Lekukotasunak
Andoaingo guduari buruzko lekukotasunen bilduma
LEKUKOTASUNAK
Lehenengo karlistaldian izan zen borrokarik ankerrenetakoa izan zen arren, ez da Andoaingoa historia liburuetan ezagunena, ezta gutxiagorik ere. Karlistek gudua nagusitasunez irabazita, lehenengo karlistaldia amaitu zen arte gudalerroa edo borroka frontea Andoainen finkatu zen, bertan karlistek Strauss ingeniari militarraren agindupean, lubaki eta harresi ugari gotortu baitzuten. Liberalak, berriz, Hernanin finkatu zuten bere gordelekua; Urnieta inorentzat ez, Andoaingo guduaren ondoren, irailaren 16 eta 17an liberalek egin zituzten kontraerasoetan guztiz kiskalita gelditu zen, bost etxe baino ez omen ziren zutik geratu. Elizako kanpaindorrea ere suntsiturik gelditu zen.
Historialariek –bereziki Piralak– emandako lekukotasunez gain, hiru dira bertan egon ziren zuzeneko lekukoek azaldutakoak: lehenik Uranga jeneral karlistaren egunerokoa dugu, bere idazkari zen Nuñez Camarerok idatzitakoa, non egun horretako gorabeherak azaltzen dituen, oso arin azaldu ere. Bigarren lekukotasuna Henry Wilkinsonena dugu, Brigada britainiarreko ofiziale medikua bera, zauritua izanagatik borroka egunean bertan ez zegoen arren, guduaren kontakizun xehea egin zuena. Azkenik, guduari buruz belaunaldiz belaunaldi guregana iritsi diren bertsoak dauzkagu, bere garraztasunean laburtzen dutenak egun horretan Andoaingo kaleetan –baita biharamunean Tolosan ere– gertaturikoa. Azken hauekin hasiko gara orain.
Herriaren bertsoak
XIX. mendean bertso hauen bidez ederki laburtu zuen bertsolariren batek Andoainen 1837ko irailaren 14an gertaturikoa. Bertsoak Antonio Zavala ikerlari eta euskaltzainak bildu zituen eta Karlisten leenengo gerrateko bertsoak bere liburuan argitaratu (Auspoaren Sail Nagusia, 4; 1992; 257-274 or.).
Dena den, “bildu” zituela esan dugun arren, hori ez zuen iturburu bakar batetik egin. Bertso horien bertsio ezberdinak ezagutu zituen, garai eta toki ezberdinetan jasoak, eta bertsio horien bilduma eginez osatu ahal izan zituen gaur orri hauetara dakartzagunak. Bertsoak behar bezala ulertzeko jarraian ohar batzuk emango ditugu.
1
Orain abiatzen naiz
paratzen kantuak,
kobardiatu dute
kristino tontuak;
karlistak a cuchillo,
han ziran kontuak;
milagroa egin du
Gurutze Santuak (1).
2
Seko gelditu dira
zortzi ehun da piko,
zuzen ibili balira
etzituzten hilko;
etxerik erre gabe
ez dutela utziko,
orain pagatuko dute
larrutikan pijo.
3
O’Donell jeneralak
zuela agintzen,
panparroia zebilen
etxeak erretzen;
solamente jaun hori
ez da gaitz izutzen,
kapela galdurikan
Hernanin sartu zen.
4
Kapela galdu zuen,
gañera zaldia,
beste batena artuta
itzuri abia;
gezurrik gabetanik
esain det egia:
traidorea da baña
kobarde andia.
5
Merezi duen gisan
ari naiz ondratzen,
alegiña badabill
bazterrak ondatzen;
mundu guziak daki
gauza ori nola zen,
orren gerra guzia
etxeak erretzen.
6
Orrenbeste bat pena
nekazariari
eman gabe zebillen
Dn. Gaspar Jauregi (2);
gogor abiatu da
O’Donell jaun ori,
besterik ezin du ta
jende komunari.
7
Zer aski duen ongi
ez daki lan ori,
len amar kontrario,
orain dauzka amabi (3);
jendeak ikasi du
tiratzen armari,
ez geiegi fiatu
abarkadunari.
8
Enemigorik ez den
lekuan baliente,
mundu guztian gaizki
juzkatuko dute;
gero nonbait karlistak
kontra egin dute,
kanpamenduak laja
etxearen truke.
9
Hainbeste kanpamentu
asko zabalduak (4)
uste hortan etziran
haraino biralduak;
haiek guztiak ere
dituzte galduak,
zer zirala uste zuten
probintzianuak?
10
Laguntzaile ez txarra
gainetik naparra,
esan gehiago baina
batailoi bakarra (4);
tirorik egin gabe
baioneta kala,
laster izutzen dira
Kristinuak ala.
11
Jainkoak daki zenbat
urdai eta baba,
beste portziyotxo bat
arroza ere bada;
berentzako asmoan
eramana hara,
gu deskantsuan jaten
orain ari gera (5).
12
Bakallua eta illarra
eta barbantzua,
utzirikan juan ziran
beren arrantxua,
zergatik etzitzaien
eman deskantsua;
aientzako kaltea
gure probetxua.
13
Kantidadez zapata,
arropa ta zaldi,
pozik uzten zituzten
dan guztiak geldi;
arrapatzen zanari
Burua bi erdi,
zergatik egin zuten
hainbeste pikardi.
14
Andoaingo elizan
olioa ugari,
arin iriki diye
karlistak beltzari;
dan guztiak utzita
juan ziran itzuri,
bastimentua eraman
diote ontzari.
15
Orra hamabost bertso
aspaldiko partez,
aditzera eman det
noski orrenbestez:
aziyo bat polita
eman da nire ustez,
Gurutze Santuaren
obraz ta birtutez.
(1) Gurutze Santuari egozten dio bertsolariak milagroa, hain zuzen ere irailaren 14an Gurutze Santua Gurtzeko eguna delako eliza katolikoaren egutegian.
(2) Gaspar Jauregi jenerala, Artzaia ezizenez ezaguna militar izan aurretik artzaina zelako Gipuzkoako mendietan, Gipuzkoako gerra buruzagi nagusi izan zen osasun kontuengatik uko egin eta O’Donell jenerala izendatu aurretik. Bertsoek, hain zuzen ere, bertakoaren zintzotasuna azpimarratzen dute jeneral arrotzaren aldean.
(3) Izan ere, herritarrak bere kontra jarrita lehen hamar arerio zituen lekuan orain hamabi ditu, soldadu karlistekin batera Andoaingo herritarrak, alegia. Kontu egin hamar eta hamabi zenbatzaileak erabiltzen dituela bertso-egileak, ez, ordea, hamaika euskarazko mugagabea.
(4) Nafarroatik batailoi bakarra ekarri zuen Urangak, Nafarroako 11.a, baina zelatari baten gaizki ulertuagatik, hamaika batailoi zetozela Nafarroatik esan zitzaien liberalei, alegia gaztelerara itzulita “once batallones” mugatuan edo “muchos batallones” mugagabean, eta ez el “once de Navarra”.
