Martin Ugalderen mendeurrena
Egitarau oparoa prestatu du Bazkunak
Aurtengo azaroaren 11n, San Martin egunean, 100 urte beteko dira Andoaingo Basteron Martin Ugalde Orradre jaio zenetik. Hainbat ekitaldi antolatu dira urtean zehar Andoainen eta Andoaindik kanpo, guztiak ere Martinen bizitza eta egintzaren berri emateko euskal herritargoari. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ere egitarau proposamena aurkeztu dio Andoaingo Udalari, aurten hasi eta datozen hiru urteetan, 2024ra bitarte, hainbat ekimen burutzeko, guztiak ere helburu bakarra dutena: Martin Ugalderen obra ezagutzera ematea euskal irakurleari.
Ugaldek bere obraren zati handia gazteleraz idatzi zuen, lehenik Venezuelan eta ondoren Euskal Herrian; baina Venezuelan bertan zela euskaraz idazteari heldu zion gogotik eta baita argitaratzeari ere. Euskarazko ipuingintza modernoaren aitzindari, altxorra da Ugaldek utzitako literatur bilduma. Larramendi Bazkunak Andoaingo Udalari aurkeztu dion egitarauaren xede berezia obra hori irakurleengana iristaraztea da eta, horretarako, hainbat ekimen proposatu du:
- Martin Ugalderen antzezlanetako bat taularatzea.
- Hiltzaileak obraren podcast-a argitaratzea.
- 111 aldizkariaren zenbaki monografikoa argitaratzea abendua baino lehen 111 Akademiarekin batera.
- Martin Ugalde izeneko liburu bilduman bere euskarazko obra osoa berrargitaratzea eta argitaratu gabe utzi zituen obrak plazara eramatea.
Jakina, lau ekimen horiek ezingo dira mendeurrenaren urte honetan gauzatu; asko jota podcasta eta 111 aldizkariaren zenbaki monografikoa egingo lirateke aurten. Taularatu nahi den antzezlanari dagokionez, egitaraua onartuz gero, hori landu eta ekoizteko urtebeteko epea eman dio bere buruari Bazkunak. Azkenik, Ugaldek argitara gabeko obrak kaleratu eta euskarazkoak berrargitaratzeko 2024. urtera arteko epea jo du zuhurren, azpimarratuz, argitaragabeen artean bere gutuneria osoa dagoela, benetako harribitxia.
Orain Udalari dagokio egitarau horren gaineko iritzia azaldu eta, aldekoa balitz, ekonomikoki bideragarri ote zaion adieraztea. Sortzaile bati egin dakiokeen omenaldirik egiazkoena bere obra ezagutzera ematea delakoan jarri du egitaraua mahai gainean Larramendi Bazkunak, Martin Ugalde ohorezko lehendakari izan zuenari hori eta gehiago zor zaiolakoan.
Facebooken partekatu Twitterren partekatu Pinteresten partekatu
Iruzkinik ez "Martin Ugalderen mendeurrena"