Itxiko al dugu Rikardo Arregi Aldizkaritegia?
2024-03-05
ERAKUNDEREN BATEK HARTUKO OTE LUKE BERE ESKU?
Garagorrienea egitasmoaren etorkizunik gabe, zama handia gertatzen zaio Bazkunari Rikardo Arregi Aldizkaritegiari zabalik eustea.
Rikardo Arregi Aldizkaritegia 1996. urtean sorturiko egitasmoa da, Euskal Herri mailakoa eta EUSKARA HUTSEZ argitara emandako argitalpen guzti-guztiak bildu eta aztergai jartzea helburua zuena, euskarazko kazetaritzaren azterketa kritikoa egiteko baliabide eta bitarteko gisa. Aldi berean, Rikardo Arregiren bizitza eta obra ezagutzera emateko bitarteko izan nahi zuen. Asmoak asmo, ia 30 urte joan dira eta ez dugu lortu gure erakunde nagusietako bakar batek ere laguntzarik ematea gure egitasmoa behar bezala garatzeko eta gure azkeneko itxaropena zen Garagorrienea egitasmoaren bitartez suspertu ahal izatea.
Altxor txikia dugu Rikardo Arregi Aldizkaritegian baina altxor batzuk zaintzeko gutxieneko ahalmena behar da eta horixe da orain Bazkunak ez duena. Gainera, herritarrek ez dute ezagutzen eta kontsulta gutxi batzuk kenduta Euskal Herri mailan ere ez du eraginik…
Aldizkaritegiaz arduratzen den langileak astero hiru orduz baizik ez du lan egiten, baina urtean zehar beste gastu batzuei ere aurre egin behar zaie (koadernaketa gastuak, harpidetza…) eta horiek denak gainetik kenduta 6.000 euro inguru aurreztuko luke une honetan Bazkunak. Eta une honetan ezinbesteko gertatzen zaigu gure gastu guztiak zentzuz aztertzea…
Ixtea izan liteke irtenbideetakoa baina, zer egin BILDUMA OSOArekin? Gogoan izan behar dugu, gainera, 2011n inbertsio ekonomiko handia egin genuela aldizkaritegiari bere lekua eta bitartekoak emateko.
Hartuko ote luke erakunderen batek bere esku gure bilduma osoa?
Bizpahiru galdera hauei aurtengo Biltzar Nagusian eman nahi genieke erantzuna… Hausnartu eta zuri dagokizun erantzuna emango al diguzu?
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Itxiko al dugu Rikardo Arregi Aldizkaritegia?"