Arantxa Urretabizkaiak irabazi du 2022ko 111 Akademiaren Saria

4 maiatza, 2023 Iruzkinik ez

Akademiakideek ‘Azken etxea’ eleberria saritu dute

Jendaurreko sari-emate ekitaldia ekainean egingo du
111 Akademiak

111 Akademiak Arantxa Urretabizkaiari (Donostia, 1947) emango dio
2022ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Urretabizkaiaren Azken etxea
eleberria izendatu dute 2022ko libururik gogokoen. 212 akademiakide ditu une
honetan 111 Akademiak, eta horietako 114k parte hartu dute 2022ko sariduna
izendatzeko 2023ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa
txandetan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa
saiakera izan du lehiakide azken bueltan.

111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du
ekaineko bigarren astean.

Azken etxea

Egileak hasieratik aurkeztu dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta
protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. Baina narrazioak
aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu
ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea
erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren
jomuga azalduz. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du idazleak, baina
horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen
maisutasunari esker.

XXVII.a

Hogeita zazpigarren edizioa du aurtengoa Euskal Herriko irakurleek ematen
duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian
Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua)
euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz.
Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

• 1996 Joxean Agirreren Elgeta
• 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak
• 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
• 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion
• 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean
• 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua
• 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua
• 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea
• 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua
• 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten
• 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak
• 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea
• 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana
• 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori
• 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak
• 2011 Harkaitz Canoren Twist
• 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene
• 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat
• 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak
• 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron
• 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua
• 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin
• 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa
• 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea
• 2020 Pello Lizarralderen Argiantza
• 2021 Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala
• 2022 Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea