Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren helburua, historia, hizkuntzalaritza, filologia, etnografia, zuzenbidea, zientzia politikoak eta gisako beste jakintza-gaietan ikerketa egin eta zabalkundeko euskarriren batean gauzatzeko dirulaguntza ematea da. Sari bakarra da, 6.000 euroz hornitua eta 2019. urtean hirugarren deialdia egin da.

Manuel Larramendi ezaguna izan arren, batez ere euskararen lehenengo gramatika idatzi eta argitaratzeagatik eta, era berean, Hiztegi hirukoitza osatzeagatik da ezagun, baina beste jakintza-gai batzuetan ere Euskal Herriarentzat garrantzi handia izan duten obrak idatzi zituen, Corografía de Guipúzcoa edo Sobre los Fueros de Guipúzcoa, esate baterako, nahiz lan horiek gordean edo zabalkunde egokirik gabe izan diren orain urte gutxi arte.

Jakintsu andoaindarrak zabalduriko ezagutzaren ildoan, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak dei egiten du berak landuriko jakintza-gaietan ikerketa egitera. Jakintza-gai horiek Euskal Herrikoak edo Euskal Herriari buruzkoak beharko dute eta bereziki aintzakotzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzkoak izatea, baina nahitaezko baldintza izan gabe.

Orain arteko Ikerketa Sariak

I Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Ikerketa Sariaren lehenengo deialdia 2011. urtean egin zen eta Patziku Perurena Loiarte idazle goizuetarrak irabazi zuen, Leitzalarreko eta inguruetako bailaretan abelgorrien zaintza, behi eta zezenen hazkuntzak izan duen garrantzia bere neurrian ezagutzera emanez.

Hots, euskaldunen gizartea artzainen gizartearen ondorengoa izatearen irudia zabaldu den arren euskaldunen artean azken mendean, Perurenaren ikerketaren arabera behi eta zezenen jarduera izan zen lehendabizi eta nagusi Leitzalarrean eta aldirietan, artzainen jarduera iritsi eta XVIII. mendean nagusitu aurretik.

Bere ikerketa Leitzalarreko unaiak izenburupean eman du argitara Larramendi Bazkunak Saiakera izeneko bilduman eta dendan salgai duzu.

Patziku Perurena

Patziku Perurena

II Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Bigarren ikerketa sariaren deialdia 2017. urtean egin zuen Larramendi Bazkunak, eta 6.000 euroko saria Bakarne Altonaga Begoña historialari getxotarrari eman zion, Euskal dantzen historia eta generoa (XVIII eta XIX mendeak) izenburuko ikerlana egin ahal izateko. Ikerlana 2018. urtean aurkeztu zuen eta une honetan argitaratzeko bidean jarria da, behin epaimahaiak ontzat eman eta saria berretsi ondoren. Ikerlanak Saiakera izeneko bilduman ikusiko du argia 2019an.

Bere ikerlanean, Bakarne Altonagak euskal dantzek euskal gizartean XVIII eta XIX. mendeetan sortu zuten liskar giroa aztertzen du, dantzen aldekoen eta kontrakoen berri xehea emanez: aita Larramendi, aita Calatayud, aita Mendiburu…

Sariaren bigarren deialdian, epaimahaiak akzesita ebatzi zuen ere Luzia Alberro, Josu Bijuesca eta Jose Antonio Marinek osaturiko ikerlari taldeak aurkeztu zuen egitasmoa saritzeko. Akzesitaren gaia hauxe zen: Euskal subjektu kontraesankorra: Larramendiren diskurtsoa gaurkotasunetik.

Ikerlan honek ere argia 2020. urtean ikusiko du Saiakera izeneko bilduman.

Bakarne Altonaga

Bakarne Altonaga

III. Manuel Larramendi Ikerketa Saria: Parte hartzeko dokumentazioa:

Beste proiektu batzuk

Proiektua ikusi

111 Akademia

Jarduerak
Proiektua ikusi

Euskal Herrian barrena

Jarduerak
Proiektua ikusi

Adierazpenak

Jarduerak
Proiektua ikusi

Kulturen arragoa

Jarduerak