Agur Rikardo Arregi Aldizkaritegiari!

30 abendua, 2024 Iruzkinik ez

2024-12-1

ABENDUAREN 31n ITXIKO DA IA 30 URTEZ JARDUN ONDOREN

Aspalditik zetozen ezinaren eta erakunde askotatik bizkar ematearen hautsak lohitu egin dira eta, azkenik, MLKBak hartu du aldizkaritegia ixteko erabakia. Abenduaren 31ra arteko argitalpenak jaso eta, ondoren, itxi egingo du, 28 urte pasatxoz zabalik izan ondoren.

Aldizkaritegiari dirubide berriak emateko azken ahalegina Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzarekin egin da 2023an zehar baina Zuzendaritza horrek adierazi zigun aldizkaritegian zegoen bilduma jada Jaurlaritzak berak bere erabidean osatuta duela eta, beraz, ez zuela interesik. Gauzak horrela, eta behar beste diru-baliabiderik ez dugunez ekimenari aurre egiteko, aldizkaritegia itxi eta bertan astean hiru orduz ziharduen langilea kaleratu behar izan du Kultur Bazkunak.

Itxierak, ordea, ez du ekarriko orain arte bildurikoa galtzea. Urtetan metatu eta osaturiko bilduma gorde egingo dugu baina ez dugu ale berririk hartuko. Ez behintzat orain arte bezala. Hedabide guztiei emango zaien aukera bakarra izango da beraiek urte osokoa bildu eta behin koadernatu ondoren bidaltzea gure aldizkaritegira. Izan ere lan horiek eta koadernatzeak eragiten ziguten gasturik handiena. Hala egiten dutenena jasoko dugu, baina hortik aurrerakorik ez.

Kontsultak egiteko aukera ere galdu egingo da edo oso noizbehinka egin, aukerarik ikusten dugunean.

Rikardo Arregiren bizitza eta obrari buruzko erakusketa ere alde batera utziko da, osatu ezinik. Rikardo zenaren familiak erabaki beharko du gure esku utzitako bildumak eta oroigarriak berreskuratu nahi ote dituen.

Oso inbertsio handia egin zuen 2011n MLKBak Arantzibia plazan Rikardo Arregi Aldizkaritegia, Aiurri eta Erroitz eta 111 Akademia kokatzeko, hain zuzen ere 360.000 €koa, eta hori ordaintzeko 200.000 euroko mailegua hartu zuen bere gain. Mailegu horren 88.000 euro oraindik ordaintzeke dauzka eta hurrengo urtetan egin beharko du. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, orduko hartan, 90.000 euroko laguntza eman zion Larramendi Bazkunari. Alabaina, Andoaingo Udalak urtero eman izan duen dirulaguntza ez da nahikoa izan egitasmoarekin aurrera egiteko.