoko txangoa da eta gaualdi bat Bilbon egiten da eta, bestea, Baionan.

5.1.2.- BIDEA Gaztelan barrena: txango batean ala bitan antolatzen da (ikusi xehetasuna izena ematerakoan), Villagarcia de Campos, Medina del Campo eta Valladolid hiriburua ezagutuz Valladoliden bertan eta, ondoren, baita Salamanca eta Palencia hiriburuak ere. Hirutik bost egunera bitarteko txangoa da, bi zatitan banatzen ez denean.

5.1.3.- BIDEA Andaluzian barrena: bost eguneko txangoa, bi egun Sevillan eta egun eta erdi Cadiz hirian egitekoa. Funtsean bi hiriburu horiek ezagutzen dira, baina Cadiz probintzian ere beste geldialdiren bat eginez.

5.2. Garagorrienean KOROGRAFIA (Hasi gabe)

Larramendik Korografian Gipuzkoako berri zehatza eman nahi izan zuen bezala, orain, Garagorrienean, beste horrenbeste egin nahi dugu Korografia izeneko egitarauaren bidez. Egitarau honek Gipuzkoan barrenako hainbat txango eta ikustaldi antolatuko du, adituen eskutik egindako ikustaldiak Larramendiren Korografiak bai, baina baita korografia moderno batek eskainiko lukeen lurraldearen, bere biztanleen eta bertan burutzen diren jarduera guztien azalpena eginez.

270 urteren ondoren orduko Koreografiaren eta azalpen moderno baten alderaketa egin nahi da. Egitaraua txango edo ikustaldiek osatzen dute, hitzaldi eta jakingarriez behar beste hornituak, aditu ezberdinen laguntzarekin eginak eta euskaraz zein gazteleraz eta beste hizkuntza batzuetan eskainiko dira ere, atzerritik etorritako bisitariei eskaintzekotan. Gure Amaren Etxea egitarauaren osagarri izango da ere.

5.3. Garagorrienean ARTE EDERRAK

Larramendiren berri arte ederretako disziplina ezberdinen bidez ezagutzera eman nahi du egitarau honek, babestuz horien bitartez Larramendi ardatz izango duten lan ezberdinak sor eta ekoitzi daitezen. Hiru daude oraingoz aurreikusika:

5.3.1.- Antzezlana

5.3.2.- Opera

5.3.3.- Filma historikoa

6 GURE AMAREN ETXEA nazioarteko ekimena

Egitarau hau munduan barrena zabalduriko euskal diasporari zuzendu nahi dio Garagorrieneak.

Gure amaren etxea ekimena euskal diaspora Euskal Herriratzeko egitaraua da, kultur azpiegitura eta logistika nahikoa eta duina eskaini nahi diona atzerriko euskal ondorengoari Euskal Herriaren azala eta mamia, hazpegiak eta muina ezagut ditzan.

Egitarau hau gutxienez hilabete eta erdiko egonaldien bitartez burutuko litzateke, eta aldi horretako astebete inguru berariazko egoitza batean ostatatu egingo luke bisitariak. Helburua garbia da: belaunaldi batzuk atzerago munduan barrena barreiaturiko euskaldunen ondorengoek izan dezatela aukera Euskal Herriratzeko eta gure gizartea osatzen duten kultur geruza ezberdinen errealitatea ikusi eta ezagutzeko, gure historiaren gorabeherak zorroztasunez azalduko dizkion egitarau baten bitartez.

Diasporako euskaldunek izan dezatela gidaritza jantzi eta jasoa euren asabek utzi zuten lurra, gizartea eta kultura gaur egun ezagutzeko garaian.

Gure amaren etxea egitaraua ez da soilik Garagorrienearen bitartez gauzatuko; ezinezkoa litzateke. Aurrera aterako bada, ezinbesteko gertatuko da Eusko Jaurlaritzaren, Nafarrroako Gobernuaren, Iparraldeko Kontseiluaren eta Foru Aldundien nolabaiteko partaidetza eta, jakina, munduan barrena euskaldunak elkarrarazten dituzten euskal etxe eta bestelako erakundeak.

Hori da oraingoz aurrera litekeena.

