Andoaingo gudua

2013. urtean mustu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Andoaingo gudua izeneko bere ikuskizuna, Andoaingo kaleetan barrena.

Ikuskizuna, lehenengo karlistaldiko gerran Andoaingo kaleetan karlista eta liberalen artean izan ziren borroka odoltsuen gainekoa da. Geroztik, 2015 eta 2017an egin du eta, 2021. urtetik aurrera ziurrenik urtero berrituko du ikuskizun hori, urtero berbera izango ez bada ere: urte pareetan gudaroste liberala Andoainera iritsi zenekoa antzeztuko da eta, urte ez pareetan Andoaingo gudua bera.

Ekitaldiaren argazki galeria daukazue ikusgai

Aurreko urteetako kartelak: 201320152017

GERTAKARIAK

Andoaingo gudu hori, 1837ko irailaren 14an gertatu zen, goizaldean hasita. Aurreko egunetan, irailaren 7 eta 8an, O’Donell jeneralaren agindupean gudaroste liberalak Andoainera iritsi ziren Hernanitik, Tolosarantz jotzeko asmoz. Hernanitik aurrera egin ahala txikizio handia eragin zuten aurrena Urnietan eta, jarraian, Andoaingo Leizotz eta Buruntza auzoetan. Andoaingo bi auzo horietan 60 baserritik gora guztiz kiskali zituzten.

Baina iritsi ziren Andoainera eta liberalek kanpamendua antolatu zuten Goikoplazan. Ia 7.000 soldadu liberal iritsi ziren, horietako asko Espainiako Gerona eta El Infante erregimenduetakoak ziren, baina 2.000tik gora ziren Legio Britainiarrarekin etorritakoak eta, azken horien artean, irlandarrak, ingelesak, eskoziarrak… Gipuzkoan, egun horietan karlisten bataloi pare bat baino ez zegoen lurralde osoan, mutil gehienak Madril aldera baizihoazen Don Carlos erregegaiak antolaturiko espedizioan. Horregatik, Hernanitik aurrera egin zuten liberalek ez zuten eragozpen handirik aurkitu eta Urnieta eta Andoain zaintzen ari ziren karlista gutxi haiek erraz uxatu zituzten.

Esan bezala, Don Carlos erregegaiak espedizioa antolatu eta Madril aldera zihoan Hego Euskal Herritik irten eta milaka mutilek lagunduta. Bere probintziak –halaxe deitzen baitzien Hego Euskal Herriko lau herrialdeei– zaintzeko Uranga jenerala Euskal Herriko jeneral goren izendatu zuen. Liberalak Andoainera iritsi ziren garaian Uranga Ziraukin zegoen bere batailoiekin, Nafarroan. Liberalak Hernanitik atera eta Andoainera mugitu zirela jakin orduko martxan jarri zen, oso mugimendu arriskutsua baitzen hori karlistentzat eta nola edo hala eragotzi egin behar zuen. Irailaren 11rako Uranga eta bere mutilak Amasa eta Aduna aldean ziren, liberalen mugimenduak zaintzen Oria eta Leitzaran ibaien arroen barrena, baita herrian bertan, Goikoplazan, kokatuta zuten kanpamendu ederrean.

Karlista eta liberalen arteko guduaren antzespena Andoainen 2013-10-9. Argazkia: Jose Ignacio Unanue

Uranga jeneralak, denetara, handik eta hemendik laupabost batailoi elkartzea lortu zuen, berak ekarritakoei Gipuzkoan barrena zeudenak gehituz: 3.500 gizon inguru, liberalen indarraren erdia…

Bizpahiru egunez liberalak zaintzen egon ondoren, erasora jotzea erabaki zuen eta, horretarako, egun seinalatua aukeratu zuen: irailaren 14a, Gurutze Santua gurtzeko eguna sinisdun kristau katolikoen egutegian.

Iritsi zen eguna: 7.000 soldadu liberal Andoainen eta aldirietan. 3.500 karlista Amasa, Aduna eta Sorabillako sailetan…

1837. urteko irailaren 14an, egunsentiaren lehen argiak oraindik Andoainera iristear zirela, bostehun bat gizon, karlista txapeltxuri eta txapelurdinak, Oria aldetik Urnietako Arrikarten barrena igaro eta Andoain aldera jaitsi ziren, bertan ziren soldadu liberalei eraso eginez. Liberalen buru zen O’Donell jeneralak, eraso haren zain, bere soldaduak bidali zituen karlistak uxatzera. Baina karlisten buru zen Uranga jenerala bizkor ibili zen eta herriaren beste muturrean, Leitzaran ibaiko Unanibiko parajetik aurrera Atxular mendiaren magalerantz joz, mila txapeltxuri eta txapelurdin inguru jarri zituen borrokan goizeko seiak aldera, Sorabilla aldetik karlisten kanoiek su eta tunba egiten hasi ziren aldi berean… Horrela hasi zen irailaren 14 hartan Andoaingo herrian eta aldirietan 600 eta 800 hildako inguru utzi zituen gudu ikaragarria, Andoaingo gudua izenarekin ezagutzen dena I Gerra karlistari buruzko historiografian.

