Lumane

(Argitalpena)
2004-2006

Amasa-Villabonan Lumane aldizkaria sortzeko pizgarria Andoainen urte batzuk lehenago Manuel Larramendi Kultur Bazkunak argitara emandako Atzoko Andoain eta andoaindarrak aldizkarian izan genuen. Andoainen argitalpen hark izandako arrakasta ikusita eta Amasa-Villabona herriak antzeko ezaugarri ugari zuenez, ekimena martxan jartzea erabaki baikenuen. Helburua bera zen, 2004an jada adinean oso aurrera zihoazen herritar batzuk elkartu eta oroimena astinaraztea, txikitako, gaztetako eta helduaroko bizipen hainbat ahozko lekukotasunetan jasotzeko, horien bidez Amasa eta Villabonan garai batean –XX. mendearen lehen erdian–, bertako bizimodua nolakoa zen argi eta garbi azalduz.

Amasar eta billabonatar koadrila zabala elkartu genuen, 1920 eta 1930eko hamarkadetan jaiotakoak gehienak, eta haiekin luze egin genuen solas euren bizitzako aldi, gai eta bizipen ezberdinetaz, mende hasierako amasarrak eta villabonatarrak nola bizi ziren ezagutzera emanez: eskolako bizimodua, elizkizunak eta erlijioa, lana, jaiak, kirola… Gai ezberdinen gainean elkarrizketa luzeak eduki genituen lagunarte honetako kideekin eta lekukotasun horiek guztiak argitalpen batean aletu genituen, gaika antolatuta. Emaitza, 21 zenbakitan eman genuen, hilaren azkenean, igandeko egunkariekin batera banatzen genuen Lumane izeneko hilabetekarian (0-20 zenbakiak).

Lumane izena jarri genion argitalpenari Lumane izeneko baserria zelako Amasa eta Villabona herrien arteko muga egiten zuena kale aldean, gaur egun desagertua, baina herritar askorentzat erreferentzia izan zena urte askoan, herriaren historian txertatuz.

Dagoeneko haietako amasar eta billabonatar asko ez dago gure artean, baina haien lekukotasun indartsuak, haiek hitzez idatzitako historia argitalpen bizi, atsegin eta egiati horretan gelditu dira, ondorengo belaunaldi guztientzat jakingarri.
Hogeita bat zenbaki horietan herritar horiek bizituriko “historia” ezagutuko duzu, Ainhoa Arotzena kazetari billabonatarrak egindako elkarrizketen emaitza. Ondokoak dira, argitalpeneko elkarrizketetan parte hartu zuten amasar eta billabonatarrak:

  • Maria Luisa Zalakain Odriozola
  • Encarna Yarza Zendoia
  • Joxe Ugartemendia Tolosa
  • Anjelito Ugarte Jauregi
  • Maritxu Mendizabal Zendoia
  • Migel Lertxundi Subinas
  • Martin Laskurain Idigoras
  • Pepita Lasa Morotegi
  • Pakita Lasa Irastortza
  • Pello Iribar Perurena
  • Maritxu Gonzalez Odriozola
  • Roberto Garate Elola, “Amallu”
  • Pako Etxenike Etxeberria
  • Anjel Egiño Lasaga
  • Isabel Beraza Iguaran
  • Jabier Berasaluze Zaldua
  • Pedro Arratibel Epelde

Zuzendaria:

Ainhoa Arotzena Gabirondo

Gainerako xehetasun teknikoak argitalpenaren hasierako fitxa teknikoan ikusiko dituzu.