Bigarren igoera Garagorri baserrira
2023-11-05
MANUEL LARRAMENDI KULTUR BAZKUNAREN 31. URTEBETETZEAN
Euskal Herriko mendigoizaleen urteko hitzordu nagusietakoa balitz bezala, Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko bazkideek hitzordua egin zuten 2023ko azaroaren 5ean, elkartearen sorreraren 31. urtebetetzea ospatu eta Garagorri baserriraino igotzeko.
Iaz egin zen, 30. urteurrenarekin, aurrenekoz igoera Garagorriraino eta, bertan Larramendiri buruzko ohar eta jakinkizun batzuk entzun ondoren, Mizpiradi sagardotegira inguratu ziren partaideak giro ederrean bazkari legea egiteko. Bazkalondoan, Arizmendietxeberrin behera berriro Goikoplazara.
Aurten, bigarren igoera egin dugu. Lehenik, hainbat bazkide Goikoplazako Manuel Larramendiren irudiaren aurrean elkartu gara gure arbasoa agurtu eta argazkia egiteko, aldarrikatuz euskaldunak hitzez behar duela baina baita ere ekintzez. Jarraian, elkarturiko gehienak Garagorrirantz abiatu gara Elizondo tabernakoei diosala egin ondoren.
Leizotz aldera maldan gora eginda, bazkideek aurrez aurre aurkitu dituzte Baltzusketa baserriak eta Baltzusketaundiren atarian, zain, Marian Mendizabal eta Xabier Jauregi. Gonbidatu gaituzte barrura eta erakutsi digute garai bateko herriko ur-biltegi zaharra eta bertan nola ontzen duten ohiturari jarraiki sagardoa. Garai batean ukuilua zena guztiz berrituta dago eta ikusgarria gertatzen da zein apain eta dotore zaharberritu duten guztia.
Marian eta Xabierrek otamen txikia eskaini ziguten sagardoak urdaila gehiegi ez berotzeko eta kontu batzuk esan eta esker ona adierazi ondoren Garagorrirantz abiatu ginen. Han, Unanue Larramendiri buruzko hitz batzuk esatekoa zen baina, zoritxarrez, berandu genbiltzan eta hitz gozo horiek entzun gabe Mizpiradiraino igo ginen, bertan bazkaltzeko.
Giro ederrean bazkaldu ondoren, Mizpiraditik abiatu eta Arizmendietxeberrin behera Goikoplazara hurbildu ginen berriro Larramendi bere lekuan ote zegoen ziurtatu eta, elkar agurtuta eta jada ilunduta, etxeratzeko.
Garagorrira bigarren igoera egin zutenek kamiseta oroigarria eskuratu ahal izango dute laster. Igo ez zirenek ere aukera izango dute baina ez baldintza berberetan…
Horra bi argazkiak: Goikoplazakoa eta Mizpiradiraino iritsi zirenena.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Bigarren igoera Garagorri baserrira"