(5) Bertso honetan eta ia amaiera arte Andoainen karlistek egin zuten harrapakina aipatzen da. Bitxia da bertsolariak huts-hutsik jana eta jakia aipatzea, asko izan baitziren harrapaturiko armak, sutautsa eta kartutxoak, baita suziriak ere. Zirrara sortuko zien herritarrei, nonbait, milaka lagun batzuentzat eta hainbat egunerako elikagai horiek guztiak Goikoplazan topatu eta harrapatu ahal izatea… Gosea nagusi bazter guztietan…
Jose Uranga Azkune
Gudaroste karlistako jeneral gorena zen Andoaingo gudua gertatu zen garaian. Azpeitian jaioa 1791. urteko azaroaren 22an, humanitateak eta latina ikasi zituen Loiolan, baina frantziarrek Espainia bereganatu zutenean armak hartzera jo zuen eta Oviedon Nicolás May generalaren gudarosteko ohorezko zaingoan hartu zuten. Handik aurrera azkar egin zuen armadan bere ibilbidea: 1811n Gaspar Jauregiren batailoi berrian tenienteorde gisa hartu zuten eta Independentzia gerra deiturikoa amaitu ondoren, Espainien indar liberalen eta absolutisten arteko liskarrek, borrokak eta gorabeherek aukera eman ahala mailaz maila gora egin zuen armadaren jerarkian, beti ere alderdi absolutistaren alde eginez, pentsamoldez atzerakoia baitzen oso. Fernando VII.a hil zenean bere anaia Carlos errege izan zedin aldarrikapena egin zuen Araban –bertako ahaldun nagusi zen ordurako–, milaka gizon batzuez osaturiko dibisioa sortuz erregegaiaren alde. 1834ko udazkenean Don Carlosek landa mariskal izendatu zuen eta 1837. urtean lotinant jeneral eta baita, Urangako konde. Don Carlosek Euskal Herria utzi zuenean Madrilera jotzeko bere espedizioarekin, Euskal Herrietako jeneral nagusi izendatu zuen; horixe zuen agintea Andoaingo gudua gertatu zenean.
Uranga jeneralak lehen karlistaldiko gerran burutu zituen ekintza guztien egunerokoa idatzi zuen bere idazkariaren eskutik, Felipe Camarero-Nuñez zalditeriako komandantearenetik, hain zuzen ere. Gaur egun, egunkari hori –1959. urtean Gipuzkoako Aldundiak argitaratua– Andoaingo nuñeztarren etxean gordetzen da. Hortik atera ditugu orriotan aldaturiko pasarteak, Andoaingo gertakariei buruzkoak.
Jose Inazio URANGA lotinant jeneralaren gerra egunkaria
1834-1838
(…)
1837, irailak 11: Ziraukin albistea jaso zen Donostiako lerroko etsaiak Andoainen sartuak zirena, berealdiko desmasiak eginez eta inguruetako ehun eta hogeitik gora baserri guztiz errausteraino kiskaliz. Bere Gorentasunak (B.G.) agindu zuen berehala zaldi gainean jarri eta O´Donell matxinoak mehatxatzen zuen Gipuzkoarantz abiatzea hura babesteko. Kuartier Nagusia Ziraukitik seiak eta erdietan irten zen, bazkaltzeko Artazkozen zen eta lotarako Lekunberrin. Bi batailoiek, Gipuzkoako 8.ak eta Nafarroako 11.ak eguneko berdina egin zuten bezperan Allotik biak irtenda.
1837, irailak 12: Goizaldean irten zen B.G.a Lekunberritik eta bere Kuartier Nagusiarekin batera Tolosara hamarrak eta erdietan iritsita, bazkal ondorenean gudalerroraino hurbildu zen, etsaiek hartutako kokalekuak ikuskatu, haiek gotortu eta aitzin-aitzinean aurreratutako guneak ezagutu eta jakin zuen zer nolako indarrak zeuzkaten bertan; lotara Tolosara itzuli zen.
1837, irailak 13: Bi bataloien iritsiera antolatu zuen eta bi kanoien kokalekua, bi bateria eraikitzea agindu zuen eta biharamunean eraso egiteko plana. Hori guztia Tolosan.
1837, irailak 14: Goizeko hiruetan bataloiak prest zeuden bere eraso-lekuetan. Ordu hortantxe irten zen B.G.a Tolosatik eta oraindik gaua zela iritsi zen gudu-eremuetara. Etsaiak Andoaingo ekialdeko goialdeak zeuzkaten beretzat hartuta eta bertan babesteko gotorlekuak eta babes-erretenak eraikita eta horien artean gainak kanpadenda ugariz beteta.
- Lau batailoi gipuzkoarrek, Nafarroako 11.ak, B.G.aren Gidarien Konpainiak eta Seguran zegoen beste konpainia batek osatzen zuten gure borroka-lerroa, eta etsaiak, berriz, gotorlekuetan ondo babestutako zazpi mila gizon inguru, Leopoldo O´Donell buruzagiaren aginduetara.
- Gure artileriak goizeko seietan egin zuen su aurrenekoz eta etsaiak erantzun egin zigun; horrela txandaz txanda ibili ginen elkarri granadak eta arrasean balak jaurtitzen etenik gabe goizeko hamaikak eta erdi puntu-puntuan jo zituen arte. Orduantxe, gure indarrak gerrilan sakabanatu ziren batzuk eta besteak piloan baionetarekin etsaiak gotortuen zeuzkan kokalekuen gainera jo zuten, eta haiek, ikusita Erregearen defendatzaileak zein kemenez oldartzen ziren, guztiz izuturik, tiro bakar bat jo gabe ikara betean ihesi itzuri ziren bertan utziz euren kanpadendak. Korrikan ezin bizkorrago ihes egiten zuten, baina gipuzkoarrek eta nafarrek eta ikuskizun hura ikusteko zori ona izan zuten guztiek horien gainera bota ziren, labanaz pasa eta azpiratu, sarraski izugarria eraginez. Hernaniko gotorlekurantz korrikan ihesi zihoazen baina zelai eta borroka eremua hilerri bihurturik, hildakoak milatik gora, eta ehunen bat soldadu atxilo, eta guk izandako galera, aldiz, berrogei bat zauritu eta bospasei hildako.
- 120.000 kartutxo inguru harrapatu genien, bakailao, urdai eta galleta-gazi, etab. zati ugari eta Andoaingo elizan ordurako bilduta zuten guztia. Horixe izan da Gurutze Santua Gurtzeko egun gogoangarri honen emaitza!
- Jeneral Goren Jaun Txit Garaia bere buruzagitzarekin, behin hain gudu aintzatsuan izandako emaitza eta harrapakinak ziurtatzeko aginduak eman ondoren, arratsaldeko bostezan Tolosara itzuli zen bazkaltzera, bertan gaua igaroz.
1837, irailak 15: Kuartier Nagusia Tolosan. Gudu-zelaia ikuskatzaileek miatu zuten eta bezperan zehazturikoa baino gorpu gehiago zenbatu zuten, piskanaka guztiei lur emanez. Nafarroako 11. batailoia bere herrialdera itzuli zen, bertatik mehatxu egin baitzuten etsaiek Ulivarri buru zutela.
