Santa Yageda gogoangarria!

5 otsaila, 2024 Iruzkinik ez

2024-02-04

EHUN ETA HOGEI LAGUNETIK GORA ZUMEA PLAZAN!

Santa Agedako urteroko errondan, aurten, 120 lagundik gora ginen Zumea plazara iritsi ginenerako, Dr. Huiziko egoitza aurreko hitzordura iritsi ez zirenak banaka-banaka edo taldetan gehitu baitzitzaizkigun ibilbidean. Giro aparta santaeskean ibiltzeko, betiko kantuak berritu genituen, Txalaka tabernaraino iritsiz. Eztarriak freskatzeko Maindiko iturrian bost minutuko geldiunea egiteko garaian partaide batzuk “galdu” egin zitzaizkigun baina ehun inguru abiatu ginen Joakin Larreta etorbidean aurrera. Joakin Larreta etorbidea osorik guretzat izan genuen eta hiru geldialdi egin genituen lasai askoan kantari aritzeko, Kale Berrian barrena baino askoz lasaiago. Agustin Leitzan azken kale-kolpea egin eta Larramendiri joan gintzaizkion kantari, loreak zituela baliatuz kolore piska bat emanez gauari. Ane Iartzak bertan egin zuen behean ikusten duzuen argazkia, Josu Lekuona, Susana Cencillo eta Ramon Beraza nabarmentzen dituenak eskerrak emateko egindako lanagatik.

Ondoren, Elizondora jo genuen eta ohikoa dugun harrera egin ziguten. Bertan, elizondotarrentzat osaturiko koplak kantatu genituen, Zorion eta Otso beltzarenekin batera. Hor eman zuten gehienek amaituta aurtengo saioa, 60 lagun izan ezik, zeinak ausartu baitziren Ontza elkartera jo eta bertan prestatu ziguten afari ederra egiteko: Jabierren baratzuri-zopa bikaina, arraultza frijituak txorixo egosiarekin, gazta eta irasagarra eta, azkenik, kafea edo infusioa kandida banarekin… Gure eskerrik egiazkoenak Ontzako taldeari egiten duten lan bikainagatik. Bere lana izaten dute gu gero bertatik kaleratzeko!

Gorabeherei dagokienez, Unanueren txapela baten batek eraman zuen, eta alferrik! Ziur lasaegi geratuko zaiola. Bidean emakumeetakoren batek (ziurrenik!) galdutako bizkarzapi gorri oloretsua ere aurkitu dugu. Jabeak eska diezagula, mesedez.

Amaitzeko esan, kantutegiak salduz eta afariko diru-hondarren batekin, aurten 141,25 € bildu ditugula, Santari jantziren bat -edo erosteko beharko dugu, keja baita Larramendiri loreak bai baina bera hor konpon uzten dugula urtero!!

Susana, Ramon eta Josu saio luzearen amaieran. Hirugarren soinu-jotzailea, Unai Azpiroz, alde eginda zegoen ordurako. Mila esker hiri ere, Unai!