“Amaiur! Libera State” komiki liburua Santa Krutzen

11 maiatza, 2023 Iruzkinik ez

Asisko Urmenetak Amaiur! Libera State komiki liburua aurkeztuko du

Santa Krutz elkartean izango da maiatzaren 18an

Asisko Urmenetak idatziriko komiki eleberria Gurutze Santuaren Elkartean aurkeztuko du maiatzaren 18an. Aurkezpenari zazpietan emango zaio hasiera (19:00) eta ordubete inguruko iraupena izango du. Zizka-mizka lagungarri Asisko Urmeneta bera izango da aurkezle eta, nahi dutenek, aukera izango dute komikia -eleberri grafikoa- bertan erosteko.

Amaiurko Gaztelu elkartearen eskakizunez, denbora-lerroan, atzera egiteko ariketa proposatzen du sortzaileak bere azken obran. Amaiurko gazteluan kokatzen du kontakizuna, bertan izandako gudutik, hain justu ere, bost mende igaro direnean.

Komiki formatuan aurkeztu du Euskal Herriko historian mugarri izan zen gertakizuna. Horretarako, dokumentazio historikoa nahiz grafikoa pilatu du, baita bildutako informazio hori guztia aletu ere, era garbian eta ulerkorrean, irakurlearen esku uzteko. Modu horretan, Amaiurko gazteluaren setioaren kronologian eta horren aurrean egindako erresistentzia “epikoan” ipini du begirada sortzaile nafarrak, 1512. urtetik 1522. urtera bitartean. Hariari tira eginda, besteak beste, Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao eta Johanikot Arberoaren adierazpenak biltzen ditu istorioak.

Historia irudi bidez erretratatzea du gustuko Urmenetak; iraganeko kontakizunak jorratzen ditu bee binetetan nahiz ilustrazioetan, betiere mezu politiko batekin, zer hausnartua emateko: “Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta, orain, herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa”.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatu du ekitaldia, Aiurriren eta Peña Santa Krutz elkartearen laguntzarekin. Sarrera doakoa da.