Garagorrienea azaroaren 6an aurkeztuko zaie bazkideei
Euskalgintzaren eta Larramendiren inguruko egitasmoa
Azaroaren 6an ipini die hitzordua bere bazkideei Larramendi Bazkunak Bastero Kulturgunera bertaratu eta ezagut dezaten azken bi urteetan landutako Garagorrienea egitasmoa, erabaki egin behar baitu Bazkunak egitasmo horrekin aurrera joko ote duen ala ez eta, horrenbestez, Andoaingo Udalari babesa eta lankidetza eskatuko ote dion. Azaroaren 6an, larunbatarekin, goizeko hamar eta erdietan hasiko da azalpen saioa, Jon Unanueren eskutik, eta behin azalpena amaituta nahi beste galdera egin eta zalantza argitu ahal izango dute bazkideek. Bilera, Basteroko Ekitaldi Aretoan izango da.
Garagorrienea egitasmoa Andoainen sortu baina Euskal Herri osoari begiratu nahi dion egitasmoa da. Larramendi Euskal Herri mailako eta nazioarteko aitzindari historikoa da, euskalgintza sortu zuena, eta hark idatzitako obra, Unanueren iritziz, Euskal Herriaren altxor nagusietakoa. Eta hori argi eta ozen esan behar zaio Euskal Herri osoari eta munduari, eta baztertu eta zokoratu behingoagatik Larramendiren gainean azken ehun urteetan esan den hainbat astakeria eta zabaldu den hainbat aurreiritzi. “Hori egin ezean -dio Unanuek- ez dugu inoiz berdinduko Larramendirekin dugun zor handia. Horren premia handia du, uste duguna baino handiagoa, gure euskaldun kontzientziak”.
Garagorrienea ez da, ordea, hutsik atzera eta soilik Larramendiri begira osatu nahi den egitasmoa. Ez luke mausoleo izan nahi, arrago eta sumendi baizik. Aurrera begira oraindik orain asko dira ekinez egin behar diren ezinak eta horretara lerratuko da. Esate baterako, belaunaldi gazteenen komunikazio beharrak asetuko bide dituen ekimena da Izarrartera! izenekoa, eta kulturgintzan eta sorkuntzan bada beste hainbat, guztiak hurrengo bederatzi urteetan martxan jarri beharrekoak. Izan ere, Garagorrieneak bere lehenengo aldian oso bereziki begiratuko lioke Larramendi eta bere altxorrari, 2029an beteko baita El imposible vencido euskararen lehenengo gramatika argitaratu zeneko hirugarren mendeurrena (Salamanca, 1729), eta urtebete lehenago, 2028an, De la antiguedad... bere apologiarena.
Egitasmo handia, MLKBak bakarrik bere eskutik gauzatu ezin duena inolaz ere eta Andoaini dagokion tokia emango diona euskalgintzaren eta euskal kulturaren agertokian. Eta tokiaz eta kokapenez ari garenez, Garagorrieneak bere egoitza Izturitzaga jauregian nahi luke izan, bertan ezagutzera emanez, besteak beste, Larramendiren, euskararen eta euskalgintzaren altxor guztiak, izturitzagatarren berri ematearekin batera…
Garrantzi handiko hitzordua, bada, Larramendi Bazkuneko kideentzat.
- Azaroak 6, larunbatarekin, 10:30
- Bastero Kulturguneko Ekitaldi Aretoa
Iruzkinik ez "Garagorrienea azaroaren 6an aurkeztuko zaie bazkideei"