Iritsi da Hircocervusa Andoainera!

16 azaroa, 2023 Iruzkinik ez

2023-11-15

HIRCOCERVUSA ETA AMANDREA LIBURUA AURKEZTU ANDOAINEN

Azaroaren 15ean, asteazkenarekin, aurkeztu da Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan Hircocervusa eta amandrea izenburuko liburua, Deustuko Unibertsitateko irakasle diren Luzia Alberro, Josu Bijuesca eta Jose Antonio Marinek osatu eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak deituriko II. Manuel Larramendi Ikerketa Sariko akzesita irabazi zuena. Ikerketa horretan Manuel Larramendik bere bizitza eta obran ereindako kontraesanak azaleratu eta dagokien testuinguru historiko eta epistemologikoan kokatzen saiatu dira. Josu Bijuescak egin du ikerlanaren edukien azalpen laburra eta eskertu du hainbat irakasle eta ikerlarirengandik taldeak jasotako laguntza, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak emandakoa eta, baita ere, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak uneoro eskainitako babesa.

Ane Jalon lehendakariak hartu du lehenik hitza eta adierazi du: Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2017an deituriko bigarren Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren akzesita irabazi zuen gaur aurkezten dugun ikerlan honek eta gogo handia genuen esku artean edukitzeko. Era berean jakinmin izugarriz begiratzen diegu liburuko lerroei, Manuel Larramendiren ustezko eta egiazko kontraesanak argitzeko ikertzaile taldeak bere buruari jartzen dion erronka ezagutu nahi baitugu. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren lehendakari naizen aldetik ezinbestekotzat jotzen ditut HIRCOCERVUSA ETA AMANDREA bezalako lanak; gure hizkuntzaren aberastasunari distira ematen dioten ikerketak dira, era berean gure historiari gaurkotasun bizia eskaintzen diotenak.

Bere aldetik Jon Unanuek adierazi du gauza asko izan genuela Larramendi baina, zoritxarrez, gaur ezer gutxi dela. Eta jarraitu du: Deustuko aurkezpenean Jabier Kaltzakorta euskaltzainak Larramendi erraldoiaz hitz egin zuen. Halaxe izan zen, erraldoia, baina azken ehun urteetan begirunerik gabe lurperatu duguna, ahaztuz orain ia 300 urte hasi genuela gure borroka euskaldunok bere eskutik euskarak guztiz jantzi gintzan eta egin genitzan euskal kultura eta euskal nortasuna gure bizitzaren gontz eta ardatz. Horrenbestez, gure ahaleginak behar du gure aitzindariaren bideari berriro heltzea, bere eredua zabaltzea, gure ekimena berearen handitasunaz eta kontzientziaz janztea, Euskal Herriari eta mundu osoko jendarteari adieraztea orain ia 300 urte aurkeztu genuela gure hizkuntza zibilizazioen agertokian.

Azkenik, Jon Unanuek MLKBaren izenean esker ona adierazi die Euskal Gaien Institutuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, bi erakunde horiek bere bizkar hartu baitute ikerlana argitara emateko kostuaren zati handia. Esker ona adierazi dio ere Andoaingo Udalari beti eskaini izan dion babes eta laguntzagatik.

Hiru egileak izan ziren ekitaldian baina Josu Bijuescari egokitu zitzaion lanaren aurkezpena egitea. Irakasleak, lehenengoz eta behin, hainbat lagunekiko eta erakunderekiko esker ona adierazi zuen eta jarraian bi alderdi azaldu zituen: batetik, liburuaren izenburuaren zergatia adierazi zuen; alegia, nondik datorren hircocervusaren aipamena eta nondik amandrearena -baina horretarako liburua irakurri beharko duzu- eta, bestetik, ikerlanak landu dituen Larramendiren ustezko kontraesanezko hiru alorrak azaldu zituen: lehenik, euskarari dagozkion kontraesanak, funtsean gaztelaniaren erabilera euskara defendatzeko; ondoren, eliteko kulturaren baliabideak herri kulturaren osagai hautatuak goratzeko eta, azkenik, foruzaletasunari dagozkionak, hots, bere pentsamendu politikoan utzitakoak. Bijuescak hiru kontraesan mota horien ezaugarriak luze aztertu zituen, haien testuingurua azalduz. Bijuescak azpimarratu zuen egin den azterketa eta hausnarketa lana kritikoa izan dela, objektiboa, baina Larramendiren emaitzak sortzen duen mirespenetik abiarazia. Entzuleen artetik egindako galderari erantzunez, Bijuescak azaldu zuen ikerlana egin aurretik Larramendiz zuen ikuspegia ez dela, jakina, oraingoa; ikerlanak asko aberastu duela iragango ikuspegia, hainbat iturri berri ezaguteko aukera izan baitute, jakintza-gaien arteko kontrastea egiteko aukera, etab.

Aurkezpena amaiturik, bertan eskuratu ahal izan dute andoaindarrek liburua, salneurri erdian.

Ezker-eskuin: Josu Bijuesca, Luzia Alberro eta José Antonio Marín irakasleak Deustun

Bazkunaren dendan eros liteke liburua

Jon Unanuek eman zuen argitalpenaren hainbat berri