Aiurri urnietarrena da!
2024-01-17
URNIETAN DIRULAGUNTZAREN INGURUAN SORTU DEN AUZIA
Lehenengoz ematen dugu gai honen berri orrialde hauetan. Joan den urriaren 6an Aiurri aldizkariko zuzendariak hitzordua eskatu zuen Urnietako Udalean, beste udal batzuetan aurretik egin bezala, urtero jaso ohi duten dirulaguntzaren eguneraketa eskatzeko, hogei urte baikeneramatzan dirulaguntza kopuru berbera jasotzen. Hitzorduaren zain ia bi hilabete egon ziren Erroitzen eta, azkenik, bilera azaroan oso aurrera egin zuten. Gogoan izan Aiurri ez duela azken hamar urteetan Manuel Larramendi Kultur Bazkunak zuzenean argitaratu, OSORIK BERE JABETZAKOA den (% 100) Erroitz enpresa edo baltzu mugatuak baizik.
Ezusteko handia jaso zuen bileran: Urnietako Udalak dirulaguntza igotzerik ez zuela aipatzeaz gain, 36.000 euroko dirulaguntza 2024. urtean 20.000 eurotan utziko zutela adierazi zioten Ubeda zuzendariari, Udalaren komunikazio estrategia berria martxan jarri behar zutela argudiatuz eta estrategia horretan euskarazko beste hedabide batzuentzat (Berria, Argia, etab.) dirua bideratu nahi zutela adieraziz, ordurarte Aiurriri ematen zitzaionetik, alegia. Albistea entzunda, harri eta zur gelditu zen Aiurriko zuzendaria eta Udalaren asmoen berri eman zien Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko arduradunei. Berria kezkagarria zen oso, aurreratzen zigunagatik eta, baita ere, gauzak egiteko moduagatik. Noiz adierazi behar ziguten Ubedak berak bilerarako ordua eskatu ez balu?
Hortik aurrera gertaturikoaren berri Aiurrin bertan eman dute baina labur dezagun: udal gobernuko ordezkariekin harremanetan jarri ginen, baita Aiurriko zuzendaria alderdi guztietako ordezkariekin ere. EAJren ordezkariek adierazi ziguten Udalaren egoera ekonomikoa txarra zela eta beherapenak egitea zegokiela eta arrazoi hau hasieran emandako estrategia komunikatiboarenaren gainetik jarri zuten. Iñistorra Biltzarraren izenean (MLKB), Jon Unanuek adierazi zien ea Aiurriri dirulaguntza % 44a (!!) jaitsiz konpondu behar al zuen Udalak bere arazo ekonomikoa, eta jaitsiera hori gauzatuz gero Aiurri Urnietan epe erdira desagertzera kondenatzen zutela… Gobernu taldearen erantzuna 16.000 euro jaitsi ordez 10.000 euro murriztea izan zen.
Gauzak horrela, Urnietako elkarte eta talde ezberdinen artean kezka handia sortu zen eta Aiurriren aldeko erantzuna: 19 elkartek bat egin zuten Urnietako Udalari eskatzeko jaso zezala Aiurrik orain arteko dirulaguntza, ahal den neurrian eguneratuz. Santomas egunean, udal aurrekontuak onartzeko batzarraldiaren aurretik, urnietarrak herriko plazan elkartu ziren, Aiurri urnietarrena da! aldarria egiteko.
Hauexek dira babesa eman duten taldeak: Aballarri guraso elkartea, AEK, Aurrera Markelekin, Bagara feministak, Bertso eskola, Egape Dantza Taldea, Elkartasun Ekimena, Etxeberri auzo elkartea, Iñistorra Euskaltzaleak, Manttale, Onbizi, Poxta Zahar, Sorginak, SurperH, Txanbolin, UKE, Urnietako Mugimendu Sozialista, Xoxokako auzo elkartea eta Zanpatuz mendi taldea.
