Udazkenean diru-bilketa handia antolatuko du Bazkunak

14 ekaina, 2024 Iruzkinik ez

2024-06-15

EUSKARA ANDOAINGO ERDIGUNEAN FINKATZEA HELBURU, EGOITZA BERRIA EROSTEKO DIRUAREN BEHAR GORRIA DU BAZKUNAK

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna bere egoitza nagusia lekuz aldatzekotan da, egoitza berria erostekotan Andoaingo erdigunean, herriaren bihotzean. Egoitza berri horren helburua garbia da: andoaindarrek Larramendi Bazkuna bera eta bere jarduna oso hurbiletik bizitzea, herritar guztien begi bistan, herriaren erdian, neurri jakin batzuetako egoitza zabalduz eta bertatik urte osoan bizirik egongo den euskararen erabileraren aldeko dinamika suspertuz.

Egoitza berri hori, tamaina eta neurri dezentetakoa behar duena, erosi ahal izateko MLKBak DIRUA BEHAR DU, ahalegin ekonomiko berria egin euskararen alde, euskara itzul dadin Andoaingo kaleetara. Ane Jalonek zuzentzen duen taldeak udazken osoan barrena garatuko den DIRU-BILKETA EKINALDIA antolatu du, irailaren 12an aurkeztuko dutena eta abenduan izango duena amaiera. Ekinaldi horretan honako ekintza hauek aurreikusten dira:

  • ZUZENENEKO DIRU-BILKETA: Andoaingo euskaltzaleei bere diru-ekarpena egitea eskatuko zaie.
  • DIRU-BILKETA BEREZIAK Andoaingo guduaren ibilaldian (irailak 14), Oianume sagardotegian irailaren 21ean antolaturiko bertso-afarian eta urriaren 31ko Gau-beltzean.
  • AZAROAREN 9an GASTRONOMIA AZOKA GOIKOPLAZAN: bertan, gastronomia azoka antokatzeaz gain TONBOLA zabalduko da, sari ugariz hornituta.
  • ABENDUAREN 5ean egoitza berriaren aldeko GALA BEREZIA BASTERO KULTURGUNEAN: herritarrei zuzendutako ikuskizuna.
  • ABENDUAREN 21ean ZUZENEKO DIRU-BILKETAREN AMAIERA.

2024zehar biltzen duen diru-kopurua zein den ikusita erabakiko du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak zein egoitza erosi Andoaingo erdigunean, gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituztenen artean.

ANDOAINDARREN EUSKARA BIHOTZETIK KALERA izango da Bazkunak ekinaldian zabalduko duen leloa..

Antolakuntza lanetan murgilduko da orain Bazkuna eta deia zuzenduko die bere bazkide guztiei antolakuntza lan horietan buru-belarri jardun dezaten.