1837, irailak 16: Tolosan. Buruzagitza Nagusiaren Jeneralburua Nafarroarantz abiatu zen. Goñi jeneralak ekintza burutu zuen Alloren gainean etsaiak sakabanatuz.
1837, irailak 19: Kuartier Nagusia Tolosan. B.G.a arratsalde hauetan guztietan Andoainen izan da eta agindu du gotor daitezela kosta ahala kosta han agerian dauden gune guztiak. Bada, dagoeneko kainoi batzuk baterian ipini dira eta tokia defendatzeko moduan dago.
- Gipuzkoako Buruzagi Nagusia bere Kuartier Nagusiarekin Villabonaraino etorri zen, bertan gelditu behar baitu gudalerroa bertatik bertara zaintzen.
1837, irailak 20: Jeneral Gorenaren Kuartier Nagusia Tolosan. B.G. gudalerroan egiten ari diren lanak ikuskatzera etorri zen.
(…)
Henry Wilkinson
Zirujau ingelesa, 1835. urteko uztailean iritsi zen Euskal Herrira Legio Britainiar Laguntzaileko zirujau gisa eta urte horretako irailetik aurrera Scotch Grenadiers izeneko 6. erregimentuan jardun zuen 1837ko martxora arte. Geroztik, buruzagitza nagusiko mediku izan zen. 1837. urteko ekainean Legio britainiarra desegin eta etorritako gehienak etxera bidali zituzten arren, milako pare batek kontratu berria sinatu zuen Espainiako gobernuarekin eta borrokan jarraitu zuten, horien artean Wilkinson. Bere kontakizunean azaltzen duen legez, Andoainera iritsi zirenean irailaren 8an, zauritu egin zuten eta Donostiara eraman sendatzera. Horregatik, guduaren egunean ez zen bertan, baina gertatutako guztiaren berri zehatza izan zuen eta baita idatzi eta 1938an Londonen argitaratu ere Sketches of Scenery of the Basque Provinces of Spain bere lanean, non Euskal Herrian ezaguturiko musika eta bere marrazkiekin batera gerran ibilitakoen kontakizun bizia egin zuen. Jarraian datozenak kontakizun luze horretan Hernani eta Andoainen ezaguturikoei dagozkienak dira.
HERNANI ETA ANDOAIN
(…)
Ez dut orain adieraziko zein izan zen O’Donell jeneralak Andoain hartuta gotortu zuen kokapenaren xehetasuna, nahikoa baita adieraztea bere mende hartutakoaren lerroak zirkuluerdi baten itxura zuela. Herrigunea kokapen horren erdian zegoen eta, beraz, etsaiengandik hurbilago bi hegaletan baino. Oria ibaia fronte osoan zehar dator eta ibi ugari du oinez igaro ahal izateko. Eskuineko hegala mendiaren tontorreraino iristen zen eta zuen kokagunea oso aldekoa zen, eremuaren beraren izaeragatik. Ezkerreko hegala zen eraso zitekeen bakarra, baina hor barrena soldaduek aurrera egitekotan sakan zail bat zeharkatu behar zuten, osorik ezponda batek inguratzen baitzuen, guztiz bere mende hartuz.
Etsaiak ibaiaz bestalde lubaki-hesi ugari jasota zuen, eta hain zuzen ere horietako batetik hil zuten Gurrea jenerala aurreko ekainean, Espartero Don Sebastian infantearen espedizioa jazartzen hasi zenean.
Babesgune horietatik etengabe aritzen ziren euren mosketeez su egiten Andoaingo herriaren gainera, bereziki sua zuzenduz elizaren aurrean zegoen teilatu-txapal baterantz, bertan baikeneuzkan kokatuta gure kainoiak. Oso urrun zeuden, ordea, eta ez ziguten kalte handirik egin. Zuhurtziarik gabe kalerik urrunenean aurrera zubirantz ausartu ziren batzuk, euren jakinminagatik zauritu edo hil zituzten.
Hiruzpalau egun igaro ziren, eta egun horietan gure gizonek bizi-bizi jardun zuten lanean gotorguneak eraikiz irabazi genituen kokaguneak defendatu ahal izateko. Bosgarren egunean, etsaiak bere gizonetako batzuk bidali zituen ibai ertzean bertan kokatzera, eta haien eta gure arteko tartea asko txikitu zenez, haien sua min egiten hasi zitzaigun, guretako batzuk hil eta zaurituz oso denbora laburrean. Elder artileriako tenienteari bala batez lehertu zioten aurpegia, behealdeko matrailezurra hainbat zatitan hautsiz. Euren medikua kanpoan zen eta neronek ordeztu nuen. Hezurretik bala txirbilak erauzi, odol-jarioa eten eta burua loturaz bildu geniola, hara non azaldu zen artileriako medikua eta bere jokabideak benetan gogaitu egin ninduen. Gure eztabaidaren gaia izan zen balarekin zer gertatu ote zen: nire ahalegin guztiak hura aurkitzeko alferrikakoak izan ziren, eta nire lankidearen ahalegina are traketsagoa gertatu zen. Gertatuagatik gelatik atera nintzen oso kezkaturik, eta etxeko atarian nengoan nire kide ziren ofizial batzuk iritsi zirenean eta txantxetan aritu zitzaizkidan artileriako medikuarekin izan nuen liskarraren kontura. Elizaren aurrean zegoen pareta txiki batean eseri ziren eta liskarraz eman behar nien nire azalpena entzun zuten. Elder zauritu zuten terrazaren atzealdean geunden; bi etxeen artean tartea zegoen eta horretan zehar balak iristen ziren guregandik hurbil lurra harrotuz. Neroni ari nintzaien lagunei azaltzen Elderrek zer nolako zauria zuen, eta eztabaidan jartzen nuen indarraz buruari gora eta behera eragiten nion, eta horrela matrailezurra bere ohiko lekutik baino bi hazbete gorago neukan. Nire hatza kokots azpian jarrita neukan, adierazteko bala nondik sartu zitzaion eta, hain zuzen ere esaten ari nintzaienean “Hara ba jaunak, balak hementxe jo zuen”, errifle baten tiroak lepoan jo ninduen, juxtu masailezurraren oinarri azpian, ia-ia lepoan jarrita nuen hatza ukituz. Nire garunak oso larri jasan zuen eta lurra jo nuen minaren minez bihurrituz, hilzori bete izugarrian. Niregan lehenengo ustea izan zen nire arerioak, doktore jakintsuak, burutik behera mazokada eman zidala. Nire laguntzailea, Mr. Bain, bertan zen ofizial taldekoen artean; denek niganantz laguntzera jauzi egin eta etxera eraman ninduten. Ni salbatzea ia-ia probidentziala izan zen, ezen nire burua ohiko jarreran eduki banu, balak bete-betean joko baitzukeen nire beheko matrailezurra eta ondorioak askoz larriagoak ziratekeen. Gertatu bezala, bala lepoan barrena oso angelu egokiz sartu zitzaidan, zintzur-hestean barrena igaroz eta ezkerraldeko karotidaren gainean oso azalean leku hartuz. Zorioneko bizpahiru kontuk moteldu zuten balaren indarra: bizar oso sarriak eta zulatu eta zeharkatu zituen ehunen malgutasunak. Mr. Bainek bala erauzi zuen eta bi ordu geroago zaldi gainera igo nintzen Donostiarantz joateko. Mina pixkanaka baretuz joan zen eta, zorionez, zauria sendatu bitartean berriro minik ez nuen izan.
