Hircocervusa Deustuko Unibertsitatean

9 azaroa, 2023 Iruzkinik ez

2023-11-07

HIRCOCERVUSA ETA AMANDREA LIBURUA AURKEZTURIK

 

Azaroaren 7an, asteartearekin, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko bilera gelan, Hircocervusa eta amandrea izenburuko liburua aurkeztu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, bertan jasotzen den ikerlana burutu duen irakasleetakoa den Josu Bijuescaren eskutik. Aurkezpenean lagun izan zituen Euskal Gaien Institutuko buru den Elizabete Pérez Gaztelu irakaslea, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa eta Jon Unanue, Saiakera bildumako arduraduna. Euskal Gaien Institutuak antolatu zuen ekitaldia.

Hircocervusa eta amandrea ikerlana Deustuko Unibertsitateko irakasle diren Luzia Alberro, Josu Bijuesca eta Jose Antonio Marinek osatu dute eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak deituriko II. Manuel Larramendi Ikerketa Sariko akzesita irabazi zuen. Ikerketa horretan Manuel Larramendik bere bizitza eta obran ereindako kontraesanak azaleratu eta dagokien testuinguru historiko eta epistemologikoan kokatzen saiatu dira. Josu Bijuescak egin du ikerlanaren edukien azalpen laburra eta eskertu du hainbat irakasle eta ikerlarirengandik taldeak jasotako laguntza. Ikerlanaren emaitza ikusgarritzat jo dute Bijuescarekin batera liburu aurkeztu dutenek eta Elixabete Perezek Euskal Gaien Institutuak Larramendirekiko azken urteetan landu dituen ekimen ezberdinak azpimarratu ditu.

Ikerlanari izenburua nondik datorkion argitzen ahalegina egin du ere Bijuescak baina hori liburua irakurtzen dutenentzat utziko dugu. Jon Unanuek Deustuko Unibertsitatean entzule ziren ikasle eta irakasleei gogorarazi die andoaindarra edo hernaniarra adina behintzat bazela Larramendi bilbotarra ere, ez baita ahaztu behar bere nerabezaro osoa bertan egin zuela ikasle, 11 urtetik aurrera, Villagarcía de Camposeko nobizio-etxera joan zen arte.

Jabier Kaltzakorta euskaltzainak azpimarratu egin du ikerlanari eman zaion norabidea eta bertaratuei gogorarazi die Larramendi euskal kultura eta gizartean benetako erraldoia izan genuela eta hura epaitu aurretik ondo ezagutu behar dela hark bizi izan zuen garaia.

Azkenik, Jon Unanuek MLKBaren izenean esker ona adierazi die Euskal Gaien Institutuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, bi erakunde horiek bere bizkar hartu baitute ikerlana argitara emateko kostuaren zati handia.

Ezker-eskuin: Jabier Kaltzakorta, Josu Bijuesca, Jon Unanue eta Elixabete Perez Gaztelu