Andoaingo guduari buruzko ibilaldi gidatua irailean
Ez da kuartelik su ematen dutenentzat!!!
Herrian barrena ibili eta Unanibiko zubian amaituko da
Irailaren 16an, larunbatarekin, Andoaingo guduari buruzko ibilaldi gidatua antolatu du Larramendi Bazkunak. Ibilaldia Jon Unanuek zuzenduko du eta goizeko 11:00etan hasiko da, ordu pare batez Andoaingo kale eta txokoetan barrena ibiliz herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren berri emateko. Oraindik hasiera gunea guztiz finkatu ez den arren, amaiera Otietako Unanibiko zubian izango da, bertan emango baitie Unanuek amaiera bere azalpenei han izan ziren borroken berri emanez. Ibilaldian izango den igoera bakarra Kaletxikiko aldapa izango da.
1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo gudua, Gurutze Santua goratzeko Eliza katolikoak izendaturiko egunean (urteak bi Gurutze Santu egun baitauzka), lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O’Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren. Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O’Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.
Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako.
Horri guztiari buruzko azalpenak entzun eta gertakariak izan ziren lekuak ikusi ahal izango dituzte partaideek, Leitzaran ibaian gora azkena Unanibiko zubian entzuteko.
Guztiz zehazturik ez dagoen arren, ibilaldia hauxe izango da: Buruntzako parke arkeologikoa, Berrozpe, Kaletxiki, Goikoplaza (eliza), Andreurdinarena plaza, Kale Nagusia, Gurutze Santua, Bekoplaza, Lizarkola, Olazar, Otieta (Unanibiko zubia).
Ibilaldi gidatuan parte hartzeko aurretik izena eman besterik ez da egin behar. Horretarako, idatzi harrera@larramendibazkuna.eus helbidera edo deitu 656-782-521 zenbakira. Partaide kopurua mugatua da.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Andoaingo guduari buruzko ibilaldi gidatua irailean"