Kulturen arragoa

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak landuriko proiektua, bertako Zuzendaritza Batzordeak onartua 1998-04-16ko bilkuran.

1.- SUSTATZAILEA: hemen aurkezten dugun “Kulturen arragoa” egitasmoa Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sustaturikoa da. Aipatu Larramendi bazkunak lanean dihardu 1992-ko azaroaz geroztik Gipuzkoako Beterri-Aiztondo eskualdean, Gipuzkoako hiriburu den Donostiatik 15en bat kilometrora. Aipatu eskualdea honako herriek osatzen dute: Andoain (15.000 b.), Amasa-Villabona (5.200 b.), Zizurkil (3.000 b.), Asteasu (1.300 b.), Aduna (270 b.) eta Larraul (140 b.) eta Gipuzkoako erdi-ekialdeko alderdian dago, esan bezala, lurraldeko hiriburu den Donostia eta Tolosa herri bikainaren artean, Ernio (hego-mendebaldean), Adarra (ifar-ekialdean), Loatzo (hegoa) edo Buruntza (ifarraldean) gisako mendien babespean. Sortzez Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ondoko helburuak atxeki zizkion bere jardunari:

  • Euskara zaindu, arnasberritu eta sustatzea; bere erabilera zabaltzea eta bermatzea euskal gizartean.
  • Adierarik zabalenean euskal kultura tradizionaltzat iritzitakoa zaindu eta hedatzea.
  • Jatorrizko eta berariazko kulturaren ekimen modernoa lantzea, eta eremu zabalagoan, euskaldunon kulturaren izatea eta taupada txertatu eta kateatzea kultura unibertsal garaikidearen edukiei, eta
  • Dagokion alderdi guztietan Manuel Larramendi euskaltzale handiaren obra, postulatu eta filosofia ezagutzera ematea, Larramendi izan baikenuen euskararen eta euskal kultura eta gizartearen aintzindari, ongile eta suspertzaile bikainena, garrantzi itzeleko beste obra batzuen artean “El imposible vencido” euskararen lehen gramatika argitaratuaren eta “Diccionario trilingüe” lehen hiztegiaren egilea. Euskal literaturak XVIII. mendean zehar izan zuen bultzatzailerik nabarmenena eta euskal kultura eta gizartearen historiak izan duen herrigizonik garrantzitsuenetakoa.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna legez eraturiko elkartea da, irabazi asmorik gabea, bere bazkideek egindako diruekarpenetara mugaturiko dirubide ahalmena daukana, eta, horrenbestez, bere ihardueretariko asko erakunde publiko eta pribatuen laguntza eta babesaz burutzen ditu. Gaur egun 115 bazkide ditu goian aipatu ditugun sei herrietan.

Bere jarduneko lehenengo bost urteetan burutu dituen ihardueren artetik ondokoak azpimarra litezke: herri eta eskualde informazioa zabaltzen duen “Aiurri” aldizkari hamabostekaria argitaratzea -bataz beste 2.500 aletako argitaraldia-; “Saiakera” izeneko bilduma argitaratzea, zeinean argitara eman dira dagoenekoz hainbat egilek idatziriko lau saiakera lan; “Rikardo Arregi” izena daraman hemeroteka sortzea, hutsik euskaraz idatzi eta argitara emandako prentsak osaturiko fondoa zaindu eta kontsultara jarriko duena; “Beterriko liburua” literatur aipamena, horren bidez eskualdeko irakurleek urtean zehar argitara emandako euskarazko literatur lanik onena hautatzen dutelarik; “Lekukotzak” izeneko orritxoa argitara ematea, horren xedea izanik berariazko ondare kulturala bildu eta ezagutzera ematea (kanta eta bertsoak, kondaira eta kontakizunak, bitxikeria historikoak), erraz ulertuko diren eduki grafikoak erabiliz; hizkuntz gutxiengotuei normalkuntza sozialari buruzko ikastaroak -hori da euskarak berak bizi duen egoera-; eta beste hainbat zabalkunde, aholkularitza edo laguntza iharduera euskararekin eta bere gizarte normalkuntzarekin edo, oro har, euskal gizarte eta kulturarekin loturikoak.

Gaur egun, txosten honetan azaldurikoaz gain egitasmo berritan dihardu; esate baterako, eskualde mailako telebista xede duena -teleko-munikabideetako zabalago batean txertatua- eta beste egitasmo ibiltari bat, xedea duena euskal gazteri berriari euskal lurralde guztietako bizi-taupada eta errealitate sozio-kulturala ezagutzera ematea. Azken horri “Euskal Herrian barrena” izena eman diogu.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Zuzendaritza Batzorde baten gidaritzapean dago, eta batzorde hori osatzen dute, lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzainaz gain, bazkunaren jardun eremua osatzen duten herri guztietako ahaldun edo ordezkariak. Gainera, Larramendi Bazkunak hainbat lan-batzorde du bere baitan. Bere egoitza orokorra Andoainen dago (Gipuzkoa), Dr. Huizi kaleko 15. zenbakian.

Beraz, jarraian azalduko dugun programak lorkizun dituen helburuak, Kultur Bazkunak berak sortzez dituen helburuetatik eratorriak dira.

Beste proiektu batzuk

Proiektua ikusi

Adierazpenak

Jarduerak
Proiektua ikusi

111 Akademia

Jarduerak
Proiektua ikusi

Euskal Herrian barrena

Jarduerak
Proiektua ikusi

Manuel Larramendi Ikerketa Saria

Jarduerak