Karlos V. erregegaiaren aldeko gudarosteek (karlistek) 3.500 gizon elkartu zituzten Andoainen, eta Isabel II. erreginaren aldekoek (edo agintean zegoen Maria Cristina bere amaren aldekoek), berriz, 7.000tik gora, horietako asko Britaniar Brigadakoak, Isabel II.aren alde borroka egitera Erresuma Batutik etorritakoak. Esan bezala, egunsentiaren aurretik Buruntza aldean eta Leitzarango Unanibia aldean hasitako borrokari ongi eutsi zioten liberalek, baina, halako batean, O’Donell jeneralak, arrazoi agerikorik izan gabe, Unanibia aldean suhar borroka egindako Gerona errejimenduko soldaduak atzera bidali eta, horien ordez, Infante errejimendukoak aurrera bidali zituen, azken horiek gazte bizargabeak, eskarmenturik gabekoak. Karlistek Unanibia aldean egindako bigarren eraso baten aurrean, ordea, Infantekoak izutu eta armak bertan bazter utzita antxintxikan atera ziren herrigune aldera, gero ihesean Hernani aldera jarraitzeko.

Hori gertatu ahala, goiza aurrera zihoala, karlistek bere eraso nagusia jo zuten, orain Andoaingo bihotzean, Gurutze Santuaren zubian. Arrisku handiko erasoa zubiaren beste aldea zaintzen zuten soldadu irlandar eta eskoziarren kontra egin beharrekoa… Baina erasoa hasi orduko, irlandar eta eskoziarrak jabetu ziren Leitzaran aldetik Leizaur jauregirantz Infante errejimenduko soldaduak korrika zetozela ihesi eta, hori ikusirik, izuak jota ez ziren zubia defenditzeko gauza izan eta karlistek, indar handiz, zubian barrena Kale Nagusian aurrera egin zuten, bidean hildako mordoa utziz…

Liberalak ihesi, Kale Nagusian gora Goikoplazara iritsi eta soinean zituzten armak eta trepetak bertan baztertuz Kaletxikin behera ihesi egin zuten, Urnieta eta Hernani aldera, karlisten hatsa lepondoan nabari zutela… Baina haietako batzuek, Gurutze Santuaren zubia zaintzen geldituriko irlandar eta eskoziarrak, San Martin elizan hartu zuten babesa, leku sakratua izanik, salbu zirelakoan.

Liberalek, egun batzuk lehenago Donostiatik Hernanin barrena jo zuten erasoan, lur kiskaliko deritzon jokabide militarra izan zuten Andoainera iritsi ahala, hots, bidean topatu zuten baserri eta etxe oro erre eta birrindu zuten, bereziki, Andoaingo Buruntza eta Leizotz auzoetako baserri ugari. Baserriak guztiz hustu ziren, eta bizirauteko bestela ere nahikoa lan zuten baserritarrek babesa karlisten lerroen atzean bilatu zuten, Oria eta Leitzaran ibaiez bestalde.

Karlistek aurrera egin zutenean liberalen aurka, herritarrak atzetik zihoazkien, asko bere ondasunak galduta, mendeku gose, “ez da koartelik su ematen dubenentzat” eta gisakoak oihu eginez. Karlistak eta herritarrak San Martin elizaren aurrealdera iritsitakoan, bertan babesturiko liberalek preso baina bizirik ateratzea itxarongo zuten, baina ez zen halakorik gertatu. Elizatik aterarazi eta plazan bertan akabatu zituzten. Ahoz aho gure egunetara iritsitako kondairaren arabera hainbeste izan zen Goikoplazan isuritako odola, Kaletxikin behera isurian O’Donell jeneralak ihesean galdutako kapela edo biadarrekoa eraman zuela…

Hernani aldera ihesi zihoazela, karlistak orpoz orpo jarraiki, bakar bat bizirik ateratzea ez zuten itxarongo, baina Hernanira borroka izugarrien berria azkar iritsi zen eta bertan ziren Brigada britainiarreko 100 bat zaldizko –ordura arte Andoainera mugitu ez zirenak beharrezkoa ez zelakoan– berehala jarri ziren zaldi gainean lauhazka handian, euren kideak babestu eta laguntzera joateko… Eta 100 zaldizko horiek euren kide ugariren ihesa babesteko oso garaiz iritsi ziren, eta haiek Txitxarrain eta Idiazabal aldean izandako borrokei esker atera ziren onik Andoaingo kaleetan akabatu ez zituztenak…

Hala ere, liberalek 600 eta 800 bitarte hildako izan zuten, gehienak Andoaingo kaleetan hildakoak baina ehun pasatxo bizirik atxilo eta biharamunean fusilatu zituztenak Tolosako aldirietan. Karlistek oso galera txikia izan zuten. Hildako horien artean asko eta asko Brigada britainiarreko eskoziar, ingeles eta iralandarrak ziren.

Jarraitu irakurtzen: Andoaingo guduari buruzko Lekukotasunak