Albistea

Pello Lizarraldek irabazi du 2020ko 111 Akademiaren Saria

29 apirila, 2021 Iruzkin 1

Akademiakideek ‘Argiantza’ eleberria saritu dute. Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak, ekainaren 10ean

111 Akademiak Pello Lizarralderi (Zumarraga, 1956) emango dio 2020ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Lizarralderen Argiantza eleberria izendatu dute 2020ko libururik gogokoen. 202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietak 117k parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko 2021eko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak ekainaren 10ean. Edonola ere, osasun-egoeraren bilakaera ikusi ahala hartuko dituzte antolatzaileek ekitaldiaren inguruko erabakiak.

Argiantza
Mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaion adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiarazten dizkio egileak irakurleari. Literatura ale bikaina da Lizarraldek osatu duena. Obraren laburpena irakurri ondoren ez dirudi irakurlea inora eramango duenik, baina bere idazkeraz lantzen duen poetika bikaina da, deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen du irakurlea eta bertan egoteraino lekualdatzen. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da.

XXV.a
Mende laurdena bete du aurten Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz. Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizio hura Elgeta obrarekin, eta gutxi falta izan zaio idazle azpeitiarrari 25. urteurrenean berriz ere saridun izateko; esan bezala, ordea, Pello Lizarralderen aldeko hautua egin dute azkenean akademiakideek.

Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:
1996 Joxean Agirreren Elgeta

  • 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak
  • 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
  • 1999 Lourdes OƱederraren Eta emakumeari sugeak esan zion
  • 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean
  • 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua
  • 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua
  • 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea
  • 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua
  • 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten
  • 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak
  • 2007 Jokin MuƱozen Antzararen bidea
  • 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana
  • 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori
  • 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak
  • 2011 Harkaitz Canoren Twist
  • 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene
  • 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat
  • 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak
  • 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron
  • 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua
  • 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin
  • 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa
  • 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea
  • 2020 Pello Lizarralderen Argiantza


Iruzkin 1 "Pello Lizarraldek irabazi du 2020ko 111 Akademiaren Saria"

  1. Jon
    29 apirila, 2021 Erantzun

    Zinez liburu bikaina Lizarraldek idatzi duena; gezurra dirudi hain gauza gutxi kontatuz hain narrazio ederra egin litekeenik...


Zure iritzia partekatu nahi duzu?

Zure eposta ez da argitaratuko. Derrigorrezko eremuak * bidez markatuta daude

Utzi erantzuna Jon(r)i Utzi