Irailaren 14ko egunsentian, ni zauriturik erori eta hiru egunen buruan, etsaiak bost kanoiez O’Donellen kokaguneetarantz su egiteari ekin zion. Bonbardaketa goizeko hamaikak bitartekoa izan zen eta benetan ongi etorri egokia izan zen ingelesentzat. Esanda dut britainiarren indar txikiak kokagunearen erdian zegoen herria zuela hartuta eta, horrenbestez, ezin zuten ikusi ezkerraldeko saihetsean gertatzen ari zena muino piko batek eragozten zielako. Hamaikak aldera tiro hots oso bizia entzun zuten saihets horren inguruan, minutu gutxi batzuk iraun zuena; ondoren, berriz ere isiltasuna. Ofizial bat iritsi zitzaigun zaldi gainean trostan, esanez erasoa atzera bota zuela ausardia handiz sakongunea inguratzen zuen zirkulu formako ezponda batean zain zegoen batailoi espainiar batek. Zoritxarrez, O’Donellek hain gartsuki borroka egin zuen batailoia bertatik kendu eta haren ordez De la Infanta zeritzona bidali zuen. Gutxira, karlistek berriro ere aurrera egin zuten haitzartean barrena eta, hauek ikusita, 5. erregimentu espainiarra, betirako berea izango duen lotsarako, armak airean bota eta ihesi itzuri zen tiro bakar bat jaso eta bota aurretik. Etsaiak oso azkar egin zuen aurrera eta zorigaiztoko ingelesek gainera zetorkien arriskuaz izan zuten lehenengo berria txapeltxuriak bere erretirako lerroan ikustea izan zen eta baita ihesean zihoan gudaroste espainiarraren ikuskizun negargarria ere. Gure ezkerraldean kokatuta zegoen etsaien osteetako batailoi batek, erasoko zutabeak aurrera egin zuela ikusirik, ibaia zeharkatu zuen zubia baino gorago eta muino bat hartu zuen herriko plazatik ehun bat yardatara, horrela plaza guztiz tiropean izanik. Su azkarra egin zuten guztiek plazaren gainean, eta Clarke koronelak konpainia bati aurrera egitea agindu zion haien aurka jotzearren. Eraso horretan bere adoreagatik Durkin tenientea nabarmendu zen, ia mutikoa zena; Eskoziarren Erregimentuaren buru jarrita, muinoan ziharduen etsaiaren aurka oldartu zen, baita hura ihesean jarri ere nahasmendu handian. Zorionez, Wood maiorrak eta Delamere kapitainak Clarke koronelarengandik agindua jaso zuten eskoziarren bi konpainia mugiarazi eta errepidea garbi utz zezaten. Bi ofizial bikain horiek baionetak finkatzea agindu zuten eta erasoari ekin zioten errepidean behera. Txapeltxuriak ezker eta eskuin saihetsetarantz bildu ziren, baina oso bizi tiro egiteari utzi gabe; zauriturik erori ziren eskoziarrak ezinbestez bertan utzi behar izan zituzten ziurra zen heriotzaren zain. Konpainiek txukun egin zuten erretira, baina hil-zauritu ugari utziz.
Clarke koronela zaldi-lauhazkan iritsi zen kokagunearen aurrealderaino eta bertan geratzen ziren eskoziarren bi konpainiei agindu zien abiatzeko atzerantz eskuin aldetik mendiak irabaztearren. Kalera itzuli zen. Bertan ofizial batekin egin zuen topo, zeinak erregu egin zion bertatik hanka egin zezan. Bere erantzuna: “Hemen dut agintea, eta herritik ez dut alde egingo bertan ingeles bakar bat gelditzen den bitartean”.
Ihes egitea lortu zuen soldadu batek esan zuen lantzari karlista bat ikusi zuela lauhazkan iristen buruzagi adoretsuarenganaino eta bere zaldia uhaletatik eusten. Clarkek askatzeko ahaleginean ziharduenez, doilor bihozgabeak bere sableaz izterrean zauritu zuen, eta, ondorioz, koronelak lurra jo zuen.
Diotenez Clarke preso hartu eta biharamunean Tolosara eraman zuten, beste soldadu eta ofizial askorekin batera fusilatzeko. Horrela hil zen miliziak zuen gizonik hoberen eta adoretsuenetakoa, ezagutu zuten guztien begirunekoa eta guztiek negarrez agurtua. Urte askoz lineako infanteriako 12.ean laguntzaile gisa jardun zuen eta primeran menderatzen zituen gudarosteko atal bakoitzari zegozkion ezaugarri eta xehetasunak. Soldadu adoretsu hau borroka eta gudu guztietan nabarmendu zen. Martxoaren 16an bala batek jo zuen lepoko eskuin aldean, eta bertako besoan mugimendua guztiz galarazi zion. Zauri larri horrengatik bizitza osorako diru-saria eman zitzaion, kalte hura gorputz-adar hura galtzea bezalatsu baitzen. Beste askok bere aukera izanda erretiroa hartuko zuketen irabazitako ohorearekin eta zahartzarorako diru-sariaz, baina Clarke koronela ez zen eite horretako gizona; bere ogibidearen zale porrokatua zen eta, Legio berria osatu zenean, bertan lekua eskatu zuen bere adiskideek besterik erregutu zioten arren. Bere zerbitzuak balio handikoak ziren bazterrean uzteko eta Eskoziarren Erregimentura egotzi zuten. Betebeharrekin zorrotza zen oso, baina bihotz amoltsua zuen eta eskuzabala, eta Legioan guztiek maite zuten.
Etsaiak lortu zuen ia-ia kanoiak bere esku hartzea. Howe maiorra jabetu bezain laster haiekiko zuten arriskuaz, martxan jarri zen eta ahalik azkarren errepidera irten zen etxe batzuen atzetik. Bertan fusilari konpainia batekin egin zuen topo, atzerantz zihoazen apur bat nahasita. Etsaiak alde guztietatik estutzen zituen. Egoera hartan, artilariak eta kanoiak arrisku bizian zeuden. Une horretantxe Howe maiorrak oihu egin zien fusilariei: “Mutilak, ez gero utzi gure kanoiak harrapatzen, haiek inoiz ez zaituztete zuek bazterrean utzi-eta!!” Hitz sutsu haiek izan zuten eraginik: gizonek gogoz erantzun zuten, bizkarrera egin eta etsaiari aurre egin zioten horren aurrerabidea denbora batez eragotzi zuen su sarri eta suntsitzailea eginez. Howe zaharrak arnasaldi labur hura baliatu zuen eta kanoiek Kaletxiki pikoan behera egin zuten tximistak balira bezala, sakabanaturiko etsaien talde batzuen artean estu-estu igaroz. Pieza guztiak salbu atera ziren; baina suziriak jaurtitzeko tramankuluetako bat eta ehun eta laurogeita bederatzi suziri etsaien esku gelditu ziren.
