“Mujeres de barro, infancias de cristal” liburuaren aurkezpena

Orain hamar urte argitaratutakoaren itzulpena

“MUJERES DE BARRO, INFANCIAS DE CRISTAL” LIBURUAREN AURKEZPENA

Martxoaren 12an, ostiralarekin, Donostiako TABAKALERAko Kutxa Kultur Plazan (4. Solairuan) Eva García Magriñá ikerlariaren, “Mujeres de barro, infancias de cristal” izenburuko liburuaren aurkezpena izango da arratsaldeko sei eta erdietan hasita (18:30). “Mujeres de barro, infancias de cristal, Fraisoro 1903-1984, La Casa-Cuna Central de Expósitos de Guipúzcoa” da liburuaren izenburu osoa eta orain hamar urte MLKBak argitara eman zuen Fraisoroko amak, Fraisoroko haurrak liburuaren itzulpena da, atal batzuetan egileak osatu duena azken hamar urteetan.

Izan ere, hamar urte hauetan ia etenik gabe egin zaio eskaera Manuel Larramendi Kultur Bazkunari liburua gazteleraz ere argitara zezan, Gipuzkoatik bertatik eta, baita, atzerritik ere. Era berean, ugari izan da Eva Garcíarekin harremanetan jarri den jendea, Fraisorori buruzko eta bertan euren senitartekoek izandako bizipenen berri izan edo emateko. Azkenik, MLKBak gaztelerazko argitalpenarekin aurrera egitea erabaki du eta, era berean, egileak bere ikerlana zabaldu eta aberasteko aukera baliatu du.

Beraz, martxoaren 12an aurkeztuko dena, funtsean, Eva Garcíak 2011n argitaraturiko liburuaren itzulpena da, atal berri batekin eta beste hainbatetan osatuta. Izan ere, 2011ko jatorrizko argitalpena agortuta dago jadanik.

Madres de barro, infancias de cristal liburuak Zizurkilen kokaturiko Fraisoroko eraikinean Gipuzkoako Foru Aldundiak 1903tik 1985era bitartean izan zuen haur- eta ama-etxearen historiaren berri zehatza ematen digu, hala erakundea sortzeko arrazoiei eta kronologiari dagokionez nola bertan hartuak izan ziren haurren eta amen bizipenei dagokienez ere, erakundearen bilakaera osoa azalduz, utzitako haurrak edo erditzekotan ziren amak bertan hartzeko jardunbidea, ondoren erakundeak batzuekiko zein besteekiko zuen jokabidea, familietan hartutako haurren bizipenak, bertan jardun zuten mediku, ikuskatzaile eta Karitateko lekaimeen berri… horiek eta gehiago azalduz. Erakundearen nondik norako guztiak ezagutzeko lan sakona, agiriez ondo bermatua eta Fraisoron “artatzen” zen arazo larriaren ikuspegi osoa azaltzen duena.

Lanaren oinarrian dagoen ikerketari 2007.urtean eman zion hasiera Eva Garcíak eta, esan bezala, liburua euskaraz 2011n argitaratu zen arren, geroztik gaiaren gainean ikertzen jarraitu du.

“Mujeres de barro, infancias de cristal” liburua www.larramendibazkuna.eus webguneko on-line dendan eros liteke; hori du zabalkunde bide nagusia. Nolanahi ere, ondoko liburudendetan ere salgai izango da: Hontza eta Donosti (Donostian); Ernaitza, Delgado eta Stop (Andoain); Basajaun (Amasa-Villabona) eta Iturain (Orio).

Covid19aren segurtasun neurriak direla-eta, Kutxa Kultur Plazako betelekuak 50 baino ez dira eta DAGOENEKO BETETA DAUDE, eta itxarote zerrenda ere bada. Nolanahi ere, aipatu itxarote zerrendan izena eman nahi duenak liburuaren aurkezpenera bertaratzeko idatz dezake harrera@larramendibazkuna.eus helbidera eta bertan jarri bere izen-deiturak eta herria, mugikorreko zenbakiaz gain. Covid19 izurritearen egoera aldakorra dela-eta itxarote zerrenda mugitzen baldin bada, izena emandakoei zuzenean jakinaraziko zaie.