Jon Unanuek 2024ko udal aurrekontuak onartu zituen osoko batzarraldi horretan udalkideei adierazi zien bezala, “Aiurri astekaria izan da XX.eta XXI. mende honen hasieran Urnietan euskararen erabilera bizkortzeko egin den bigarren ekarpenik handiena, herriko ikastolaren ondoren. Ekarpen bikain horrek ez zuen halako tratu eta erantzunik merezi, Aiurri Urnietan guztiz errotutako hedabidea delako, azken 20 urten hauetan KPIa %40tik gora igo delako, 20 urtez Urnietako etxe guztietara paperean eta urnietarren gailu teknologikoetara astero-astero iritsi delako ahalegin handia eginez eta, Urnietan bizi dugun euskararen erabilerak Aiurri euskarri gisa behar duelako.”
Baina Osoko Udalbatzarrak muzin egin zion eskaerari, Bilduko zinegotziak izan ziren eskaeraren alde irmo azaldu ziren bakarrak. Ordezkari sozialistek, arrazoirik azaldu gabe, Gobernu Batzarrean kide dituzten jeltzaleekin bat egin zuten. 2024ko udal aurrekontuak murrizketarekin onartuak izan ziren.
Urtea egoera horren aurrera hasita, aipaturiko 19 elkarteek Udalaren aurrean 2024ko urtarrilean mozio proposamena aurkeztea erabaki zuten eta, aldi berean, bi asteburutan zehar, Aiurriren dirulaguntzaren aldeko sinadura bilketa antolatzea. 1066 sinadura bildu ziren, baita Udalean aurkeztu ere, eta 38.000 euroko laguntza eskatzen zuen mozioa urtarrileko osoko batzarraldian aztertua izan zen. Urtarrilean zehar, baina, Aiurriko arduradunek ordezkari politikoekin bilerak egin zituzten, bereziki EAJ-ko udalkideekin egoera bideratze aldera. Nolanahi ere, ez zuten konpromisorik lortu eskaturiko dirulaguntza ziurtatu ahal izateko eta urtarrileko osoko batzarraldira konponbiderik gabe iritsi ziren mozioa eta 1066 sinadurak.
Urtarrilaren 25eko Osoko Udalbatzarrean aztertu zen herriko elkarteek aurkezturiko mozioa. Mantale elkarteko Koldo Tapiak, zeina buru-belarri ibili baita Aiurriren aldeko ekimenean, eta Poxta Zahar taldeko Josu Lópezek eta Josu Sarasuak egin zuten mozioaren defentsa, Udalari aditzera emanez “euskararen egoera soziolinguistikoak erakutsi eta goi-mailako erakundeek aholkatzen dutenaren kontrakarrean doala Urnieta Udal gobernua, aintzat hartu gabe euskarak Urnietan bizi duen egoera eta bizkortzeko behar dituen bitartekoak”. Udal Gobernuak ez zuen moziorik onartu eta gauzak bere horretan gelditu ziren.
Dirulaguntza murrizketaren berri eman zenetik asko izan dira Urnietako herriak izan dituen elkartasun keinuak, baita ekonomikoak ere: San Silbestre eguneko dirubilketa Poxta Zahar elkarteak Aiurriri eman zion (600dik gora €), baita Aballarri elkarteak Gabonetan bildutako 272,10 € eta Mantale elkarteak Santa Agedan bilduriko 356 € ere. Aurrera begira elkarteek Aiurriren alde bat eginda jarraituko dute. Hurrengo hitzordua Altuna sagardotegian (Galarraga baserria) martxoaren 1ean antolatu den afaria eta Korrikaren aldeko kilometroa izango dira, baita martxoan, Pirritx, Porrots eta Marimototsen emanaldi bikoitza Saroben. Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak (*) garbi adierazi du: ez dugu galduko herri honi taupada eta bizitasuna euskaraz eman dion hedabidea, Aiurri urnietarrena da! Eta hala beharko du etorkizunean ere!
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Andoaingo Udalean ere 2004. urteko asmoa eta gogoa biziberrituko duen mozioa aurkeztekotan dabil. Informazio hau Aiurri hedabidearen aldaera ezberdinetan jarrai liteke.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Aiurri urnietarrena da!"