Atzera egin ahala, Howek hainbatetan errepidetik kanpo 6ko kanoia sutarako jarri zuen eta gainera zetorkion etsaiaren aurka metraila eta bala borobilez osaturiko deskargak egin zituen behin eta berriz. Gutxienez bitan harrapatuko zuketen ez balitz izan lantzari ingeles talde txiki batek egin zituen eraso ausartei esker, horiek euren ofizial Stutterheim baroi eta Hograve kapitain ausartegien agindupean.
Fusilarien hirugarren konpainia osoa, Courtenay kapitainaren eta bere bi menpekoen agindupekoa, txikitu egin zuten, bizirik atera ziren bost gizon izan ezik. Guduaren hasieran konpainia hau abangoardian jarri zuten, herrigunearen aurrean, zaindu ahal izateko etsaiak bere babeslekuetatik Legioaren artileriaren aurka jaurtitzen zuen sua. Hemen azpimarratu behar dut etsaiaren artileriaren tiroak zuzenak zirela oso, horietako bakoitza zuzentzen zuten euren ustez guri kalterik handiena egingo ziguketen herriguneko kokalekuetara, baina doitasun eta bizkortasunean Howeren kanoiak gailendu zitzaizkien eurenei are prestuago eta zoliago ibili zirelako, eta, horrela, ongi zuzenduriko sua jaurtiz laster isildu zituzten haien bateria guztiak, eta bere tramankulu nagusia, 24ko kanoia, euskarritik bota zuten. Gogorarazi behar da 6ko gureak lau aldiz handiagoko kalibrea zuten kanoiekin ari zirela borrokan.
Atzerabidearen gure kontakizunera itzuliz: orain ihes egiteko ahaleginetan zebiltzanen helburua eskuin aldean zeuzkaten mendien gailurretara iristea zen, eta, horrela, Santa Barbararaino edo Hernaniraino atzera egitea. Wilson koronelak esan zidan iheslari gehienek lortuko zuketela euren helburua gauzak azkarregi egin nahi izan ez balituzte, baina gutxik izan zutela behar besteko adore eta odol hotzik halako une estu eta larrian… Nire laguntzailea, Mr. Bain, gorabehera arriskutsuenetan ere adorea eta erabakitasuna galtzen ez zuen gizon horietakoa zen. Herria uzteko orduan azkenetakoa izan zen, eta, gizon kementsua zenez, arin eta bizkor lotu zitzaion ezponden arteko bide batean barrena, artaldea balitz bezala zihoan batailoi espainiar baten atzeragoardiari. Bidexka horretan aurrera egin bitartean tiroetatik babesturik egongo ziren eta Bainek pentsatu zuen, ezponda horien gainaldera igoz gero eta haietan zehar 100 bat yarda korrika egiten bazuen, gero berriro ere bere burua bidera erortzen utz zezakeela eta, horrela, tartean utzitako 200 bat gizon aurreratu eta bizkarrean utzi. Horrela jokatzen bazuen, jakina, bala galduren batek jotzeko arriskua hartzen zuen eta primeran zekien hala gertatuz gero zein izango zuen ezinbestez halabeharra; oso gizon gutxi ausartuko litzateke gisa hartara jokatzen; gure medikua orotara ausartzen zen horietakoa genuen. Bidetik jauzi egin eta mugan zehar lasterka egin zuen orein batek bezala, balek bere inguruan jotzen zuten bitartean; amarru hori bizpahirutan errepikatuz, lortu zuen lauehun edo bostehun bat gizon gibeleratzea. Bien bitartean, errepidera irten behar zuela erabaki zuen, itxaroten baitzuen gure zalditeria ausart eta eraginkorrak berandu baino lehen eraso egitea. Horrenbestez, mendiaren eta errepide nagusiaren erdibidean eutsi zion. Askotan bere burua hain akituta ikusi zuen ezen leher eginda erortzeko zorian egon baitzen.
Andoaindik pare bat miliatara zoritxarreko O’Donell jeneralarekin egin zuen topo; egunsentian zazpi mila soldadu bere agindupean zituen gizona orain iheslaria zen, oinez eta txano eta sablerik gabe. Ia-ia etsaiek bitan ehizatu zuten, baina gainetik kentzea lortu zuen. Ahalegin betean zebilen ezponda lokaztu batean gora igo nahian muinoaren gailurrera iristeko eta gain egitea lortuta zuen soldadu espainiar bati eskatzen zion eskua emateko laguntzearren. Soldaduak bere ihesari jarraitu zion entzungor, jaramon zipitzik egin gabe bere jeneralari. Esan beharrik ez daukat Bain jaunak eta ondoan zuen eskoziar batek berehala eskaini ziotela laguntza eta euren sorbaldetan eutsiz jaso egin zuten ezpondaren ertzetik gora. O’Donnell jeneralak aurrerago soldadu eskoziarra ezagutu egin zuen eta lau dolarreko txanpona oparitu zion.
Bainek bere ihesari jarraitu zion eta laster izan zuen aukera begietan guztiz gozatzeko Lantzarien 1.ak hasita zuen erasoa errepidean behera. Lortu zuen bertara iristea, hainbeste borroka eta neke ekarri zion bere helburura. Lantzarien eraso horretan jaso zuen zauri hilgarria M’Kellar maior zangarrak: bala batek bihotzean jo zuen eta zalditik erori zen oihu eginez: “Ene Jainkoa!”; ia bat-batean hil zen. Lantzarietako batzuek zalditik jaitsi eta bere ezpata eta gerrikoa jaso zituzten, baina ziztu bizian atzera egin beharrean ikusi zuten bere burua. Cotter teniente gazteari, bere ondoan zamalkatzen baitzen, zaldia akabatu zioten M’Kellarrek lurrera egiten zuen une berean. Cotterrek, baretasun osoz, jauzi egin zuen hutsik zegoen bere adiskidearen zelara eta lauhazkan atzera egin zuen gainerako lantzari guztiekin batera.
Forbes kapitaina ikusi zuten, fusilarien laguntzaile zena, kalean zaldi bikain baten gainean, “Jainkoarren, Forbes, alde egintzak hemendik!!” esan zion bere ondotik igaro zen ofizial batek “zaldi bikaina daukak eta ihes egin dezakek”. Forbesen erantzuna zinez erromatar batena izan zen: “Clarke koronelak oraindik ez du herrigunea utzi. Ofizial britaniarra da eta agintean da. Ezingo didate inoiz esan bertan behera utzita ospa egin nionik!” Erreguak alferrikakoak ziren eta denbora baliotsuegia alfer erregutan ibiltzeko. Ez dakigu nola hil zen.
