Gau beltzaren zirrara Andoainen

1 azaroa, 2023 Iruzkinik ez

2023-10-31

“Kandelak piztu, iluntasuna bizi”

Zezen suzkoak amaiera dotorea eman zion Gau Beltzari. Aurretik, Akerrak Okerrak kalejira ikusgarria izan zen. Urkiren emanaldia aurtengo berrikuntza izan da eta, aktoreen saioaren bidez, Goikoplazan elkartu zirenek jaiaren zentzua zein den barneratu zuten.

Azala eta mamia, bietatik du Andoaingo Gau Beltzak. Sua, piroteknia, mozorroa, dantza… estetika lantzeko ezinbesteko osagaiak dira. Zer da Arimen Gaua izenburupean ospatzen duguna? Goikoplazako antzezlan laburrak mamiari heldu zion. Gau Beltzaren tradizioa aspaldikoa da. Irlandan abiatu eta aldaera ezberdinak izan ditu, mundu zabalean. Gurera etorrita, Euskal Herrira etorrita, badira tradizio zaharraren aztarnak. Azala eta mamia, biak laburbildu zituzten antzezlanaren amaiera aldera: “Zuek, nor nahi duzue sentitu? Itxi begiak eta pentsatu! Arimak ezin ditugu ikusi, baina gure artean daudela sentituko dugu. Haizea ez dugu ikusten, baina gure masailak laztantzen ditu. Tristura ez dugu ikusten, baina bihotzean mina sentitzen dugu. Poza ez dugu ikusten, baina kilimak sentitzen ditugu sabelean. Joandakoak pozez eta maitasunez gogoratu, gau honetan beraiek gu ikusiko baikaituzte eta guk haiek sentitu. Guri dagokigu galdutakoa berreskuratu eta segida ematea. Aukera gure esku dago! Ez dakigu jaio aurretik non gauden, ezta hil ondoren nora joango garen; bizitza honetan garrantzitsuena bizitzea da, beraz, gaur eta orain,… kalabazak hustu, kandelak piztu, beldurra eragin eta iluntasuna bizi! Eguna egunekoentzat, gaua gauekoentzat…!”.

Lankide askoren laguntzari esker

Arimen Gaua, Gau Beltza, misteriotsua izan ohi da. Andoaingo bigarren edizioa borobila izan zen. Arrakastak, ordea, misteriotik gutxi du. Sekretu bakarra dago: lana. Lankide askoren laguntzari esker atera da aurrera Andoaingo ospakizuna.

Txokolatea berotzen eta zerbitzatzen, bide-segurtasuna bermatzen, beldurraren pasabidea prestatzen eta ilarak zaintzen, taloak prestatzen eta zerbitzatzen, edariak banatzen, dantzari talde handia bideratzen, antzezlana prestatzen, Lebiton zezen suzkoa ateratzen… lana gogotik egin duten dozenaka lagunei, eskerrik asko. Ezinbestekoak izan dira.

Errigorako saskiaren irabazlea

Iker Telletxea (29,500), Eugenio Usarralde (29,460) eta Arkaitz Lasa (29,400) gerturatu ziren gehien, kalabaza tripontziaren pisu zehatzera. 29,700 kiloko pisua zuen, Aiurriko kide batek pisatu zuena. Hark bakarrik zekien pisu zehatza. Ikusmina piztu zuen jolasak, ia ehun lagunek parte hartu zutelako. Eskerrik asko, ahaztu gabe, Azpillaga baserriko lagunei! 2024an errepikatuko dugu.

Ikuslegoak ikusi ez zuena: Gau Beltzaren prestaketa lanak

Batzarraldi aretoak ez ohiko itxura hartu zuen, astearte arratsaldean. Dozenaka haur eta guraso, Urki dantza taldearen eskutik, batzarraldi aretoan elkartu ziren. Aurpegiak margotu eta ikuskizunerako azken prestaketak egin zituzten. Txikienek Karmen Rodriguezen zehaztapenak adi-adi entzun zituzten. “Akerrak Okerrak” kale ikuskizuneko partaideak Udaletxearen barrualdean mozorrotu ziren. Aurpegiak margotzen harrapatu genituen. Denbora tarte txikian, dozenaka lagunen aurpegiak margotu zituzten hainbat gurasok. Kotoi elkartean arratsaldean hasi ziren frejitze lanetan. Txistorra, hirugiharra, gazta eta txokolatea. Lau talo zeuden, aukeran. Eguerdian hasita, Irunberri elkarteak eraldaketa handia bizi izan zuen. Elkartea eta taberna, biak ala biak, “Beldurraren pasabide” bilakatu ziren. Minutu asko falta zirela, dozenaka haur eta gaztetxo ilaran zain ziren. Argazkia ateratzera joan ginenean, entsegu lanetan ari ziren. Batzokia elkartean, bazkalostean hasi ziren txokolate beroaren prestaketa lanetan eta horretan harrapatu genituen, ondoren Goikoplazara lapiko handiak atera aurretik andoaindarrei ehundaka ano txokolate banatzeko bere bizkotxo txikia eta guzti. Irunberriko gaztain beroak ere iritsi ziren Batzokia elkartera. Denera, bostehundik gora txokolate edalontzi prestatu zituzten, Batzokian. Iazko kopurua biderkatu zen, ia. Litro gehiago, baina baita ere lan gehiago prestatzen, eta zerbitzatzen.

Gau beltzako zezensuzkoa

Zein pisu demontre ote du kubi honek?

Ixiar Orejak jarri zuen Errigorako jangaien saria