Urnietar prestu
2008. urtean, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak Urnietar prestu izeneko ohorezko izendapena sortzea erabaki zuen.
Ohorezko izendapen horren helburua Urnietaren alde, bertako kultura eta bizibidearen alde edota, oro har, euskal kulturaren eta euskararen alde merezimendu bikainez egindako ekarpen edo lanak saritzea da, Urnietako herritarren aintzatespena eta eskerrona adieraztea.
Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak izendapen hori urtero egin ahal izateko arauak eztabaidatu eta onartu zituen, baita araudi batean bildu eta ezagutzera eman ere. Ikus aipatu araudia (pdf).
Geroztik, urtero Urnietar prestu izendapena egiten du, uda aurretik proposamenak biltzearekin hasiera ematen diona, uda betean erabakia eta Urnietako Mikel deunaren jaietan, Sanmieletan, antolatzen duen Iñistor jaiaren barruan ezagutzera emateko.
Ondokoak dira 2008. urteaz gero, Urnietar prestu ohorezko izendapenaren saria jaso dutenak, dagozkien merezimenduen laburpenarekin eta hedabideen bitartez ezagutzera ematen diten azalpenekin:
2019: Ez da izendapenik egin. Ez da antolatu.
2018: Ez da izendapenik egin. Ez da antolatu.
2017: EGAPE IKASTOLAKO 10 IRAKASLE AITZINDARI: Arantxa ETXEBERRIA, Maria Pilar SARASOLA, Ixidro ELORTZA, Marijose ETXEBERRIA, Agurtzane GARMENDIA, Inma IZAGIRRE, Maite BARANDIARAN, Garbiñe IZETA, Maite URRETABIZKAIA eta Antton JAUREGI
Batetik, Egape Ikastola 1966. urtean sortuz gero Ikastolaren egitasmoa aurrera ateratzearren urtetan egin zuten borondatezko lan isil, eskuzabal eta kementsuagatik, eta, bestetik, Urnietako ikastolaren inguruko herri mugimendua suspertzen lagundu izanagatik, Euskal Herrian barrena hezurmamitzen ari zenarekin neurriz uztartuz.
2016: JOKIN LIZEAGA MITXELENA
Batetik, mendi lasterketaren kirol jardunean egin duen ibilbide ikusgarri bezain bikainagatik, mundu mailan kirol jardun horren punta-puntako eredu eta kirolari onenetarikoa bihurtzeraino. Bestetik, mendiarekiko eta izadiarekiko bere zaletasuna eta begirunea belaunaldi berriengan txertatzearren Urnietan Zanpatuz elkartea sortu eta eragin duelako.
2015: JUSTO EGAÑA LARRAÑAGA
Batetik, Urnietan azken berrogeita bost urteetan euskalgintzan eta kulturgintzan egin duen lanagatik, dela Egape Ikastolan eta horren osagarrietan, dela 70eko hamarkadako euskalduntze eta alfabetatze saioetan, dela txistua sustatu eta txistulari banda sortuz, edo herriko abesbatzan eta gisako beste ekimen batzuetan… Herri mailan alor horietan bide berriak zabaldu eta egonkortu ditu eta aitzindari bilakatu da, beste urnietarrekiko jokabide eredu. Bestetik, HABEko bere jardunean buruturiko lan pedagogiko aitzindariagatik.
2014: EDU MURUAMENDIARAZ
Batetik, Urnietan ohitura eta usadiozko euskal dantzak erakusten eta horiei arnas berria ematen azken hamasei urteetan egin duen lan nabarmen eta aipagarriagatik; ikuspegi berritzailez horiek eraldatzen asmatu duelako, maiz dantza garaikidearen ezaugarriez, baina baita ere bere berea duen estiloaz. Horrekin batera, dantza-ikuskizun moderno eta plastikotasun estetiko handikoak, oso ederrak, sortu dituelako Egape Dantza Taldearekin, besteak beste duela urte bete taularatu zen 1936 antzezlanerako.
2013: IÑAKI ARANZADI TELLERIA
Gure gizartean hainbesteko pisua eta garrantzia izan duen eliza katolikoaren jarduna eta jokabidea biziberritzen eta egungo egunetara egokitzen egin duen lan bikain eta eskuzabalagatik, ez bakarrik bere eliztarrekiko egin duenagatik, baita gainerako urnietarrekiko ere.
Horrekin batera, herritarrekin eta elkarte eta gizatalde ezberdinekin izan duen harreman orotan gizalegezko jokabidearen eta zuzentasun etikoaren eredu izan delako.
2012: JUAN IGUARAN ETA MARTIN LIZEAGA BALDA
1962ko otsailaren 25ean Tolosako zezen-plazan 10 arroako harri zilindrikoarekin bi urnietarrek jokatu zuten desafioaz, kirol maila handiko saioa antolatu eta jokatzeaz gain, ekitaldi hura herri-giroko lehia zintzo eta jatorraren eredu egin zutelako, Urnietako herrian eta aldirietan oihartzun handia joz, geroztik urte askotan gogoangarri egiteraino.
2011: ANJELA GARMENDIA ARRIETA, LURDES AROZENA ALDALUR, MAIXABEL SETIEN IPARRAGIRRE eta PILAR INTXAUSTI URRUZOLA
Urnietako euskal baserrian, baserritarren nekazari eta abeltzain lan nekeza egunsentitik arratseraino egiteaz gain, etxekoandre eta familiaren ardatza izan direlako, eta, hala batean zein bestean mendeetan zehar euskal gizarteari eta euskarari eutsi diotelako.
Eskerronez, lanbide isil, gogor, zail baina oparo horren aintzatespen gisa.
2010: JUANTXO GOROSTIDI ETXEBERRIA
Txirrindularitzan eta, bereziki, ziklo-krosaren jardunean 20 urtez egin zuen ibilbide bikainaren esker onez, Urnietako herriarentzat, euskaldunentzat eta, oro har, txirrindularitzazale ororentzat eredugarri izan baitzen.
2009: PRAIXKU BELAUNTZARAN SAN SEBASTIAN
Urnietako Udalaren eta Herriaren zerbitzuan eta herrilanetako langile gisa –igeltsero, ehorzle, iturgin…-, urnietarren on beharrez ia berrogei urtez egin zuen lan eskuzabal eta arduratsuagatik.
2008: MARTXELI GORRITI PERURENA
Urnietako Mikel Deun Goiaingeruaren Elizan eta Santa Leokadia elizatxoan, Urnietako kristau elkartearen zerbitzuan bizitza osoan egindako serora lanak eta Egape ikastolan 25 urtez sukaldari eta jangelako arduradun lanak, baldintza oso zailetan, arduratsu eta eskuzabaltasunez egin zituelako, urnietarren on beharrez.