Atzoko Andoain eta andoaindarrak

1998-2000

Atzoko Andoain 0 zbk

Sorburua 1996. urteko Ahoz ahoz, belaunez belaun erakusketarako antolatu ziren hitzaldi batzuetan izan zuen arren, 1998. urtera arte Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ez zuen aukerarik izan Atzoko Andoain eta andoaindarrak izeneko argitalpen hau plazaratzeko, lehenik bertan jasotzen diren elkarrizketak antolatuz eta, ondoren, ahoz esandakoak paperera ekarriz. 1998-2000 urte bitartean izan zen hori; Patxi Baztarrikaren proposamenari erantzunez MLKBak orduan jada adinean oso aurrera zihoazen herritar batzuk elkartu eta oroimena astinarazi zien, txikitako, gaztetako eta helduaroko bizipen hainbat ahozko lekukotasunetan jasotzeko, horien bidez Andoainen garai batean –XX. mendearen lehen erdian– bertako bizimodua nolakoa zen argi eta garbi azaltzeko asmoz.

Andoaindar koadrila zabala elkartu genuen, 1920 eta 1930eko hamarkadetan jaiotakoak gehienak, eta haiekin luze egin genuen solas euren bizitzako aldi, gai eta bizipen ezberdinetaz, mende hasierako andoaindarrak nola bizi ziren ezagutzera emanez: eskolako bizimodua, elizkizunak eta erlijioa, lana, jaiak, kirola… Gai ezberdinen gainean elkarrizketa luzeak eduki genituen lagunarte honetako kideekin eta lekukotasun horiek guztiak argitalpen batean aletu genituen, gaika antolatuta. Emaitza, 18 zenbakietan eman genuen, hilaren azkenean, igandeko egunkariekin batera banatzen genuen Atzoko Andoain eta andoaindarrak izeneko hilabetekarian (0-17 zenbakiak).

Dagoeneko haietako andoaindar asko ez dago gure artean, baina haien lekukotasun indartsuak, haiek hitzez idatzitako historia argitalpen bizi, atsegin eta egiati horretan gelditu dira, ondorengo belaunaldi guztientzat jakingarri.

Hemezortzi zenbaki horietan andoaindar horiek bizituriko “historia” ezagutuko duzu, Jone Larrañaga kazetari andoaindarrak egindako elkarrizketen emaitza. Ondokoak dira, argitalpeneko elkarrizketetan parte hartu zuten andoaindarrak:

  • Joxe Eizmendi Jauregi
  • Bixente Olano Otegi
  • Miren Zarraga Pagola
  • Loren Navarro Hombrados
  • Josepa Ormaetxea Mujika
  • Mikela Ansa Goenaga
  • Mª Esther Arrieta Lizarribar
  • Iñaki Arregi Moraza
  • Jose Mari Olazabal Iñurrita
  • Imanol Egibar Juanena
  • Jose Mari Amutxastegi Aranzabal
  • Roke Ansa Goenaga
  • Migel Amas Egibar
  • Jose Manuel Erkizia Uria
  • Bixente Huizi Zuñiga
  • Patxi Irizar Zarautz

Zuzendaria:

Jone Larrañaga Rodríguez

Gainerako xehetasun teknikoak argitalpenaren hasierako fitxa teknikoan ikusiko dituzu.