Shields anaiak, maiorra zein kapitaina, kalean erori ziren ere. Robert Shields-en heriotzean gorabehera oso berezia izan zen. Andoain alderantz abiatzeko bezperan gaixorik zeudenen zerrendan zegoen, belaunean hazi zitzaion erlakizten batengatik; abiatzeko gure aginduak jaso genituenean, Donostiarantza alde egiteko agindu nion, zerbitzurako inolaz ere gauza ez zela iruditzen baitzitzaidan. Erregu egin zidan utz niezaion erregimentuarekin batera abiatzen eta goxa nezala, mesedez, Clarke koronela, hori ameti zezan. Koronelaren aginte-gunera joan nintzen eta kontua azaldu nion. Erne aditu zidan eta kontuarekin amaitu nuenean, zera esan: “Doktore, bihar goizean kapitaina formazio barruan baldin bada, nire eginbehartzat joko dut zu atxilotzea”. Shieldsen dendara itzuli nintzen erantzun itsusi horrekin eta irmo agindu nion joan zedila Donostiara. Nire kontzientzia gai horri zegokionez berdindurik, egin kontu zer nolako ezustekoa izan nuen biharamunean erregimentuan Shields ikustean. Geroztik jakin nuen bere anaiak, maiorrak, biziki egin ziola erregu koronelari baimena eman ziezaion anaiari gudarostea bere bidaldian lagundu ahal izateko, eta, ageriko denez, lortu ere lortu zuela. Clarke koronelak bere eginbeharrei irmo eutsi balie, edota maiorra tartean sartu ez balitz, salbatuko zatekeen bere familia eta adiskideentzat gizon burutik oinetaraino prestu baten bizitza.
Larkham kapitaina ikusi zuten bere ezpata ofizial karlista batenarekin jotzen: borroka gogorra zen eta euren artean berdindua, baina amaitu egin zen Larkham-i bala batek bekokia zulatu zionean. Gazte oso adeitsua zen eta manera hezi eta atseginekoa, ofizialkide zituen lagun guztien begirunea eta iritzi ona irabazita zituena. Maiatzaren 5eko ekintzan zehar ere beso batean larri zauritu zuten.
Ez ditut aipura ekarriko borrokaren izugarrikeria ikaragarriak: esan besterik ez ofizial eta soldadu asko lurrean zeutzala guztiz ahiturik, baina adimeneko ahalmen guztiekin, bertan, akabatuko zituzten ehiza zakurrak noiz iritsiko zain. Halaxe hil ziren Carnaby bizkor baina xelebrea, Dalrymple txeratsua, O’Brien gogor bezain alaia eta fusilari eta eskoziarren arteko beste soldadu asko. Harris kapitaina, zeinak ihes egin baitzuen, ihes egiteari utzi eta amore ematekotan egon zen, baina gazte ausart batek, Wilson koronelaren laguntzailea bera, eragotzi egin zion, eta besoan zauria zuen arren itzuriarazten tematu zitzaion. Ofizial horrek esan zidan Carnaby eta Dalrympleren ondotik igaroa zela eta O’Brien hilurrenaren oihuak entzun zituela. Zein bihotz-urragarria izan zen haiengandik alde egiteaz egin zuen azalpena: “Lagunidak Harris! Lagunidak edo ez diat lortuko!” “Eutsi, Carnaby, eta lortuko duk ihes egitea! Ezin diat lagundu; neroni ez nauk gauza ia mugitzeko ere!” “Orduan, egun handirarte, Harris! Bertan izango nauk heriotzaren zain!”
Irudimena ikaratu egiten da gizon adoretsu haiek bere hiltzaileak gainera etorri zitzaizkien arte igaro behar izan zituzten hilzoriko une izugarrien ikuskizunaz. Berriz ikusiko ez zuten sutondoaren oroitzapena, berriro besarkatuko ez zituzten sendiko eta adiskideena, euren oroitzapenik kuttunenak senar edo maitale gisa… Hori guztia, minutu gutxiko une labur batzuetan, heriotza eman zien baionetaren ziztada baino sufrikario mingarriagoa izan bide zen.
Erregimentu eskoziarrean hil ziren ofizialak hauexek izan ziren: Clarke koronela, Shields maiorra eta kapitaina eta Townsend, Haslam, O’Brien eta Simms tenienteak. M’Kellar maiorra, esan dudan legez, soldadu batek hil behar duen moduan erori zen, gizonki borroka eginez guduaren erdian.
Etsaiek eskuratu zituzten harrapakinak, berriz: ehun mila kartutxo, hiru mila zapata pare, ehun eta berrogeita hamar kanpadenda, artileriako ehun eta laurogeita hemeretzi suziri, hiru egunez hamar mila gizoni jaten ematekoak eta gutxienez espainolek bertan behera utzitako mila eta bostehun kajoi arma.
Ofizial eta soldadu giristino ugari britainiarren baionetakadez erori ziren euren koldarkeriaren zigor gisa. Espainolek bere mosketeak bota eta ihes egitea eragotz ziezaiekeen oro erantzi zuten, eta denak suntsituko zituzketen Lantzarien 1.ak egindako erasoengatik ez balitz.
Ez zen gerra honetan hau bezain gudualdi galgarririk izan: bizirik atera zirenak penaz eta atsekabe sakon batez beterik utzi zituen. Nireari dagokionez garbi esan dezaket hainbat astetan nireak benetako amesgaiztoak izan zirela, heriotzaren irudi ezberdinek beterikoak, beti ere erarik izugarrienetan eragindakoak. Etsaiak gure lerroetan geneuzkan mutilik onenetakoak hiltzeko hautatu balitu bezala. Zein zorionekoa hiru egun aurretik balaz egin zidaten zauria!!
ANTONIO PIRALA CRIADO (Lekukotzak 9 edo 10.etik hartu)
ANDOAINGO EKINTZA
Hernaniko gertakari zaratatsuen ondoren, zeinei buruz zabalago hitz egingo baitugu matxinada militarrez hitz egiterakoan, Mirasolgo Kondeak gudarostearen agintaritza O´Donellen eta Jauregiren esku utzi zuen, lehenak ondoren abanguardia gidatuko zuen eta, bigarrenak, gudarostearen gorputza. Abuztuaren 7an Portun egin zuten borroka eta 28an Lasarten… Jauregi gaisotu egin zen eta uko egin zion Kantauri Kostaldeko Gudarostearen buruzagitza nagusiari eta, bere ordez, O´Donell izendatu zuten.
Gudaroste hori benetan egoera larrian zegoen: gudarosteko mutilak ez ziren batere pozik, arauak bazterrean utzita, diziplinarik eza guztiz garaile: liskarra sortu zuten zioek oraindik bizirik zirauten: baziren soldadu eta ofizialak, bereziki Donostiako gudulerroan, hamahiru hilabetetan bi aldiz baizik soldata eskuratu ez zutenak; oinutsik zebiltzanei oinetakoak eman ordez soberan ziren armak eman zitzaizkien. Egoera hori, egiaz, ez zen buruzagi berria limurtzeko modukoa. Baina gaztea zen, aginteak balakatzen zuen eta ez zekien beldurra zer zen: guztiz bestela, erasora joz aritzeko asmoa zuen, egin zizkioten oharren arabera, eta oso sutsuki bete zuen asmoa.
