Hircocervusa eta amandrea

9 urria, 2023 Iruzkinik ez

Manuel Larramendiri buruzko azken ikerketa kalean izango da aurki

Deustuko Unibertsitateko hiru irakaslek osatu dute Hircocervusa eta amandrea izenburuko saiakera ondu duen taldea: Luzia Alberro, Josu Bijuesca eta José Antonio Marín irakasleak dira eta II. Manuel Larramendi Ikerketa Sariko akzesita irabazi zuten 2017. urtean ikerlan honi buruzko proposamenarekin.

Funtsean, ikerlan horretan, XVIII. mendeko euskal eragile nagusietako batek, Larramendik alegia, bere baitan bizituriko kontraesanak aztertu eta azalarazi dituzte, horien testuingurua osatuz eta, horren arabera, Larramendiren diskurtsoak eta obrak duen egiazko balioaren neurria eman nahian.

Larramendiren hiru kontraesan nagusiak hizkuntzaren, kulturaren eta politikaren alorretan leudeke eta horiek hiru ataletan sakonki aztertzera lerratu dira, ikerlanaren hitzaurrean idatzi duen Bakarne Altonaga irakasleak dion bezala Larramendiren pentsamendu eta obrari buruz oran arte egin den ikerketarik originalena osatuz. Jesuita andoaindarrak eraiki zuen euskal subjektuaren kontraesanen ikerketa gisa aurkezten da, baina askoz zabalagoa eta sakonagoa den emaitza eskaintzen du: Manuel Larramendi XVIII. mendeko eztabaida intelektual, erlijioso, politiko eta linguistikoetan bizitasunez parte hartu zuen pentsalari gisa ematen zaigu ezagutzera eta bere pentsamenduaren berrinterpretazio oro-hartzailea sortzen du.

Ikerlana laster aurkeztuko da Andoainen bertan eta Deustuko Unibertsitarearen Bilboko egoitzan eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren webgunean erosi ahal izango da etxean jasotzeko. Nolanahi ere, Bazkuneko kide direnek dagokien beherapenarekin jaso nahi bade (% 50), ez dute webguneko dendan erosi behar, zuzenean harrera@larramendibazkuna.eus helbidean egin behar dute eskaera.

Asko da oraindik Manuel Larramendiren bizitza eta obrari buruz ikertu eta zabaldu beharrekoa. Xede hori jarria dio Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bere buruari. Hori erdiestearren, urrats berria da Deustuko Unibertsitateko ikerlarien obra argitaratu izana; ez, ordea, azken…