Julene Azpeitiari buruzko liburua kalean da

13 urtarrila, 2022 Iruzkinik ez

Askatasun eguzkia baino beharrago du izenburu nagusi Xabier Altzibar irakasleak argitara eman duen saiakera luzea Julene Azpeitia idazle zumaiarraren bizitza eta obrari buruz. Lan horrek idazleari inoiz eskaini zaion ikuspegirik zabalena eskaintzen du. 2018an hasi zuen lana Xabier Altzibarrek Pizkunde garaiko 16 idazle gipuzkoar zigorturiko eta ahaztuen ikerketaren baitan eta 892 orrialdeko lana amaitu berri du, bere eranskin grafiko eta guzti, non aipatu ikuspegi zabal eta neurri batean ezezaguna eskaintzeaz gain bere obraren antologiaz gozatzeko aukera zabaltzen digun.

Euskal kulturgintzaren barruan Pizkunde izeneko mugimendua sortu eta bultzatu zen XX. mendearen lehen herenean, bereziki EAJren bultzada jaso zuen, eta asko izan ziren mugimendu horren baitan jardun zuten berriemaile eta idazleak Euskal Herrian barrena. Mugimendu horren baitan sartu zen Julene Azpeitia irakasle eta idazle zumaiarra eta gerra garaiko etena etorri zen arte lan oparoa egin zuen, neurri handi batean 1936ko gerrak eta gerraosteak zokoratu eta ahanzturara kondenatu zutena. Gerraostearen gogorrena igaro ondoren, bere bizitzaren azkenengo urteak bitarte berriro ere idatzi eta argitaratzeari ekin zion arren, bere obraren zati handia ez da behar bezala ezagutzen, bereziki gerra aurrekoa, eta Julene Azpeitia ezaguna dugu gehienbat bere ipuin liburuengatik.

Xabier Altzibar irakasleak Julene Azpeitiaren bizitza osoko lanaldiaren ikuspegia eskaintzen digu eta aukera ematen zuzenean aurreneko artikulu eta idazlan guztiak elkar bat eginda ezagutzeko. Ikerlana bultzatu eta argitaratu duen MLKBaren iritziz, Julene Azpeitiak uste baino eragin handiagoa izan zuen bai literaturan bai XX. mendearen lehen erdiko egintza pedagogikoetan.

Liburua laster batean aurkeztuko da jendaurrean Zumaian eta Andoainen, eta aurkezpenik egingo da aurrerago ere Durangon eta Ean, Bizkaian urte luzez jardun baitzuen Azpeitiak, itzal handia utziz bertakoen artean.

Liburua, Larramendi Bazkunaren on-line dendan eros liteke dagoeneko.