Urangak Gipuzkoan bost batailoi baino ez zuen, horietako lau Urnietan eta Andoainen kanpatzen, eta bosgarrena taldeka sakabanaturik kostaldean, Getarian, Oiartzun eta Irunen; eta hain indar txikiarekin ez zuen zalantzarik izan aurre egiteko bere aurkariaren indar askoz handiagoei, zeinak, gainera, egunetik egunera hazi egiten baitziren martxoko ekintzetan zauritu eta jada erietxeetatik sendaturik itzultzen ziren soldaduekin.
Irailaren 8an O´Donellek bere jendea mugitu zuen, baita artileria ugari ere, Hernani eta Urnieta aldera, eta hain bapatekoa eta oldartsua izan zen erasoa, karlistak ez baitziren gauza izan aurre egiteko; erretiradan borrokatu ziren, guztiz gainezka ikusiz euren burua aurkarien kopuruagatik; aipatu bi herriak atzean utzi zituzten eta Andoaingo zubia zeharkatu zuten, babesa bilatuz Oria eta Leitzaran ibaien beste aldean. Liberalek aurrera egin ahala bideko baserriak erre zituzten, ehun eta hogeita sei inguru, eta gehiago ziren etxebizitzarik gabe utzitako familiak, ingelesak izanik sute horietako gehienei eragin zietenak. Bertan bizi zirenak baserrietatik ihes egin izanak ez du zuritzen baserriak guztiz kiskaltzea: gerra-legea izango da hori, baina bat etorriko gara esaterakoan, noski, lege basatia dela, guztiz ankerra, eta hainbeste baserri erretzeak, gehienak bakarturikoak gainera, gipuzkoarrengan gorrotoa eta herra sortu zituen.
Borrokaldi hauetan bi aldeen artean berrehun bat mutil galdu zen, bi aldeetan izandako zaurituak eta hildakoak batuz gero.
9tik 13ra bitartean elkarri zelatan eman zituzten egunak bi arerioak, borroka egiteko lehia handirik azaldu gabe, elkarri tiroka etengabe jardun zuten arren, batak besteari galeraren bat edo beste eraginez.
Gertakari hauek izan bitartean Uranga jenerala Nafarroan zen eta horien berri mezulari berezi baten bidez irailaren 10ean jakin bezain pronto, bi batailoi eta gidari konpainia bat deitu eta Gipuzkoarantz jo zuen, zeinaren egoera larriak benetan estutzen baitzuen: Tolosara bizkor bizian sartu dira, bere aldekoei bihotza arindu zien jenerala ezustean eta hain azkar iritsi izanak, eta lehenengoz eta behin liberalek Andoainen harrapaturiko kokalekuak berreskuratzen ahalegindu zen, bertan babesturik baitzeuden liberalak. Arerioen eremua begiztatu zuen eta ikusi herriaren goialdean kainoiak zeuzkatela ipinita, elizaren ondoan, eta defentsarako beste lan handi samar batzuk egitekotan zirela; garbi ikusi zuen guztiz egokia zela erasora lehenbailehen jotzea; erasoa egitea erabaki zuen eta, horrenbestez, artileria egokitzeko eta erasorako beharrezo ziren gainerako bitartekoak prestatzeko aginduak eman zituen.
O’Donell prest zegoen erasoaren zain, bere indarrak handiagoak izan eta bi arerioak bi ibaiek banatzen zituzten arren: Oria ibaia, ibietan zeharka ezina, eta Leitzaran ibaia, hortxe-hortxe.
13tik 14rako gauan karlistek bateria bat kokatu zuten Itxaso mendian, eta bestea Sorabilla ondoan, Bazkardo etxearen gainaldean, bertan kalibre handiko lau kainoina ipiniz: beste txikiago bat errege-bidean kokatu zuten.
Urangak jada bere asmoa hausnartuta zuen, baina hartu beharreko erabaki guztiak garrantzi handikoak ziren eduki zitzateken ondorioengatik eta, hala, jeneralen eta brigadierren bilera deitu zuen, ebazteko egoki ote zitekeen etsaiari bai eraso egitea edo hobe ote zitekeen kainoien babesean borrokarako haren zain geratzea. Gipuzkoako Komandante Buruak adierazi zuen ezinezko iruditzen zitzaiola halako bi jende-indarra eta kokapena gainetan zuen tropa bati eraso egitea eta bi ibaiak zeharkatu beharrean; baina gudarosteko brigadierrek erasoaren aldeko jarrera azaldu zuten, esanez eurak jarriko zirela batailoien buru euren gain hartuz erantzukizun osoa. Halako buruzagi eta soldaduekin ezer gutxi da ezinezko. Uranga, borrokarako irrikitan baitzegoen, baiezkoa eman zion erasoan ekiteari eta horretarako prestakizunak hasi ziren, Vargas Estatu Nagusiko buruak berehala antolatuz honako eraso plana: bost konpainiek Oria zeharkatu behar zuten Lasarte ondotik, Buruntza mendiko maldetan gora egin eta eguna argitu baino lehen zelatan jarri: hiru batailoiek Leitzaran ibaia zeharkatu behar zuten oholtza batzuk erabiliz eta aurre-aurreko mendiaren eskuinaldetik jo Atxular mendiaren oinean zelatan gordetzeraino. Beste hiru batailoiek aurrez aurre jo behar zuten Zumean barrena eta Andoaingo zubiari aurpegia emanez egunsentirako. Beraz, egunsentia sumatu zenean artileria jo eta su hasi zen bere ortotsean, ezkerraldean ezkutaturik zeuden konpainiak agerian jarri eta bidera aurreratzen hasi ziren.
O’Donell prest, aurre egin zien, eta beste indar batzuk ere ikusita, pentsatu zuen eraso nagusia handik zetorrela, eta hiru batailoi bidali zituen bost konpainia haiei aurre egin eta gerarazteko. Hori egin arren, buruzagi liberalak bere indarren erdigunea haruntz mugitu zuen eta, horixe baitzen buruzagi karlistek bilatzen zutena, ikusi orduko gudaroste liberalaren zati bat banandu egin zela, hiru batailoiak bere ezkutalekutik atera eta tirorik bota gabe liberalen ezkerraldeari egin zioten eraso, eta hau, ezustekoagatik durduzatuta eta denborarik gabe euren fusilez tiro egin ahal izateko, anabasa hutsean egin zuten atzera. O’Donellek ausardia handiko ahaleginak egin zituen berak pertsonalki zuzentzen zituen Geronako batailoiekin; baina Zumean ziren hiru batailoi karlistak Leitzaran ibaia igaro zuten zubian eta inguruetan barrena eta erdi aldean zeuden liberalek ezkerraldetik bere burua babesik gabe ikusiz eta eskuinaldekoetatik urrunduta, erretirada hasi zuten sakabanatuz. Aurrez aurre erasoa jasoz eta karlisten eskuinaldeak irtenbidea mozten ziela, errukirik gabe labanaz sastakatzen hasi ziren; ez zitzaien koartelik ematen, ezen bertakoak, etxea guztiz galdu zuten baserritarrak, soldaduekin batera nahasturik baitzetozen, euren baserriak kiskali izana mendekatzen baitzuten harrapatzen zituzten guztiak hil ahala oihu eginez: ez da kuartelik su ematen dutenentzat! Sarraskia izugarria izan zen, eta jokabide hura benetan harrigarria baitzen, preso geldituko zirela uste zutenek ez zieten aurre egiten.
