Lore eskaintza Larramendiri

2 otsaila, 2024 Iruzkinik ez

2024-01-29

BERE HERIOTZAREN 258. URTEURRENEAN

2020. urtean, lehenengoz, Larramendi eguna antolatu genuen Andoainen baina, izurritea tarteko, ez dugu geroztik besterik egin. Omenaldi, gorazarre eta euskaldunon eskubideon aldarrikapen behar genukeena ez dugu berriro antolatu.

Antolatu ez izana berdintze aldera, 2024ko urtarrilaren 29an, Larramendi hil zela 258. urte betetzen ziren egunean, Andoaingo Goikoplazako bere irudian lore eskaintza egin genion, bere bakardade horri kolore piska bat ematearren. Eguerdiko 12:30ean egin genuen ospakizun xumea, Arantxa Urkizu buru, bera baitugu lehendakariorde eta Ane Jalonek ez baitzuen aukerarik izan bertaratzeko; Arantxa Urkizurekin batera hainbat bazkide, horien artean Andoni Alvarez alkatea eta Patxi Irigoras alkate ohia, besteak beste.

Eskainitako loreak Hernaniko Kale Nagusian dagoen Epele loradendatik ekarri genituen, Hernaniko Kale Nagusian bizi izan baitzen hamar urtez Larramendi mutikoa, Bilborantz abiatu arte.

Manuel Garagorri eta Larramendi josulagun andoaindarra, Loiolako Santutegiko bere gelan hil zen, 76 urte zituela, sei hilabeteko gaixoaldiaren ondoren.

Berehala, Loiolako Mendizabal aita nagusiak Larramendiren langela guztiz eta gotor ixteko jasota zuen agindua bete zuen; “ez dadila bere langelatik paper txatal bakar bat atera, ez dadila inor bertara sar” aginduta zion Valladolidetik Idiakez aita probintziaburuak. “Bidal egizkidazu denak bil-bil eginda honantz”.

Halaxe egin zuten; Estatu arrazoiak ziren tarteko. Josulagunak beldur ziren, oso, Carlos III erregeak eta bere ministroek ez ote zituzten zigortuko, Jesusen Lagundia jotzen baitzuten Espainiako Erresumak bizi zuen arazo ugariren erantzule… Horregatik galarazi zioten Larramendiri azken urteetan ezertxo ere argitaratzea, asko zen arren idatzita zuena gazteleraz eta, berak Gandara gernikarrari aitortu bezala, baita euskaraz ere. Isiltzekoa ez zen gizon hura isildu egin behar zen nola edo hala.

Euskararen lehen gramatika, euskal literatura hegoaldean sortu eta bizkortzeko argitara emandako hiztegi handia, euskararen bere apologia eta beste hainbat lan… Euskaldunon kontzientzia sortu zuen gizona, aitzindaria, galbideari bihurgunea eragin ziona, mutu utzi zuten eta Valladolidera eramandako idatzietako asko betirako galdu ziren, baita euskarazkoak ere…

Larramendi Bazkuneko bazkideak eta bisitariak (Arg.: X. Lasa)

Ez bedi izan azkenekoa…