Patxi Baztarrikak erretiroa hartu du Andoaingo Udalean
1980. urtean hasi zen lanean Andoaingo Udalean, lehenengo udal demokratikoko buru zen Jose Antonio Pérez Gabarainekin eta ia 41 urtez Andoaingo Udaleko euskara teknikari izan da, aitzindarietakoa, bultzada handia eman diona bere ibilbidean euskarari buruzko araugintzari eta hizkuntza normalizatzeko plangintzei.
41 urtez ez da, ordea,huts-hutsik euskara tenikari gisa aritu Patxi Baztarrika. Politikagintzan bide luzea egin du baita ere eta bide horrek eraman zuen lehenik Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteburu izatera Roman Suduperen garaian, Donostiako Udaleko zinegotzi EAJ alderdiaren zerrendetan eta, batez ere, bi agintalditan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzara (2005-2009 eta 2012-2016). Beraz, profesionalki zein politikaren alorrean euskararekin eta hizkuntza politikarekin oso lotuta egin ditu urte horiek guztiak. Hain zuzen ere, hizkuntza politikari eskainitako hamaika lan eta artikuluen artean bi liburu nabarmen ditzakegu hemen: Babeli gorazarre izenburukoa (Irun, 2009) eta Euskararen bizia (Andoain, 2020), zeinetan euskararen, hizkuntza politikaren eta hizkuntzen arteko liskarrei dagokien hainbat alderdi trebetasun handiz aztertzen duen.
Soilik Andoaingo Udaleko jardunera mugatuz, bere ekimenak Euskara Zerbitzuan hainbat egitasmo aitzindari abiarazi eta gorpuztu du, horietako batzuk Euskal Herri mailako eredu bihurtuz: 1/88 udal ordenantza euskararen araugintzari dagokionez edo Udalarekin harremana euskara hutsez nahi duten herritarren zentzua dira bi, lehenetarikoak eta, agian, aipagarrienak. Herriaz gaineko irismena hartu duen ekimen aipagarria Rikardo Arregi Kazetaritza Saria da, zeina aurten 33. ediziora iritsi den. Hain zuzen ere, bere azken laneguna 33. edizio hori arautuko duten oinarrien aurkezpena egiten eman du, Donostian, Alex Huitzi eta Estaibalitz Alkortarekin batera.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunarekin ere harreman handia izan du eta aipatzekoa da berak Bazkunari proposaturiko Atzoko Andoain eta andoaindarrak ekimena, Jone Larrañagak zuzenduta hainbesteko oihartzuna izan zuena herrian.
Lerro hauetatik Manuel Larramendi Kultur Bazkunak zinez eskertzen dio egindako lana eta orain arteko kemena opa dio ziur alde batera utziko ez duen euskararen aldeko jardunean jarraitzeko.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Patxi Baztarrikak erretiroa hartu du Andoaingo Udalean"