Santa Ageda errondarik ez aurten Andoainen

SANTA AGEDA ERRONDA 2021

Herritar guztiek susma zezaketen legez, aurten ez da Santa Ageda bezperako errondarik izango Andoaingo kaleetan barrena. Iaz hasitako Covid19 izurritearen ondorioz Euskal Herri osoan ezarrita dauden segurtasun neurriek ezinezko egiten dute kalez kale ibiltzea kantari.

Nolanahi ere, Larramendi Bazkunak bideoa prestatu du Aiurri aldizkariaren eskutik, andoaindar guztiek ezagut ditzaten ohitura zahar honetan kantatzen diren kopla nagusiak. Horretarako azken urteetan grabaturiko irudiak erabili ditu. Andoainen, Santa Ageda bezperako kanta eta koplak kantatzeaz gain, ohitura da Otso beltzarenak ere kantatzea. Bideoa amaitzeko iaz Elizondo tabernakoei eskainitako kopla berezien zati txikia entzun ahal izango da.

Gainera, Larramendi Bazkunak argitara emandako bideoaren bitartez omenaldia egin nahi izan die urteetan errondan parte hartu baina azken urtean zoritxarrez utzi egin gaituztenei. Goian beude.

Bideoan esaten den bezala Ama Lurrari dei eginez, Larramendi Bazkunak herriko ikastetxe eta abesbatzekin batera antolatzen duen erronda laster batean berriro ere Andoaingo kaleak alaitzen ibiliko da eta, ondoren, ohitura denez, Ontza elkartean Jabierrek, Mirenek, Josebak eta Ferminek prestatu ohi duten afari ederra (baratxuri zopa, arrautza frijituak eta txorizoa…) giro ezin hobean dastatzen.

Santa Yageda, Yageda…

bihar da Santa Yageda…

https://aiurri.eus/komunitatea/manuel-larramendi-kultur-bazkuna/1612277747395-laster-izango-gara-berriro-kalean-gure-makilez-ama-lurrari-deika