Pello Lizarraldek 2020ko 111 Akademiaren Saria jaso zuen atzo Amasako Hika txakolindegian
111 Akademiaren Sariaren hautaketaren atzean dauden irakurleak izan zituen gogoan Pello Lizarraldek 2020ko saria jaso osteko hitzartzean. “Kazetariei askotan gustatzen zaie galdetzea, niri behintzat noiz edo noiz galdetu izan didate, zer irakurle mota dudan buruan idazten dudan bitartean, edo zein publiko mota dudala uste dudan. Eta nik ez dut erantzunik, nik ez baitizkiot sekula egin nire buruari horrelako galderak. Baina gauza bat garbi daukat, eta zera da: nik ez dakit benetan zer idatzi dudan harik eta nik idatzi dudan hori irakurle batek irakurri arte. Hori oso garbi dago eta horrekin aski dela uste dut. Horregatik, nik izugarri pozik hartuko nituzke banan-banan Akademia honetan Argiantzaren alde bozkatu dutenak eta bozkatu ez dutenak, eta haiekin solasaldi bat izan nahiko nuke jakitearren zer iritzi duten. Baina iruditzen zait hori askotxo eskatzea litzatekeela, eta niri gaur dagokidana zuei eskerrak ematea da. Mila esker”.
Amasa-Villabonako Hika txakolindegian ospatutako ekitaldian jaso zuen Pello Lizarraldek ekainaren 10ean 2020ko 111 Akademiaren Saria. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak osatu zuten ordezkaritza instituzionala. Ane Jalon Zatarainentzat Larramendi Bazkuneko lehendakari gisa parte hartu zuen lehen ekitaldia izan zen. Eta harekin batera Bazkunako zuzendaritza berriko hainbat kide hurbildu ziren. Besteak beste, Joxin Azkue, Mila Iztueta, Aitor Amutxastegi, Arantxa Urkizu, Rosa Elosegi edota orain gutxi arte lehendakari lanetan aritu zen Ariane Obineta.
Ane Jalonek aurkezpena egin eta gero, Jon Unanue 111 Akademiako buruak liburu sarituaren merezimenduak irakurri zituen, eta Unanuek berak eta Garazi Kamiok liburuaren pasarte batzuk irakurri zituzten Don Inorrez taldearen doinupean. Imanol Ubeda eta taldekideena izan zen sari banaketa ekitaldiko soinu banda. Hiru kantu eskaini zituzten, hirurak Pello Lizarraldek idatzitakoak. Antolatzaileek oso kontutan hartu zuten idazlearen eta musika taldearen arteko sintonia ona.
Euskal Herri osotik hurbildutako akademiakideekin batera Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Lizarralderen eleberrien azalen egilea, Patxi Larrion idazlea eta Imanol Rayo zinema zuzendaria egon ziren gonbidatuen artean. Argiantza eleberria argitara eman zuen Erein argitaletxearen izenean, Inazio Mujika Iraola eta IƱaki Aldekoa hurbildu ziren Amasako ekitaldira.
Amasa utzi aurretik, bertaratutako gehienek Roberto Ruiz chef-ak prestatutako zizka-mizkez gozatzeko aukera izan zuten. Giro ederrean amaitu zen ekitaldia, mahastien artean, eguzkia ezkutatu zen arte.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Pello Lizarraldek 2020ko 111 Akademiaren Saria jaso zuen atzo Amasako Hika txakolindegian"