Badoaz nahaspilan batzuak eta besteak korrika Hernaniko fronteraino, gobernadoreak bertako ateak itxi zituen karlistak sartuko zirelakoan beldurrak jota, baina horiek atzera egin zuten eta sakabanaturik borroka-eremuan geldituriko armak eta gainerako harrapakinak biltzen ari ziren bitartean, liberalak Hernaniko harresien atzean babesturik berriro indarrez osatu ziren, bere ohorea berreskuratzera jo nahi zuten, Urnietaraino aurreratu ziren, elizari eta ia herri osoari su eman zioten, zeinaren suak bezturiko hondakinak oraindik ere ikus bailitezke burdinbidean aurrera igaroz gero. Berriro ere karlistak aurre egiteko prestatzen dira, baina hain da handia gudaroste liberaleko diziplinarik eza, eragotzi egiten diela galdutakoa berreskuratzea eta Hernanira biltzen dira.
Seiehun eta hogei hildako liberal aurkitu ziren legoa bateko luzera bider legoa erdiko zabaleran, hirutik bi ingelesak, horietako batzuk eliza barruan gelditzeko tematu zirenak ankerki hilak (2); zauritu gutxi atera ziren bizirik eta ehun eta hamalau espainiar egin zituzten preso. O’Donellek bere burua salbu jartzea lortu zuen besteren zaldian eta hiruadarrekoa (kapela) galduta. Zortziehun fusilek, janari biltegi bikainak eta beste gauza batzuek osatu zuten harrapakin aberatsa. Hildako eta zauritu karlistak ez ziren ehuneko batera iritsi. Hauen garaipena garratzitsua izan zen oso bere mende hartu zituzten kokapenengatik eta irabazteak eman zien kemen handiagatik.
Garaipen hartan Vargas, Iturriza, Alzáa eta Iturriagak bere eskutik asko jarri zuten, ibilera luze eta neketsua egin behar izan arren bide irristakor eta igaro ezinetan barrena, eta euripean, eta horrek gelditzera behartu zituen, gudarostea zelatan jarrita, atseden hartu ahal izateko, eta zinez garaipen goretsia izan zen, eta arrazoi osoz, ezen gutxi izango baitira ez dakitenak zein garrantzi ematen zitzaien, bi aldeetan, borroka-lerro haien defentsari.
Garaipena Tolosan pozez ospatu zuten, ohiko Te-deum elizkizuna eta herrian jaiak eginez; Don Carlosek saritzeko domina sortu zuen (1) gudu horretan parte hartu zuten guztientzat, betirako iraunaraziz irailaren 14ko oroitzapena eta, aldi berean, pizgarri ohoragarria emanez hain kementsu eta sutsuki jokatu zuten defendatzaileei.
Urangak Don Carlosi ekintzaren berri zehatza eman zion eta biharamunean Gipuzkoako probintziko gerra aldundiari honako agirian (2).
Erakunde horrek bere jurisdikziopeko alkate eta udalei garaipenaren berri eman zien, aldi berean xaxatuz herritarren arma horniketari buruzko aginduak oraindik bete ez zituztenen ardura, haien ahalegina kausaren garapenari begira jartze aldera.
(1) Errege agindua.- Estatu- eta Gerra bideratzeko Idazkaritza.
Jaun txit gorena: – Gure jaun erregek betirako iraunarazi nahi baitu Andoaingo zelaietan 1837ko irailaren 14an bere erret armek burututako gudu aintzagarriaren oroitzapena, zeina Nafarroako eta Euskal Probinzietako jeneral goren izan zen Jose Uranga lotinant jeneralaren agindupean irabazi baitzen, onartu du, aipatu jeneralaren proposamenez, saritzeko gurutzea ematea egun horretako garaipenean esku hartu duten sail guztietako lagunei. Ohore-domina hori lau lili-lore erdik osatuko dute uztail urdin bati loturikoak, eta dominaren erdian, ifrentzutik, gurutze gorria ipiniko da, eta uztai horren kanpoaldetik, esmalte zuriz margoturiko beste baten gainean, zeinean ere loreak izango baitira, idatzi hauxe irakurri ahal izango da: In hoc signo vinces. Ifrentzuko esmaltea guztia zuria izango da, erdi-erdian aipatu data idatzita ekarriko du eta itzulinguruan Andoaingo gudua izena. Gurutzea erramu-hostoek bilduko dute: urrezkoa izango da buruzagi eta ofizialentzat eta kobrezkoa mota orotariko soldadu-mutilentzat; eta sarituriko guztiek ezkerraldeko saihetsean eramango dute, xingola batetik zintzilik, zeina bost zati berdinetan banaturikoa izango den, kanpoaldeko biak eta erdikoa gorriak eta gainerako biak urdinak. Gorentasun Horri errege aginduz adierazten diot, etab. –Azkoitiko Erregerena, 1838ko abenduaren 25ean– Valde Espina, Gudarosteko Buruzagitza Nagusiko buruari.
(2) Probintzia horren eremu osoan oihartzun nabarmena izan baitu atzoko egunez O’Donell su-emaile eta odolzalearen agintepeko zutabe matxinoaren aurka bertako batailoi adoretsuek izandako garaipena, Gorentasun Horri beste esatekorik ez dut zorionak ematea baizik nire buruari ematen dizkiodan bezalaxe gure Errege jaunaren kausarako bertako herritar onberentzat adina mesede izan den hain gertakari onuragarriagatik. Hori lortzearren borroka eginez lagundu duten guztien ahaleginak guztiz goresgarriak dira eta halaxe adierazi diot jada Erregeren Handientzari hain egun gogoangarriaren berri eman diodanean. Baina bidalitako gaztiguan ez baita bertako herritar armatuen aipamenik egin, zeinak suhar eta erabakitasun handiz, eredu bikain izateko adinakoak, etsaiaren aurrera buruz buru jo zuten borroka egitera, xehaturiko gerra gaztiguan hutsune hori emendatzearen kalterik gabe, nahi nuke Gorentasun Horrek nire izenean eskerrak eman diezazkien, adieraziz nire esker onak zein zor handia egin duen euren jokabide zintzo eta heroikoarekin, eta Gorentasun Horrek nahi izatera agiri hau molde hitzetan inprimaraz lezake hain gorputz agurgarriaren atseginerako. –Jaungoikoak, etab. Tolosan, 1837ko irailaren 15ean.– Jose Uranga. Gerra garaiko Aldundi Txit Prestua, etab.–