111 Akademia

Euskal literaturazaleak elkartzen ditu 111 Akademiak. 2008. urtean sortu zuen akademia Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetako literaturazaleak elkartzen ditu. Une honetan 170etik gora, gehienak Gipuzkoan. Baina Larramendi Bazkunak ez zuen 111 Akademia hutsean sortu; 1996. urteaz geroztik Beterriko Liburua izeneko literatur saria antolatzen zuen, zeinaren helburua euskal literaturgintzan urte beteko uztak utzitako liburuen artetik irakurleek gogokoen dutena saritzea izan den. 1998. urtetik aurrera izen bereko aldizkaria argitaratzen hasi zen eta, horrela, apurka-apurka, gerora 111 Akademia izango zenari gorputza eman zion.

111 Akademia, euskal literaturzaleena

111 Akademia, Euskal Herriko literaturazale euskaldunak euren zaletasunean elkartzen dituen erakundea da, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren baitan sortua.
Literaturazale euskaldunak diogu, hala euskal literaturak urtero sortzen duen uzta zabala gozatu nahi dutenak nola, baita, atzerriko literatura euskaraz argitaratua gozatzeko aukera baliatzen dutenak ere…

111 Akademiaren helburu nagusia euskarazko literaturaren irakurlea literaturgintzaren protagonista bihurtzea da, irakurle soil izatetik areago, neurri handiagoan sorkuntza horren eragile izatea.

111 Akademiak 2008. urtean hartu zuen bere oraingo izena, baina dezentez antzinago sortu zen, lehen esan bezala, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren baitan 1997. urtean jarri baikenuen martxan Beterriko Liburua izenarekin, hasiera hartan Gipuzkoako eskualde horri zuzenduriko literatur ekimena izan baitzen.
Hiruzpalau urteren buruan erabaki genuen Beterriko Liburua izeneko literatur ekimen hura Euskal Herrira zabaltzea, eta, apurka-apurka, hortik etorri zen 111 Akademia sortu beharra.

111 Akademiak Euskal Herri osoko 201 akademiakide elkartzen ditu, eta horien eginkizuna, besteak beste, urte osoko literaturaren uzta jarraitzea da, alegia, irakurri eta irakurritakoaren gainean nork bere iritzia ematea. Akademiakideek hainbat ekimenetan parte har dezakete, baina bada bat funtsezkoa dena eta jada ongi errotuta dagoena: 111 Akademiaren saria.

111 Akademiaren saria hiru bozketa txanda antolatuz ebazten da urtero akademiakide guztien artean. Lehenengo bozketa txanda urtarrilean jarri ohi duten indarrean, eta apirilerako amaitzen da hirugarrena. Saria apirilaren amaiera aldea ezagutzera eman eta saria eskuratzeko ekitaldia maiatzeko bigarren ostegunean antolatzen da. Irakurleen saria dela esan liteke.

Askoz gehiago izango da 111 Akademiari buruz jakin nahiko duzuna, eta, horretarako, hobe izango duzu Akademiaren beraren webgunera joatea www.111akademia.eus helbidean.

Nolanahi ere, jarraian dituzu azken bost urteetan saritutako obrak eta egileak.

2013: Miren Agur Meabe

2014: Mikel Peruarena Ansa

2015: Katixa Agirre

2016: Kirmen Uribe

2017: Uxue Alberdi

 

Beste proiektu batzuk

Proiektua ikusi

Euskal Herrian barrena

Jarduerak
Proiektua ikusi

Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Jarduerak
Proiektua ikusi

Kulturen arragoa

Jarduerak
Proiektua ikusi

Adierazpenak

Jarduerak