7-RIKARDO ARREGI MINTEGIA (ALDIZKARITEGIA)

Euskal kazeritza eta komunikazioa modernizarazi zuen Rikardo Arregik; euskalduntze-alfabetatze mugimenduaren antolatzaile nagusia izan Euskal Herrian Euskaltzaindiaren babesean; Francoren diktadura amaierako euskal pizkundearen aitzindarietakoa izan zen. Andoaingo Udalak, 1988. urtetik bere izena daraman kazetaritza saria deitzen du urtero.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1994an Rikardo Arregiren izena daraman aldizkaritegia sortu zuen Andoaingo Udalaren laguntzaz. Horren helburua euskara hutsez Euskal Herri osoan argitara ematen zen eta ematen den prentsa biltzea, katalogatzea eta aztergai ipintzea zen. 25 urte joan dira jada aldizkaritegia sortu zenetik eta oso ibilbide gorabeheratsua izan du, MLKBak, behin eta berriro, haren alde egin duen arren.

Jauzi digitalak halako arrakala sortu zuen, paperekoa biltzen jarraitzea bai baina digitala biltzen hasteko –gezurra dirudien arren– ez zuen izan behar besteko baliabiderik.

Azken urteetan bere ahalegina, oraingoz emaitzarik izan ez duena, aldizkaritegia mintegi bihurtzea izan da, eta apustu horren alde egin nahiko luke Garagorrienea egitasmoak ere. Uste osoa duelako egiten dugun kazetaritza eta, oro har, komunikazioaren gaineko azterlana, ikerketa eta hausnarketa sakona egiteak mesede ez ezik arnasbide ezinbestekoa zabalduko duela euskararentzat, ohikeriak baztertzeko, besteak beste.

Eta horixe izango da Rikardo Arregi Mintegia: euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren ikergunea.

8- LARRAMENDI EGUNA ANDOAINEN

2020. urteko urtarrilaren 25ean antolatu zen lehendabizikoz Larramendi eguna Andoaingo Goikoplazan, Manuel Larramendiren heriotzaren urteurrenarekin paretsu etorriz, andoaindarra urtarrilaren 29an zendu baitzen Loiolako Santutegian.

Lehenengo urte honetan ekitaldi xumea antolatu genuen: Andoaingo Goikoplazan, Larramendiren harrizko irudia dagoen gunean, 400dik gora andoaindar eta beterriar elkartu genituen jai-giroko ekitaldi batean, guztien artean EZINA EGINA leloa irudikatzeko iluntzean, telefono mugikorretako argiak piztuz.

Benetan ekimen ikusgarria izan zen, non Larramendi Bazkuneko lehendakariak euskararen erabileraren aldeko aldarria irakurri zien bertaratuei eta, behin giza-irudi erraldoia osatu ondoren, bertsolariekin eta jai-giroan txokolatea eskaini zitzaien bertaratu guztiei, XVIII. mendeko euskaldunak erabat txokolatearen mende bizi izan baitzen, Larramendi bera horren lekuko.

Aurrerantzean, Garagorrienea ekimenaren baitan urtero antolatu nahiko genuke Larramendi eguna, euskaltzale guztiei jai-giroko egun osoa eskainiz Larramendiri omenaldia egiten zaion aldi berean, bere heriotzaren urteurrenean. Lehenengo urratsa emanda dago.

9- EZINA URRATSEZ EGINA: NOTARITZAK ETA ERREGISTRATZAILEAK

Ekimen honek euskararen erabilerarako irismen handi eta garrantzi bereziko esparruak irabaztea bilatzen du. Urraska aurrera tinko egin ahal izatea, gizalegez, eskuzabaltasunez baina irmo.

Euskararen erabilerarako sendoago irabazi beharreko esparru horietako bat notaritza eta erregistro ofizial ezberdin zenbaitena da, ez baita sinistekoa zein gutxi egin dugun aurrera urte hauetan guztietan notarioen aurrean euskaraz jarduteko ahalbide eta aukeretan.

Urratsak aurrera egin dira baina ez behar bestekoak, ezta gutxiagorik ere, eta funtsezko deritzogu, notaritzetan, jabetza, merkataritza eta bestelako erregistro ofizialetan egin beharreko izapide guztiak euskaraz egin ahal izateari, eta izapide horiek eskritura edo idazpenetan euskaraz idatzi eta protokolopetzeari.

Ezina urratsez egina ekimenak erasan nahi diren esparru edo sektoreetako eragileekin elkarlanean egitaraua antolatzea bilatzen du, epealdi jakin baten buruan erabilera urrats horiek egin, finkatu eta egiaztatu ahal izateko.

Elkarlanean, alderdi guztien eskuzabaltasunez, legeari jarraiki, gizalegez baina irmo; bestela ezinezko izango baita aurrera egitea.