“Guziak dantzari” liburua salgai on-line dendan
COVID19aren IZURRITEAGATIK BERTAN BEHERA
“GUZIAK DANTZARI” LIBURUA AURKEZPENIK GABE
Datorren ostegunean, urtarrilaren 28an, ostegunarekin, Andoaingo Bastero Kulturguneko Ekitaldi Aretoan egitekoa zen “Guziak dantzari” izenburuko liburuaren aurkezpena BERTAN BEHERA utzi du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Izan ere, Covid19aren izurritzea dela-eta aste honetan indarrean jarri diren neurriek ezinezko egiten dute aurkezpen hori gutxieneko baldintza batzuetan antolatzea, bai behintzat bilatzen zituen entzule eta oihartzunari begira.
Beraz, aipatu liburua, Bakarne Altonagak idatzia eta “Guziak dantzari”, dantzari buruzko eztabaidak eta generoa euskal probintzietan (XVIII – XIX) izenburu osotzat duena zuzenean salgai jarri du MLKBak www.larramendibazkuna.eus webguneko on-line dendan. Bertan zuzenean erosi ahal izango da.
Izan ere, Bakarne Altonagak XVIII. eta XIX. mendeetan erromeria eta plazetako dantzaldien eta, oro har, dantzaren inguruan gure gizartean sortzen ziren eztabaidak eta liskarrak ikertu eta aztertu ditu, horretarako generoaren ikuspegia behaketarako abiapuntu gisa ipiniz. Horren ondorioz, Ikertutako diskurtsoen artean erlijiosoa, ilustratua, liberala eta tradizionalista dira nagusi. Lan honen helburu garrantzitsuenetarikoak izan dira euskal probintzietan dantzaren eztabaidei buruz historiografiak esandakoa batzea eta generoak eztabaida horien egituraketan izan zuen esanahia ikertzea. Emakumeen eta gizonen arteko harremanaren kudeaketa, bai eta emakumetasunaren eta gizontasunaren esanahiak ere, XVIII. eta XIX. mendeetan zehar suertatu ziren dantzari buruzko polemiken erdigunean egon ziren.
Bakarne Altonagak kudeaketa horren erraietan ikertu eta gure gizarteko pentsamendu jakin baten eta errealitatearen arteko arrakala azaleratu du, besteak beste, gaur egun lekuz kanpoko eta bitxi gerta dakizkigukeen iritziak eta jarrerak ezagutzera emanez. Oso deigarria gertatzen da, esate baterako, Manuel Larramendik gaiaz zuen jarrera beste elizgizonekiko, baita jesuitakideekiko ere. Nolanahi ere, dantzen inguruko jarrerak bilakaera nabarmena izan zuen XVIII. mendetik XIX.era.
Altonagak argitara emandako ikerlanak bi atal nagusi ditu: lehenengoan dantzek, XVIII. mendean, “Argien mendean”, moralitate katolikoaren eta dantzaren ohitura arautzearen artean sorturiko tentsioak aztertzen dira. Bigarrenak, berriz, XIX. mendea hartzen du aztergai, Antzinako Erregimenaren krisia eta, horren baitan, erreakzionarioen eta liberalen arteko tentsioak batetik eta, bestetik, dantza euskal tradizioaren eta nortasunaren osagai gisa bizitzea.
Euskal gizarteak iragan hurbilean arnasturiko giroaren zertzeladak ezagutzeko irakurketa oso interesgarria ikerlari getxotarrak osatu eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitara eman duena bere Saiakera bilduman.
Ikerlan honekin Bakarne Altonagak II. Manuel Larramendi Ikerketa Saria irabazi zuen 2017. urtean. Ikerlari getxotarra Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu zen Filosofian eta bere doktorego tesia Antzinako Erregimenaren krisiaren baitako generoaren aldaketa gaiari buruz osatu zuen Historia Garaikidea sailean. Asko dira generoaren ikuspegitik ikertu eta landu dituen gaiak, besteak beste: “Mujeres viriles en el siglo XVIII: la construcción de la feminidad por el discurso foralista de Manuel de Larramendi”; “The Basque Enlightenment: New Visions of Gender in the Crises of the Old Regime”; “A New History of Iberian Feminisms”; edo Maialen Aranguren eta Aintzane Rincón-ekin batera “Historiagintzaren ikuspegi berriak. Teoria eta praktika”.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "“Guziak dantzari” liburua salgai on-line dendan"