“Sortzaileen menturaz” ekimenaren lehenengo emaitza
Sortzaileen menturaz izeneko ekimenak arte ederretako sortzaileen sorkuntza lana suspertzea du helburu eta sorkuntza lan horren emaitza Garagorrienea egitasmoa diruz hornitzeko baliatu ahal izatea, salmentaren bidez.
Sortzaileen menturaz ekimeneko lehenengo sorkuntzak serigrafia erabiliz plazaratu nahi dira, sorkuntza lanak sorta zabal samarretan eta kalitate bikainaz plazaratzeko aukera paregabea eskaintzen baitu.
2020. urtean jarri genuen lehenengo saioa martxan eta Iñaki Gozalo Erro, Wentxi ezizenez ezaguna den marrazkilari eta diseinatzaileari eskaini genion lehenengo sorkuntza lana egiteko aukera, zeina baliatu genuen, baita ere, Bakarne Altonagaren Guziak dantzari liburuaren azala ilustratzeko.
Iñaki Gozaloren marrazkiarekin 75 aleko argtaraldia egin da Laureano Olaetxea serigrafiatzaile aski ezagunaren Donostiako lantegian; Canson Edition 250 gramotako paperean egin dira, 56x 68,5 cm neurrikoan eta Fujifilm MG tinta motak erabili dira. Argitaraldi osoa zenbakitu eta sinatu du egileak eta dagokien benekotasun ziurtagiriarekin salduko ditu Larramendi Bazkunak bere denda birtualean 75 jatorrizkoak.
Salmentatik sorturiko irabazia Garagorrienea ekimena diruz laguntzeko izango da, azkenik Larramendi Bazkunak ekimen hori gauzatze bidean jartzen baldin badu, behinik behin. Ekimena babesteko martxan jarriko diren jardueretakoa izango da hau. Asmoa, 2021ean sortzaileen artean deialdi berria egitea da, serigrafia berria sortzeko.
Aipatu serigrafia laster jarriko du bere denda birtualean salgai Bazkunak.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "“Sortzaileen menturaz” ekimenaren lehenengo emaitza"